Legazpiko Santikutz Klasikoa arrabola gainean egingo dute
100 bat txirrindularik ibilbideko azken 30 kilometroak egingo dituzte, 'Bkool' plataforma erabilita. Proba 15:40ean hasiko da eta 'Sportpublic TV'k emango du
Maiatzaren 1ean Santikutz Klasikoa egiten dute urtero Legazpin, baina aurten bertan behera gelditu da koronabirusarengatik. Beste toki batzuetan bezala, lasterketa birtuala egingo dute. 100 bat txirrindularik ibilbideko azken kilometroak egingo dituzte, arrabola gainean. Horretarako, Bkool plataforma erabiliko dute. Lasterketa 15:40ean hasiko da eta Sportublic TVren Youtubeko kanalean ikusi ahal izango da.
Lasterketa Liernin hasiko da. Ormaiztegira jaitsiko dira, Gabiriara Alegitik igoko dira, ondoren Minasetik Aztirira eta bukatzeko Legazpira jaitsiko dira. Helmuga, beti bezala, Kale Nagusian egongo da. Txirrindulariak Deskargatik heltzen dira Legazpira, baina aurten ibilbidearen amaiera aldatu egin dute.
100 txirrindulari inguruk parte hartuko dute. Caja Rural, Eulen, Laboral Kutxa, Telco’M, Baque, Lizarte, Rias Baixas eta Gomur taldeek parte hartuko dute, besteak beste. Parte hartzaileen artean Caja Rural taldeko Mikel Mujika legazpiarra egongo da.
Faboritoetako bat da, gainera. Izan ere, etxeko lasterketan beti ondo ibili da: lehen urtean lasterketa amaitzea lortu zuen, duela bi urte 13. postuan sailkatu zen eta iaz 15. postuan.
Konfinamendua luze egiten ari zaio, baina pozik ageri da astelehenetik aurrera errepidean entrenatu ahal izango duela uste dutelako. Dena den, ez dakite oraindik denboraldia noiz berrabiaraziko duten. Santikutz Klasikoaren arduradunek ere ez dakite zer gertatuko den. Lasterketa irailaren 27an egitea eskaini diete, baina oraindik ez dute erabaki zer egin.