Zazpigarren astean, iritsi da kirola egiteko eta paseatzeko unea
Zazpi aste konfinaturik egon ondoren, gaur goizean izan dute helduek lehen aldiz kalean ibitzeko eta kirola egiteko aukera.
Gaur goizean jarri da indarrean helduentzat kalean kirola egin eta ibiltzeko baimena. Ordu zehatz batzuen barruan irten dira 5.000 biztanle baino gehiagoko herrietan. Horien artean daude Zumarraga, Urretxu, Beasain, Ordizia, Lazkao eta Legazpi. Urretxuko eta Zumarragako Udalek bi herrietan ibili ahal izatea adostu dute.
Goizeko 6:00etatik aurrera mendizaleak eta txirrindulariak nagusitu dira kalean. Ibilbide luzea egin arren, ezin izan dute udalerritik irten. Goizeko 8:00etatik aurrera, ordea, ibiltzera irten direnak eta korrikalariak pilatu dira. 5.000 biztanle baino gehiago dituzten herrietan aldaketa hori ez da hain nabarmena izan, edozein momentutan irtetea baimenduta dutelako.
Beasain eta Ordiziaren artean, CAF parean, kontrolgune bat ezarri dute, ibiltariak eta kirolariak muga zeharkatzen ez zutela ziurtatzeko.
Bestalde, 70 urtez gorakoak edo behar bereziak (mendekotasunak, elbarritasunen bat) dituzten pertsonak 10:00etatik 12:00etara irteteko baimena dute gaurtik aurrera. Haien bigarren aukera, 19:00etatik 20:00etara irtetea izango da.













