Koronabirusak markatu du aurten Maiatzaren Lehena
Alarma egoera dela eta, Langileen Nazioarteko Egunean ohiko manifestazioak egitea posible ez denez, sare sozialak eta etxeko balkoiak bihurtu dira aurten aldarrikapenen erakusleiho.
Alarma egoerak langileek kaleak hartzea eragotzi duen arren, balkoietatik burutu dira aurten protestak. Goierriko bi sindikatu nagusiek, LABek eta ELAk, Maiatzaren Lehena dela eta hainbat ekitaldi egin dituzte. Apirilaren amaieran, ikur bateratua zintzilikatzeko deialdia luzatu zuten, langileen aldarria etxeetan presente egoteko helburuarekin.
LABeko kideak “Gure lanak mundua eraldatzen du, bizitza erdigunera” lemapean, langileen eskubideak aldarrikatzeko kalera irten dira. Beasain, Lazkao, Ordizia eta Idiazabal bezalako udalerrietatik igaro dira auto karabana eginez. Kaltetutako enpresak zein osasun zentroak bisitatu dituzte, koronabirusaren kaltetu nagusiei babesa eman nahian.
Horrez gain, Garbiñe Aranburu LABeko ordezkari nagusiak kapitalaren boterea frente guztietan borrokatzeko nahia zabaldu du: «enpresetan, kalean eta instituzioetan». Konfinamendu garaian espetxean daudenak gogora ekarriz hasi du streaming bidezko emanaldia legorretarrak. Bestalde, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak sare sozialen bidez egindako agerraldian, pandemia honek sistemaren egiturazko arazoak agerian utzi dituela salatu du.
Gainera, sare sozialetan, #bizitzagara eta #bizitzaerdigunera traolak erabiliz, aldarrikapenez betetako argazkiak partekatu dira.