Batxilergoko eta DBHko azken mailetako ikasleak maiatzaren 18an itzuliko dira eskoletara
Batxilergoko 2. mailako, Goi Mailako Lanbide Heziketako 1. eta 2. mailako eta Oinarrizko eta Erdi mailako Lanbide Heziketako 2. mailako ikasleak maiatzaren 18an itzuliko dira. Gainontzekoak hilaren 25ean.
Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ikasturte bukaeraren inguruan hartutako erabakiak jakinarazi berri ditu. Maila jakin batzuetako ikasleak maiatzaren 18tik aurrera ikasgeletara itzuliko direla azaldu du. Eskoletarako itzulera “mailakatua” izango dela esan du Uriartek.
Batxilergoko 2. mailako ikasleak, Goi Mailako Lanbide Heziketako 1. eta 2. mailetakoak eta Erdi Mailako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako 2. mailako ikasleak izango dira ikasgeletara itzultzen lehenak, maiatzaren 18tik aurrera. Astebete beranduago, berriz, maiatzaren 25ean, DBHko 4. mailako, Batxilergoko 1. mailako eta Erdi Mailako Lanbide Heziketako 1. mailakoak itzuliko lirateke, beti ere, osasun egoerak aukera ematen badu.
Aurrez aurreko eskola jarduerari dagokionean, hainbat segurtasun neurri hartuko ditu Hezkuntza Sailak, Osasun Sailarekin lankidetzan. Eskolako langile nahiz ikasleen artean 1,5 metroko tartea utzi beharko dute; ikasleek, irakasleek eta gainerako hezkuntza-profesionalek musukoa edo maskarilla erabili beharko dute. Eskoletako sarrera irteerak mailakatu egingo dituzte, eta bi sarbide dituzten ikastetxeetan, norabide bakarreko sarrera-irteerak egokituko dituzte. Jolastokian ere txandak ezarriko dituzte. Ikasture amaieran, ez da jantokiko zerbitzua martxan jarriko.
Lehen eta Bigarren Hezkuntzako gainontzeko mailek etxean bukatuko dute ikasturtea.