Zaldibian habitat naturalak babestu eta hobetzeko egitasmoa hasiko da
Igirua herri mendian bertako basoa garatzeko eta pago mugarratua babesteko ekintzak aurreikusi ditu udalak ingurumen proiektuan. Arkakako putzuan ere jardungo dira
Zaldibiako udalerriak ondare natural «garrantzitsua» daukala, eta bertako habitatak babesteko eta hobetzeko ingurumen proiektua abiatu du udalak. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak 2019an natura-ondarea eta bioaniztasunaren arlorako ateratako diru laguntza bat baliatuko du Aralarko Kontserbazio Bereziko Eremuan dauden herri lurretan ondare naturala babesteko. Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren kofinantzaketa ere badu.
Hiru jardunbide nagusi aurreikusi ditu Zaldibiako Udalak ingurumen proiekturako. Igiruako herri mendietan bertako basoa gara dadin, kanpoko espezieen landaketetan zenbait une botako dituzte. Pago mugarratu handiak ere 30 bat badaude, eta horiei lekua uzteko ingurua libratuko zaie. Arkakako zentraleko putzuan, azkenik, arrantza eskolarako eraiki ziren plataforma-egiturak kenduko dituzte, urmaelaren ertzak naturaltzeko.
«Ondare naturalaren egoera mantentzea edo ahal den neurrian hobetzea da proiektuaren helburua. Itsasondon ari ziren aurretik kontserbazio proiektuetan, eta beste herri batzuk ere animatzen ari dira dinamika horretan sartzera», azaldu du proiektuaren koordinazioa daraman Garazi Auzmendik.
Zaldibiako proiektua 2020an eta 2021ean garatuko da. Zenbait arlok hasita behar zuten, baina koronabirusaren geldialdiak atzerarazi ditu. Udaberri bukaeran edo uda hasieran lanei ekitea espero dute arduradunek.
Gizarteratzeko ekimenak
Egitasmoaren berri udal informazio kanaletatik eta urtarrileko herri batzarrean aurreratu zen arren, aurkezpen hitzaldi bat ere egingo dutela agindu du udalak, egoerak uzten duenean.
Ondare naturalaren kontserbazioaren garrantziaz herritarrak sentiberatzeko ere hainbat ekimen egingo dira: hitzaldiak eta egiten ari direna bertatik bertara ezagutzeko ibilaldi gidatu bat. Bi informazio-ohol ere jarriko dituzte, eta udal webgunean atal berezia.
Proiektuan sartu diren hiru jarduerak datorren urtebetean gauzatuko diren arren, ondoren jarraipena egingo zaie. «Eboluzioa eta eragina ezagutzeko espezie ezberdinen behaketak egingo dira», esan du udalak.
380 hektarea herri lur
Mendi eremu eta herri sail zabalak dauzka Zaldibiak, herriaren azaleraren gehiena. «Zaldibiako udalerriak 16,7 kilometro koadroko azalera hartzen du, eta eremu horren erdia baino gehiago, ia 1.000 hektarea, Natura 2000 sareko Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE) eta Aralarko Parke Naturalaren barruan kokatzen da», azaldu dute ingurumen proiektuaren txostenaren sarreran.
Babestutako zati horretan 380 hektarea udalaren jabetzakoak dira, eta Igirua izeneko herri onurako mendia osatzen dute. Igiruako herri lurren ia erdia mendiko larreak dira, eta gainerakoa zuhaitzez estalita dago; basoen erdia baino gehiago zuhaitz landaketak dira.
Ingurumen proiektua:
ZALDIBIAKO EKINTZAK
Pago mugarratua. Neurri handiko zenbait pago mugarratu mantendu dira Zaldibiako herri lurretan, baina inguruko zuhaitzek bizirautea zailtzen diete. «Horrelako zuhaitzak oso baliotsuak dira bioaniztasunarentzako, eta horregatik, inguruko zuhaitz exotikoak botako dira, pagoen adaburuak libre uzteko. Lehen saioan 30 bat pago libratuko dira.
Bertako basoa. Igirua herri mendian eremu handi batean zuhaitz exotikoen landaketak daude, ugarienetako bat Kortsikako haltza. Bertako espezieen landareak (lizarra, astigarra, zumarra, ezkia eta haritza) bere kasa datoz, eta bertako basoa berreskuratzeko, zenbait tokitan zuhaitz exotikoak botako dira, autoktonoen mesedetan.
Arkakako ur putzua. Zentral hidroelektrikoaren ur biltegiak egitura artifizala duen arren, hainbat animali talderentzat habitat garrantzitsu bihurtu da: ibai karramarro, anfibio, saguzar… Urmaelaren inguruan, arrantza eskolarako eraiki ziren egurrezko egiturak zaharkituta daudela eta, horiek kenduko dira, eta putzuaren ingurua lehengoratzeko lanak egingo dira, eraldatuta dauden bi ertzetan.