Goi larreak gaur irekiko dituzte ganaduarentzat, aurten jairik gabe
Aralarko belardi mankomunatuen irekierako Larraizko festa ez da ospatuko gaur, Covid-19 krisiagatik. Ganaduri jarri beharreko txerto batek ika-mikak eragin ditu
Elur oso gutxiko negua atzean utzita, eta goi mendietako larreei arnasberritzeko hilabete batzuetako atsedena eman ondoren, larretoki komunen denboraldia gaur hasiko da, Goierrin. Enirio-Aralar Mankomunitateko lurretan dauden belardiak izango dira garrantzitsuenak aurten ere, bai hedaduragatik, bai hartuko duten buru kopuruagatik 22.400 bururen neurria aholkatzen du Larreen Ordeenantzak, ganadu larri bakoitzak 10 ardiren karga ekologikoa duela kontuan hartuta.
Ezohiko egoera izango da larratze sasoiaren hasieran ere, koronabirusaren egoerak behartuta. Maiatzaren lehenean Larraitzen 1998tik egin ohi den irekiera-festa ezeztatu dute, esate baterako. Zamaoko langaren inguruan ez da jenderik, ikuslerik eta erromeriazalerik pilatuko. Ganaduzaleek eta artzainek libre dute buruak eta artaldeak mendira igotzeko, behin Enirio-Aralar Mankomunitatearen baimena jasotakoan.
Larreak maiatzaren 1etik 2021ko urtarrilaren 31ra erabili ahalko dira, nahiz eta abere gehienak udazkenean jaisten dituzten, negua iritsi aurretik. 130 abeltzainek egin dute eskaera Mankomunitateko larreetara ganadua igotzeko: 37 artzainek, mendian txabola dutenak; 35 behizalek eta 58 behorzalek.
Denera, aurten 17.311 ardi, 985 behi eta 862 behor igoko dituzte, beti ere egindako eskaeren arabera», azaldu du Mankomunitateak, prentsa ohar batean. Ganadu larriaren karga ekologikoa kalkulatuta, 35.781 bururen parekoa da ganaduaren zama.
IBR txertoagatik ika-mika
Larre garaiaren atarian, polemika piztu duena IBR gaitzari aurre egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiak nahitaezkotzat jarri duen txertoa izan da, behiei eman beharrekoa. Behitegi esplotazioei «diru karga gehigarri garrantzitsua» suposatuko diela salatu du EHNE nekezari elkarteak. Programaren zati bat finantzatzeko eskatu dio aldundiari.
Tratamendu kanpaina berandu egin izana ere deitoratu dute, osasun larrialdi eta alarma egoeran, «behar bezala egiteko» astirik ez dutelako. Espainiako Gobernuak 2019ko irailean ezarri zituen behien errinotrakeitis kutsagarria saihesteko, kontrolatzeko eta ezabatzeko oinarriak, eta aldundiak apirilaren azkenera aurkeztu zuen programa. Ganaduaren osasuna hobetzeko neurriak beharrezko ikusi arren, tardantza kritikatu du EHNEk, eta IBR gaitzaren eragina Gipuzkoan «oso txikia» dela gehitu du.
Osasun gidagatik kritika
Mankomunitateak ganaduzaleei bidali dien gutun batean, bestetik, «igo nahi dituen buru guztien osasun gida» eskatu zien, apirilean. Baimenak bideratzea erabaki du, «larreak irekitzeko eguna gainean» delako eta larrialdi egoeran igotzeko aukera emateko. Neurri horrek ere kritika eragin du Mankomunitateko batzarrean ordezkari diren Abaltzisketako, Altzagako, Aramako, Beasaingo eta Lazkaoko ordezkariengan.
«Larreen irekierarako egun gutxi batzuk baino geratzen ez direnean [apirilaren 27an sinatua da agiria], gidak martxan jartzeak zailtasunak dituela aintzat hartuta eta giden derrigortasuna ganaduzaleen ahalmen eta logistika kontutan hartuta egokitu behar denez, aurreko urteetako prozedura berdina mantentzea eskatzen dugu».
IBR kanpaina sektoreak eta aldundiak adostua zutela diote bost ordezkariek, «abelgorriei bakarrik» eragingo ziena. Ardi eta behorretan ez da «hain premiazkoa», eta aurreko urteetako prozedura uzteko eskatu dute.
Larretoki gehiago ere zabalduko dituzte Goierrin
Neguko atsedenaldia utzi ondoren, Enirio-Aralar Mankomunitateko larreez gain, Gipuzkoako beste 21 ere erabilgarri utziko dituzte ganadu buruentzat. Goierrin, adibidez, gaur hasiko da denboraldia beste zenbait gunetanb ere. Herri lurrak dira batzuk, partzuergoak edo mankomunitateak besteak. Mutiloako Aizpuru mendiko larreak, Ataungo Marumendikoak, Aizkorripeko eta Urbiako zelaiak eta Zaldibiako Igirua mendia irekiko dituzte, denboraldirako.
Gipuzkoan, Goierrikoez gain, Izarraitz (Azpeitia), Aloña (Oñati), Jaizkibel (Lezo, Pasaia eta Hondarribia) edota Añarbe (Errenteria) dira larretoki nagusiak, aldundiaren arabera. Abereak larreetan ibili ahalko gaurtik «udazken amaiera edo negura arte, eguraldiaren arabera», zehaztu du foru erakundeak. Herri mendien kudeaketarako arauak eta baimenak udalek edo tokian tokiko mankomunitateek bideratuko dituzte. Zaldibian, adibidez, Igiruan ibili ahal izateko, udalak herriko ganaduzale eta erabiltzaile guztiei bidalitako gutunean herri mendiari dagozkion beharrezko datuak eman dizkie, eta tramitaziorako zalantzak argitzeko laguntza eskaini ere bai.