«Gertatzen ari den guztiarekin ondo egotea ez da gutxi»
V. Sanson proba egin behar zuten larunbatean, maiatzaren 9an. Egun polita izaten den arren, lehentasuna orain osasun egoerak duela adierazi du Rivela antolatzaileak.
Larunbatean egitekoa zen V. Sanson proba, baina bertan behera gelditu da. Penaz?
Egia esan lasterketaren egoera orokorrean ez da, nire kasuan, lehentasunezkoa. Duela denbora dezente erabaki genuen ez egitea, eta nik behintzat hurrengo urteko proban daukat burua, betiere zer gertatzen den ikusita. Ez da gure proba soilik, dena dago geldituta. Lantoki asko ere bai. Probarena bigarren toki batean gelditzen da niretzat. Gertatzen ari den guztiarekin ondo egotea ez da gutxi.
Alarma egoera hasi zenean lasterketa egiteko esperantzarik bazenuten?
Hasiera batean, bai. Nik uste inork ez genekiela benetan zein puntutan egongo ginen. Hemen koronabirusaz hitz egiten hasi zirenetik, nahiko azkarra izan da dena. Egun batean ondo geuden eta bat-batean etxean gelditu behar ginela esan ziguten.
Agian antolatzerik izango genukeela pentsatu genuen, maiatzean agian irekita egon zitekeela, baina auskalo. Arazo asko ikusten genizkion aspaldi ,nola egongo ginen jakin gabe.
Korrikalarientzako, herritarrentzako eta antolatzaileontzako ere arrisku bat da.
Zer egiten duzue antolakuntzakoek egun horretan? Zein izaten da eguneko plana?
Aste guztia izaten da gorabeheratsua, markaketak eta abar astean zehar egiten ditugulako. Ostiralean material guztia jasotzen dugu, anoa postuetako janak eta edariak jaso eta kirolarien poltsak prestatzen ditugu.
Larunbatean goiz hasten gara. Batzuek markaketa ondo dagoela ziurtatzen dute eta beste batzuek bidegurutzeak ixten dituzte. Plazako arkua ere prestatzen dugu, lasterketako muntaia guztia. Eguerdialdera, korrikalariak gerturatzen hasten diren heinean, dortsalak banatzen ditugu.
Zer nolako giroa egoten da Seguran proba egunean?
Herriarentzat oso egun polita izaten da. Jendea ikusten ibiltzen da goizean, eta gero lasterketa gunean, irteeran, han egoten dira. Behin irteera emanda ere ikustea joaten dira asko, Zerain aldera batzuk, beste batzuk Kortaberriko bidegurutzera…
Behin korrikalaria helmugan sartuta eta sari banaketa eginda, giroa erlaxatuagoa izaten da.
Berezitasunik edo berritasunik bazegoen aurtengo edizioan?
Bai, bazegoen nobedade polit bat, baina hurrengo urterako utziko dugu. Lasterketaren giroa hobetzeko gauza bat izan behar zen, baina aurrerago izango da, posible bada hurrengo urtean. Ordurako utziko dugu.
Baina ibilbidea berdina izango zen, alde horretatik ez dago nobedaderik.
Goierri Kopako bosgarren lasterketa zen aurtengo Segura Zerain, baina Kopako bi proba besterik ez dira egin.
Bi egin dira bai, Garingoa eta UZ Trail. Oraindik egiteko aukera dute beste bik: Axarik irailean eta Ordiziakoak urrian. Baina ea zer aukera dauden. Azkenean lau probatan gelditzen bada ez da gutxi ezta ere. Aurten 9 proba genituen Goierri Kopan, bada asko jota lau egingo dira.
Hasieran, Kopako lehenengo urtean, lau proba izan ziren baita ere. Horretara itzuliko ginateke, baina ezer gutxi egin dezakegu.
Sasoian kirol gunea kudeatzen du anaiak, eta zu laguntzen ere aritzen zara. Nola eragin dizue koronabirusak?
