Itxialdian ere liburuak eskura
Ordizian, Itsasondon, Zaldibian eta Olaberrin, udal liburutegietako liburuak etxeetara eramateko zerbitzua abiarazi dute. Eskaerak egiteko informazio guztia zehaztu dute
Goierriko hainbat herritako liburutegiek, udalekin koordinatuta, liburuak irakurleen etxeetara eramateko zerbitzua abiarazi dute. Etxetik irten ezin diren irakurle heldu, haur eta gaztetxoei mailegu-zerbitzu hau eskainita, etxealdia arintzea da asmoa. Ordizian, Zaldibian, Itsasondon eta Olaberrian hala egiten ari dira.
Ordizian, aste hontan bertan jarri dute ekimena martxan eta dagoeneko, udal langileak hasi dira banaketa zerbitzua egiten. Segurtasun neurri bezala, «lehenik eta behin, liburutegiko langileek eskatutako liburuak desinfektatu dituzte eta bakoitza sobre batean jarri, eta eskaera egin duten pertsonei eraman» diete.
Liburuak irakurri ondoren, itzultzeko, «liburutegira deitu edo idatzi eta jasotzeko sistema ere ezarri da». Ondoren, «itzulitako tituluak berriz ere desinfektatu eta berrogeialdi batetik igaroko dira, bost egunez baztertuko dira, berriro erabiltzaileen eskura jarri aurretik».
Eskaerak egiteko, liburutegiko erabiltzaileak, posta elektronikoaren bidez (liburutegia@ordizia.eus), edo telefonoz (943 80 56 35), astelehenetik ostiralera (09:00-13:00), nahi duen edo dituen liburuak eska ditzake. Ondoren, liburutegiko arduradunak eskaera jaso, prestatu eta udalak etxeetara eramango ditu.
Liburuak osteguna baino lehen eskatu ahal izango dira eta astelehenetan egingo dira banaketak, nahiz eta aldaketak egon daitezkeen zerbitzuan.
Beste herri batzuk
Zaldibian ere ari dira liburuak etxera eramaten. kulturetxea @zaldibia.eus epostara idatzita edo 943 160 338 telefono zenbakira deituta egin daiteke eskaera. 10:00etatik 12:30ak bitarte egin ahalko da.
Eskaera egiten dutenei liburuak etxeraino eramango dizkiete, aste bakoitzeko ostiral goizean. Aste bakoitzean, asteazkeneko, 12:00ak arte izango da aukera liburuen eskaera egiteko. Etxean jasotako liburuak, momentuz ezin dira itzuli. Aurrerago, zehaztuko dute nola egin beharko den.
Itsasondon ere, konfinamenduak irauten duen bitartean, liburuak etxera zerbitzua martxan egongo da. Eskaerak, asteazkena 20:00ak arte egin ahalko dira. Ostiral goizean entregatuko dituzte etxeetan liburuak, beti ere, segurtasun neurri guztiak betez eta momentuz, ez dira itzuli beharko, jakinarazpen berririk izan arte.
Olaberrin, liburu eskariak 681 175 113 telefonora whatsappez mezua bidalita egin daitezke. Banaketa, ostiraletan egingo dute. Eskuragarri dauden liburuak ezagutzeko, Euskadiko liburutegien katalogo kolektibora jo daiteke. Hainbat udalek ere, haien webguneetan jarri dituzte kontsultarako katalogoak.