Igeriketa saioa lehorrean
Ordizia Igeriketa taldeak 'online' saioak jarri ditu ikusgai sare sozialetan. Garazi Lorenzo entrenatzaileak azaldu du «patxadaz» hartuko dutela itzulera
Bihar kirola egitera atera ahal izango dira goierritarrak, banaka. Orain arte, ordea, etxean egin behar izan dituzte ariketak kirolariek sasoi onean egoteko eta Ordizia Igeriketa taldeak entrenamendu saioak jarri ditu ikusgai sare sozialetan. Garazi Lorenzo Ordizia Igeriketa taldeko entrenatzaileak azaldu du benjaminentzako eta oraindik lehiaketetan hasi ez direnentzako saioak direla horiek: «Astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan benjaminak, eta asteartetan eta ostegunetan aurre benjaminak izango liratekeenak».
Gainera, alebinek eta helduenek ere aukera izan dute egunotan entrenamenduekin jarraitzeko. Lorenzok berak kudeaturiko whatsapp talde baten bidez, astelehenetik larunbatera ariketak proposatzen dituzte igerilariek egin ditzaten, eta astean hirutan Interneteko saioak egiten dituzte Zoom plataformarekin: «Entrenatu eta gure artean hitz egiten dugu».
Ariketak hobetzeko aukera
Igerilekurik gabe, lehorreko ariketak egiten dituzte etxean: «Posturak hobetzeko aprobetxatzen dugu». Lorenzok azaldu du aukera ona dela gorputza indartzeko, egunerokotasunean ez baitute aukerarik lehorreko ariketak egiteko: «Igeri egiteko enborra indartsu izan behar duzu, eta bakoitzaren gorputza kontrolatzen ere ikasi behar da». Zentzu horretan, esan du, ez dela «alperrikako» lana: «Nik uste asko ari garela irabazten».
Jolasak txikiekin
Etxean eskuragarri dituzten elementuak erabiltzen dituzte entrenatzeko: «Handiekin aulkian edo gomarekin estilo desberdinen mugimenduak egiten ditugu». Benjaminekin, berriz, jolasak erabiltzen dituzte: «Uste dut txikienek gustura hartu dutela errutina berri hau».
Aurtengo igeriketa lehiaketa guztiak bertan behera geratu dira: «Jakiteko geratzen zaiguna da instalakuntzak noiz irekiko diren eta noiz hasi gaitezkeen entrenatzen», adierazi du Lorenzok. Behin entrenamenduak eta lehiaketak hasita, halere, egoera berrira egokitzea izango da taldearen lehentasuna: «Oso geldoa izango da prozesua, helburu zehatzik gabe gozatu eta patxadaz hartuko dugu».
Buruko osasunari ere erreparatzeko beharra nabarmendu du Lorenzok: «Ondorio psikologikoak ere izango ditu honek, eta bakoitzari behar duen denbora eskaini behar zaio».