Ikasleek olatua gal ez dezaten arraun egiten
Alarma Egoera ezarri eta irakaskuntza zentroek ateak itxi behar izan zituzten, baina ez dute jarduera eten, ikasleek haien laguntza behar baitute. Internet bidezko plataformen bidez ari dira lanean.
Azken bi hilabeteetan, mundu birtuala pixu handia hartzen ari da jende askoren bizitzetan. Etxetik egin daitezkeen jardueren kasuan behintzat, hala ari da gertatzen. Akademien kasua da horietako bat.
Karol Sotok eta Ana Urietak Ikaskide irakaskuntza zentroa Beasainen ireki zutenetik, «beti klase presentzialak» eman dituztela dio Sotok. Martxoaren erdialdean Alarma Egoera ezarri zenetik, Internet bidezko plataformak ari dira erabiltzen, beraz, akademiako irakasleen eta ikasleen lan egiteko modua, goitik behera aldatu behar izan zuten egun gutxitan. «Bai ingeleseko eta bai ingeniaritzako ikasleak, bideokonferentzia bidez ari dira, plataforma desberdinak erabilita, eta ikasturtea amaitu arte, hala jarraituko dute». Kontua da, «momentuz taldeekin klase presentzialik ezin» dela eman, beraz, horixe da lanarekin aurrera jarraitzeko duten aukera bakarra.
Taldekako klaseak bakarrik ez, banakakoak ere ematen dituzte, «lehen hezkuntzako eta DBHko ikasleei, besteak beste». Kasu horietan ere, «teknologia berriak baliatuz jarraitu dugu lanean», esan du. Dena den, hurrengo asteetan, uste du «banakako klase presentzialak berriro ematen hasi ahalko» direla. Beti ere, «derrigorrezkoak diren segurtasun neurri guztiak hartuta, noski».
Teknologia berriei eta plataforma desberdinei esker, haien lanarekin jarraitu ahal izan dute. Esperientzia berri hori nolakoa izaten ari den galdetu eta ondorengoa izan da erantzuna: «Askoz ere lan gehiago egiten ari gara, ez dagoelako ordutegirik, ikaslea lanean jartzen denean, zalantzak sortzen bazaizkio, idazten edo deitzen badu, egiten ari zaren hori egiteari utzi, eta momentuan erantzuten saiatzen gara. Lanean daude eta zalantzak momentuan argitzea behar dute».
Lan orduak bikoiztu badira ere, baikorra da: «Egoera oso berezia denez, esfortzu hori egin behar dugula barneratu dugu, badakigu gure partetik laguntza gehiago behar dutela».
Beasainen dago baita ere Dos Formacion irakaskuntza zentroa eta, neurri beretsuak hartu dituzte. Aintziñe Sanchez zentroko arduradunak kontatu duenez, «lehenengo astean gehien kostatu zena klase presentzialak ordezkatzeko plataforma egokiena bilatzea izan zen». Nola lan egingo zuten erabakita zutenean, «ikasle eta guraso guztiekin harremanetan jarri eta probak egiten hasi ziren». Hasieran, «ez zen erraza izan, ikasle guztiak ez baitira berdin moldatzen teknologia berriekin».
Dos Formacion zentrokoen kasuan ere, lan orduak bikoiztu egin dira, baina Sanchezek esan du esperientzia, «oso ona» izan dela eta «oso pozik» dagoela, «jarduerarekin jarraitzea posible» izan zaielako.
Dena den, kezka pixka bat ere agertu du: «Ez dakigu orain arte ezagutu izan ditugun klaseak emateko moduekin jarraitu ahal izango dugun». Nahiz eta maiatzaren 26tik aurrera zentroa ireki ahal izango duten, zalantzak ditu. Klase murriztuak ematea «ez da oso errentagarria izango». Uste du, «online klaseak gelditzeko etorri direla».
Unibertsitatera sarbidea
Unibertsitatera Sarbide Ebaluazioa, ekainean egin ohi da. Covid-19agatik deialdia atzeratu behar izan dute. Ohiko deialdia uztailaren 6, 7 eta 8an egingo dute. Ezohiko deialdia berriz uztailaren 20, 21 eta 22an. Data bakarrik ez, baldintzak ere aldatuko dira. Baina hori ez da izango aldaketa bakarra, Azterketa nolakoa izango den argitu zuen Unibertsitate Ministerioak. Oro har, hezkuntza agintariek azaldu dute helburu nagusia dela «ikasle bakar batek ere ez galtzea ikasturtea» eta inor ez kaltetzea Alarma Egoeraren ondorioz. Hala ere, «ikasleak urduri» daude, «kokatu ezinik».
Ikasteko denbora gehiago dute baina «azterketa eredua ere aldatu dute eta horrek kezkatzen ditu gehien. Bai ikasleak eta bai gu, ezjakite horrekin gaude». Sotok, dena den, konfiantza ere erakutsi du: «Azterketetako edukiak ere moldatu behar dizkiete, beraz ez dut uste aparteko arazorik izango dutenik gainditzeko».