Sasoianen kasuan bi negozio gune daude. Dendarena itxita dago, printzipioz anaiak esan didanez hurrengo astean saiatuko da martxan jartzen. Baina prestakuntzarekin aldrebestuta pixka bat. Jendea helburuak berrantolatzen ari da. Pentsatuta zituzten lasterketak gelditu direlako. Etxean egin ahal izateko saioak ere moldatzen gabiltza.
Prestakuntza bizikletan oinarritzen duena arrabola batekin moldatu daiteke, baina korrikaren berezitasuna da, ezin duzula arrabola batekin entrenatu. Nahiz eta metabolikoki landu dezakezun, ez da berdina. Jendea gogotsu ateratzen da, eta abisatzen diegu, baina agujetak ezinbestekoak izan dira. Ez da erraza izan, eta oraindik ere hor gaude. Arnas pixka bat eman digutela egia da, baina oraindik nolabait mugatuta gaude.
Majori kiroldegiko zuzendaria ere bazara. Nola dago kiroldegiko egoera? Instalakuntzak noiz irekiko diren badakizue?
Oraindik ez daukagu garbi zer eta nola ireki dezakegun. Oraindik ere neurriak iritsiko dira, eta zehaztuko dute nola jokatu dezakegun eta zein datetan. Informazio hori normalean nahiko berandu iristen da, eta horrek beldurra ere ematen digu.
Hitz egiten den guztiarekin neurri batzuk hartzeko aukera ikus dezakegu, baina xehetasuna falta da, eta hori gabe zaila da instalazio handi batean eta hainbeste instalazio mota ezberdineko leku batean. Ez da erraza. Ez da berdin gimnasio txiki baterako edo antzeko baterako.
Kirol klubak ere galdetzen hasi dira ea noiz entrenatu ahal izango duten, baina ez daukagu garbi. Hurrengo egunetan badaude saio batzuk, aldundiak ere jakinarazpenak egingo ditu, eta espero dugu informazio gehiago lortzea bertatik.
Arte martzialak ere egin dituzu. Egunotan praktikatzerik izan duzu?
Egiten nituen. Moldatzerik izango nuke horrekin ere. Orain bezala, fisikoa arrabola eta bizikletarekin eta pisu txiki batzuekin egin dut, eta gero nik modu pertsonalean zaku bat daukat garajean jotzeko. Hori ez dut erabili oraintxe ez zaidalako iruditzen, baina moldatuko nintzateke.
Pertsonalki zer sumatzen duzu faltan gehien?
Ardura. Guztiona. Ikusten dituzu batzuk arauak betetzen dituztenak, eta nolabait arduratsu jokatzen, bai haientzat eta bai besteentzat. Arduratsu jokatzea ez da bakarrik zugan pentsatzea, harrapatuko nauten ala ez, baizik eta zure ondoan daudenen osasunean ere pentsatzea.
Baina batzuk ikusi ditut arduratsu jokatu ez dutenak. Pena ematen dit, baina bakoitzak izan behar du bere gauzekiko ardura. Gero ikusiko dugu zer emaitza dugun gure jokabidearekin.
Egia esan herri txiki batean zailagoa da jende askorekin topatzea, bestelako neurri batzuk daude. Hiri handietan ere pentsatzen dut zailagoa izango dela, azkenean ordutegi bat duzu eta aprobetxatu nahi duzu. Baina badaude gauza batzuk hobeto ala okerrago egin daitezkeenak. Nik ere ezjakintasunetik agian egin dut, edo beste ikuspegi batetik arduragabekeriaz jokatu dudala esan dezakete.
Zein plan duzu hau guztia amaitzean? Zer egingo duzu?
Nik uste egoera honek erakutsi digula denoi biharkoa ez dela oso ziurra. Otsailean esango baligute egoera honetan egongo ginela… zientzia fikziozko istorioa dela dirudi.
Bat-batean duzun guztia kolokan jarri da, aldi baterako lan erregulazio bat dela, edo lanik gabe zaudela… Beraz, egunerokoa, ea gaur zer egin dezakegun. Eta asko jota bihar.