«Bageneukan sorpresa bat, baina ez da komeni oraindik esatea»
Ezkion, San Migel Goiaingeruaren eguna ospatzen dute maiatzaren 8ko asteburuan. Aurten berritasunik bazegoen, baina datorren urterako utziko dutela azaldu du Asier Alberdi jai batzordeko kideak
Ezkioko San Migel jaiak ezingo dira ospatu. Zer sentsazio duzue jai batzordean?
Pena badago, aurrera begira ikusi beharko dugu zein den egoera, baina osasuna denez lehentasuna, horri begira egon beharko dugu orain.
Aspaldi hartutako erabakia izan da ala itxaron egin duzue?
Udaletxetik pasatu ziguten guri jakinarazpena, ezinezkoa izango zela esanda, eta orduan hasi ginen, badaezpada, antolatuta genituen ekintzetakoei abisatzen. Lehenbailehen ere herritarrei adierazi zitzaien zein zen egoera.
Denek dakite lehentasuna osasuna dela, hemendik ateratzea eta birusa gutxitzea.
Berriz ospatuko dituzue ala aurten ez da festarik izango?
Printzipioz ez dakigu honen bukaera noiz izango den. Pentsatu dugu, aurrera begira, festaren bat antolatzea, herriko egun bat, baina ez dakigunez noiz bukatuko den, oraindik erabakitzeko dago. Hitz egin behar dugu, herritarrei galdetu zer nahi duten eta gero aukera bat zehaztu.
Erabakia hartu denerako antolatuta al zeuden ekintzak?
Bai, ekintzak lotuta geneuzkan, horiek hilabete lehenago egiten dira, baina parte hartzaileekin hitz eginda arazorik ez dago. Denek ulertu dute egoera. Azkenean mundu guztia dago geratuta, ez dira festak bakarrik.
Giroa oso desberdina izango da aurten SanMigel jaietan. Zein izaten da plana festetan?
San Migel eguna gaur izango litzateke, gaur hasiko lirateke. Arratsaldean txupinazoa eta gero pilota partiduak izaten dira. Iluntzean musa. Zapatuan herri bazkaria izango litzateke, eta aurretik toka ere bai. Jarraian ume jolasak eta iluntzera arte segitzen dugu trikipoteoa. Euskal giroa izaten dela esango nuke.
Zer izango da egoera honetan gehien sumatuko duzuna faltan goiko auzoko jaietatik?
Ni pilotazalea naiz, eta ostirala asko gustatzen zait. Herri giroa izaten da, pilota finalak eta festa hasiera izaten denez, poteoa herrikoia egoten da baita ere. Gero gazteon artean afaldu eta musean aritzen gara. Egun polita da.
Berritasunik bazegoen aurtengo jaietarako?
Festak antzeko zeuden antolatuta. Bageneukan sorpresa bat, baina ez da komeni oraindik esatea, ordea. Datorren urterako ikusiko dugu.
Gero arte Mieltxa eta Mieltxo leloarekin bertsoa egin duzue. Nola sortu zen ekimena?
Festarik ez zela egongo esan zigutenean herritarrei bertso moduan adieraztea pentsatu genuen, eta orduan herriko batek bertsoa sortu zuen. Banatu egin zen jakinarazpen bezala.
Ekainaren 29an San Pedro eguna ere ospatzen duzue Ezkion. Nola ikusten duzue hori?
Beheko auzoko festak dira orduan, San Pedro egunean. Auzo bakoitzak bere festak egiten ditu. Ez dakit zer gertatuko den.
Alarma egoera hasi zeneko oroitzapenik baduzu? Zer gogoratzen duzu?
Gogoratu baino gehiago gauzak faltan sumatzen dituzu azkenean: etxetik ateratzea, lagunekin afaltzera joatea. Etxera lotuta gaude azken finean.
Konfinamendua bukatzen denerako eta askatasun gehiago dagoenerako planik? Zer egingo duzu hau amaitzean?
Oraindik uste dut planak egitea ezinezkoa dela. Datorren astetik aurrera elkartu gaitezke hamarnaka, baina nire ustez honek buelta ekarriko du.
Horrela hazten jarraituz gero… Eskua eman eta besoa hartzen dizu jendeak.