Mozorro festa Beasainen, Etxealditik Euskaraldira egitasmoa amaitzeko
Maiatzaren 10era arte, taldeka edo banaka mozorrotzeko deia egin du Aittu Euskara Elkarteak.
Etxealditik Euskaraldira kanpaina jai giroan amaitzeko asmoa du Beasaingo Aittu Euskara Elkarteak: datozen egunetan etxean mozorrotu eta ongi pasatzeko deia zabaldu du.
Azken hiru asteotan, Euskal Herri osoan egindako deiari erantzunez, etxeko hizkuntza ohituren inguruko ariketan parte hartu du hainbat eta hainbat beasaindarrek. Egitasmoaren azken egunotan, maiatzaren 10era arte, taldeka edo banaka mozorrotzeko deia egin dute Aittuko kideek. Modu horretan, batetik, “euskararen aldeko ariketa kolektibo eta koloretsu honi jai giroan amaitzeko parada izango dugu beasaindarrok, oraindik ere mozorrotzea etxean egin beharko badugu ere. Bestetik, udazkenean egingo dugun Euskaraldiari herriaren atxikimendua erakusteko momentua izango da eta, baita ere. Garai gogorrak bizitzen ari gara herri eta gizarte bezala. Horregatik, beti ere joan zaizkigunak eta gaizkien pasatzen ari direnak gogoan, deialdi honekin itxaropen mezu positibo bat zabaldu nahi genuke Beasainen. Euskararen aldeko itxaropen keinu koloretsu bat”.
WhatsAppera argazkiak
Azken asteotan egin bezala, ekimenaren plaza Aittu Euskara Elkarteak WhatsApparen bidez sortu duen kanala izango da. Horretarako, parte hartzeko Aittu Euskara Elkarteko telefono zenbakia norberaren telefonoaren kontaktuetan gorde behar da eta mezu bat bidali ondoren Aittu Euskara Elkartearen telefonora WhatsApp taldean sartzeko eskatuz. “Elkartearen telefono zenbakia norberaren telefonoaren kontaktuetan gordetzen ez bada, ezin da mezurik jaso ez eta bidali ere”. Hauxe da gorde beharreko telefonoa: 688 76 86 09. Familia eta norbanakoek ekimenaren baitan egiten dituzten ariketen argazkiak eta bideoak Aittu Euskara Elkarteko 688 76 86 09 telefono zenbakira bidali ahalko dituzte etxean egindako ariketa argitara emateko.