Bankuetan ere, galtzak bete lan
Banketxeak oinarrizko jarduerakoak dira eta alarma egoeran ez diote lan egiteari utzi. Bulegoetako arduradunen arabera, Goierri garaian behealdean baino urduritasun handiagoa nabari da.
Azken asteetako geldialdiak min handia egin die autonomoei eta enpresei. Eta hurrengo hilabeteak ere ez dira errazak izango. Asko dira banketxeetara jo dutenak, maileguei buruz hitz egitera edo informazio eske. Beasaingo Laboral Kutxako zuzendaria baikor ageri da. Zumarragako Sabadell banketxeko kudeatzaile komertziala, ez horrenbeste.
Asier Juaristi legazpiarra Laboral Kutxaren Beasaingo bulegoko zuzendaria da. Banketxeak oinarrizko aktibitatea direnez, bulegoa zabalik egon da aste hauetan guztietan. «Segurtasun neurriak hartu genituen. Horretarako, bi talde egin genituen: aste batean talde batek etxetik lan egiten du eta besteak bulegoan eta hurrengo astean alderantziz».
Hasieran urduritasuna nagusi izan zela dio. «Bai gure artean eta bai bezeroen artean, urduritasuna nabaria zen. Izan ere, egoera berria zen guztiontzat. Azken asteotan gauzek hobera egin dute eta lasaitasuna nagusitzen ari da». Bezero gehienak osasunagatik zeuden urduri, ez ekonomiagatik. «Zenbait jende aldi baterako lan erregulazioan dago, baina bezero gehienak kudeaketa arruntak egitera etorri dira. Informazio eske etorri direnak gutxiago dira».
Eskualdearen egoera
Izan ere, Goierri beste eskualde batzuk baino egoera hobean dagoela uste du. Hala, oso jende gutxi hurbildu da bulegora bere maileguagatik kezkatuta. «Dekretu batzuk daude maileguak ordaintzeko arazoak dituztenentzat eta gure laguntza propioak ere baditugu. Guri ere jendeari erraztasunak ematea komeni zaigu, lehenbailehen dena bere onera itzuli dadin. Denok jarri behar dugu pixka bat gure aldetik».
Krisi hau 2008koa baino errazago gaindituko dela uste du. «Gertatutakotik ikasi genuen eta gure sektoreak neurriak hartu ditu. Probisioak egin ditu eta krisi bati aurre egiteko hobeto prestatua dago. Asmatzea zaila den arren, krisi hau motzagoa izango dela uste dut».
Krisia gehien pairatu dezaketen sektoreek laguntzak izango dituztela gogoratu du. «Espainiako gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak mailegu bereziak eskainiko dituzte enpresa eta autonomoentzat. Aktibitatea lehenbailehen berreskuratu beharra dago. Nire ustez, denbora pixka bat kostako den arren, lehengo aktibitate maila berreskuratuko dugu. Baina egia da sektore batzuk egoera zaila ari direla bizitzen. Ostalaritza, adibidez. Merkatariak, pixkanaka bada ere, dendak irekitzen ari dira. Ea egoera hau ez den asko luzatzen».
Sabadell banketxearen Zumarragako bulegoan ere ez diote lan egiteari utzi. Lan arriskuaren prebentziorako protokoloa abian jarri zuten eta beraiek ere bi talde osatu zituzten. Txandaka ari dira lanean: 15 egun etxetik eta beste 15 bulegoan.
Asier Murua kudeatzaile komertzialak aipatu duenaren arabera, Urretxun eta Zumarragan jendea Beasainen baino urduriago dago. «Ia bi hilabete hauetan telefono deiak etengabeak izan dira. Normalean baino askoz ere dei gehiago jaso ditugu. Gure lan karga asko handitu da. Egoerak eskatzen duen maila eman behar dugu eta lehen momentutik bezeroak izan dira gure lehen ardura. Beraien alboan egoten saiatu gara, banketxeak ezinbesteko zerbitzu bat garela erakusteko».
Laguntzen berri ematen ari dira. «Gure leloa Zu non gu han da. Bezeroen bidelagun sentitzen gara eta dauden laguntza guztien berri ematen ari gara. Ezinegona eta beldurra somatzen dira bezeroen artean, asko autonomoak edo enpresak baitira. Beraien negozioak itxita dituzte edo lan karga asko jaitsi zaie eta, beraz, ulergarriak dira beraien kezka guztiak. Duela egun batzuk negozioak noiz irekiko zituzten ere ez zekiten eta zalantzak handiagoak ziren. Orain batzuk argi izpi bat ikusten dute behintzat, deseskalada faseen datak eta baldintzak argitaratu ondoren».
Banco Sabadell laguntzen saiatuko dela dio. «ICO edo Elkargiren abalez aparte, Banco Sabadellek beste neurri batzuk martxan jarri ditu bezeroen egoera zaila arindu asmotan. Langabezi prestazioak eta pentsioak aurreratzen eta maileguen moratoriak sinatzen ari gara. Hitz gutxitan esanda, bezero bakoitzaren egoera pertsonalera hobekien egokitzen den konponbidea eskaintzen saiatzen gara».
Etorkizunari dagokionez, bere ustez sektore guztiak ez dira aldi berean errekuperatuko. «Osasun krisiaren ondoren, krisi ekonomiko baten aurrean aurkituko gara eta banketxeak errekuperazio ekonomikoan laguntzeko guztiz konprometituta gaude».