Langileen eskubide urraketak jasotzen ari da Bategin sarea
Osasun larrialdiaren aitzakian «langile klasearen aurkako neurriak» hartzen ari direla salatu dute. Itxialdiaren faktura langileek ordainduko dutela diote
Bategin Goierriko autodefentsa laboraleko sarea langileen eskubideen urraketen testigantzak jasotzen ari da. «Langile asko eta asko izan dira kaleratuak, aldi baterako enplegu erregulazio batean sartu dituztenak, opor egunak hartzera behartu dituztenak… baina komunikabideetan ez dira ageri interes burgesak defendatzen dituztelako. Guk argitara atera nahi ditugu langile klasea sufritzen ari den egoera salatzeko», nabarmendu du Unai Aranburu Bategineko kideak. Testigantzak sare sozialen bidez, 688 66 60 44 telefoan eta bategin.autodefentsa@gmail.com helbidean jasoko dituzte.
«Argi dugu itxialdiaren faktura langile klaseak ordainduko dugula», dio Aranburuk. «Gure esku dago langile mugimendua antolatzea eta burgesiaren ofentsiba gelditzea. Ezin dugu askoz gehiagorik egin». Hala, Bateginek, Gazte Sozialista Koordinadoraren laguntzarekin, langileen eskubideen inguruko eskuliburuak prestatuak ditu «injustizia egoeren aurrean nola jokatu behar den jakiteko». «Zaila izaten da bakoitzaren eskubideak ezagutzea eta langile gutxik dakizkite zehatz mehatz zein eskubide dituzten. Aholkularitza juridikoa eskaintzen dugu langilea babesteko».
Bategin sarean langileek egoerak salatzeko beldurra izaten dutela sumatzen dute: «Langileak beldur izaten dira protesta eginez gero nagusiak har ditzakeen erabakiez. Horregatik, langileen arteko antolakuntzaren aldeko apustua egiten dugu. Antolatuta indartsuagoak gara eta erraztu egiten du salaketa».
Kapitala, lehentasuna
Bategineko kideak kexu dira osasun larrialdia aitzakia bat dela «langile klasearen aurkako neurriak» hartzeko. Hau da, soldatak jaitsi, kaleratzeak merketu, gutxi batzuen mesedetan ekonomia bultzatzeko… «Ezarri dituzten lehentasunetan argi ikusten da. Lantegi handiak irekita jarraitu dute segurtasun neurriak bermatu gabe. Hartu dituzten erabaki garrantzitsuenak ez dira osasun-erabakiak, politikoak eta ekonomikoak baizik».
Era berean, birusaren jatorri naturalaz harago, gizakiaren eragina nabarmena izan dela uste dute. «Egunero ekoizpen eredu kapitalista defendatzen eta indartzen duten burgesia, estatu aparatuak eta organismo internazionalak dira krisi honen erantzule bakarrak».