Txakurrak lotuta eraman behar direla gogorarazi du Beasaingo Udalak
Kaleak hutsik daudenez, txakurren jabeek txakurra askatzeko joera areagotu dute. Horrez gain, konfinamendua “ezikusiarena egin eta gorotzak ez jasotzeko aukera bihurtzen” ari da Udalaren ustez. Hori dela eta, Beasaingo Udalak zentzuz jokatzeko oharra zabaldu du: txakurra lotuta eraman eta gorotzak jasotzeko eskatuz. Konfinamendua arintzen ari denez, oraindik eta garrantzitsuagoa dela araudia betetzea adierazi dute.
Beasainen txakurrekin aske ibiltzeko lau berdegune daude. Horiek erabiltzea gomendatzen du Udalak: “Txakurrak aske ibili ahal izateko toki aproposak dira hauek bai jolaserako eta baita ariketa fisikoa egiteko, beraz askatzeko parkeak erabili eta bertan adierazten diren erabilerarako jarraibideak ere bete behar dira”. Gainera, araudia ez betetzeak isunak jartzea eragin dezakeela gogorarazi du Udalak.