Neurri berriak konfinamendua arintze aldera
Gobernuburuak zenbait aldaketa iragarri ditu: garraio publikoan maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango da, 10 pertsonako bilkurak baimenduko dira eta tabernen edukiera %50 izango da.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko buruak atzo eginiko agerraldian, larrialdi egoera beste hamabost egunez luzatzea proposatuko duela iragarri zuen. Horrez gain, orain arte gomendagarria zena betebehar bilakatu du: garraio publikoan maskarak erabiltzea. Astelehenetik aurrera izango da hori. Beste neurri batzuk ere iragarri zituen hurrengo asterako. Besteak beste, jatetxeen eta kafetegien irekiera baimenduko da, beti ere, prestatutakoa lokaletik kanpo kontsumitzeko bada. Eskaerak aldez aurretik telefonoz deituz edo internetez egin beharko dira jende pilaketak saihesteko. Dendak eta bestelako negozio txikiak irekiko dira, baina ez nolanahi: aurretik txanda hartu beharko da, ile-apaindegian adibidez, eta bezero bakoitzeko saltzaile bat egongo da.
Koronabirusaren bilakaerak, maiatzaren 11 jartzen du jopuntuan. Ondo bidean, maiatzaren hirugarren astetik aurrera neurri berri batzuk jarriko dira indarrean, lehenengo fasearekin bat. Aipagarrienak, 10 pertsonako bilkurak egitea ahalbidetuko dela segurtasun eta higiene neurriak betez gero eta ostalarien kexak entzun eta gero, tabernetako eta jatetxeetako pertsonen edukiera erdira mugatuko dela.