Erein, uzta jasotzeko
Beasaingo ia 200 merkatarik janari bilketa antolatu dute. Behar handiena dutenei lagundu nahi diete etorkizunean beraiei ere laguntzeko. Etzi egingo dute bilketa, 09:00etatik 13:00etara
«Merkatarientzako okerrena orain dator», ohartarazi du Felipe Agirre ostalariak. «Irekitzen hasi beharko dugu eta gastuak handitu egingo dira. Salmentak, ordea, ez dira lehengoak izango». Herritarren laguntza ezinbestekoa izango dute aurrera egiteko eta, aldez aurretik, laguntza hori itzuli nahi diete herritarrei. «Uzta jaso ahal izateko erein egin behar da aurretik. Horretan gabiltza», borobildu du.
Denon artean Beasain argituko dugu kanpainaren bultzatzaileek eskatzen dutena zera da: egindako erosketaren zati bat Gurutze Gorriari dohaintzan ematea hauek behar gorriena dutenen artean banatu dezaten. «Lana galdu duen jendea dago eta aurrera egitea kosta egingo zaie. Ahal dugunarekin lagundu egin nahi diegu», nabarmendu du Agirrek. «Elikagaien eta higiene pertsonaleko produktuen beharra da handiena, baina edozer izango da eskertua». Bilketa etzi egingo dute, 09:00etatik 13:00etara, saltoki handien atarian. «Erosketak herriko denda txikietan egitea nahiko genuke, baina saltoki handiek pilaketak kudeatzeko baliabide gehiago dituztenez, bertan egin beste erremediorik ez dugu izan. Ez ahaztu Alarma Egoeran gaudela eta pilaketarik ezin dela sortu. Arduraz jokatzeko eskatzen dugu», gogorarazi du. Bilketa etzi egingo duten arren, Gurutze Gorriarekin harremanetan jarriz gero laguntzeko aukerak zabalik jarrituko du.
Antolaketa lanak ez dira errazak izan. «Madrilera baimen berezi bat eskatu behar izan dugu. Saltokiekin hitz egin, Gurutze Gorriarekin… Apirilean hasi ginen guztia prestatzen», azpimarratu du Akelarre tabernako jabeak. «Talde lanean egin dugu. Batzuk antolaketaz arduratu dira, beste batzuk bideo bat egin dute, besteek kartela…». Denera, ia 200 komertzio batu dira.
Kezka nagusi
Hirugarren sektorea etorkizunarekin kezkatuta dago. Bi hilabetez jarduna etenda izateaz gain, irekierako baldintzek errentagarritasuna zailtzen dute. «Tabernak terrazekin hasiko gara, baina murriztuta. Zer gertatuko da terrazarik ez duten tabernekin? Eta terraza txikia izanik are gehiago txikitu behar dutenekin? Beste saltokietan hitzordua eskatu behar da eta prozesua korapilatsuagoa da. Egun hauetan ireki dute komertzioek diote salmentak asko jaitsi direla», salatu du. Egoera hobetu artean komertzio askok itxita jarraiko dutela susmatzen du Agirrek. «Gipuzkoako ostalaritzari dagokionez, ez du mugimendu askorik ikusten».
Administrazio publikoari komertzio denentzako baliagarriak diren laguntzak eskatzen dizkiote. «Zaila izango da, baina laguntza zuzenak nahi ditugu. Salmenta bonuak, esaterako, tabernetara ez dira iristen».