«Gorenera iristeko ilusioa hasieratik du pilotariak, eta itxarotea ez da arazo»
Pilotari profesional modura debuta zapuztu dio koronabirusaren egoerak Iraitz Zubizarreta Agirreri (Aia, Ataun, 1999). Bihar zen jaialdia egitekoa. Gogorik ez du galdu ordea, beste egun baterako.
Bihar zinen profesionaletan debutatzekoa, eta ezin jokatu.
Pena, handia. Data jarri zenetik, gure helburua, ametsa eta ilusioa horixe zen: maiatzaren 9a ailegatzea. Koronabirusa dela eta, data horretan behintzat ezingo dugu jokatu, eta ea noiz dugun aukera.
Esan dizu enpresak egunik?
Ez. Ez enpresak, ez jende askok ez dakigu gauzak nola joango diren. Ikusi beharko da nola doan kontua, eta martxan nola eta zer egoeratan hasten garen. Gaia argitzen denean izango da notiziaren bat, oraingoz ez dakigu ezer.
Ataunen mantenduko da?
Pentsatzen dut Ataunen mantenduko dela jaialdia. Baina hori ere ez dakit argi.
Nola hartu duzu atzerapena?
Alarma egoerako lehenengo edo bigarren astean oraindik itxaropena banuen maiatzaren 9rako konponduko zela eta aukera egongo zela. Baina luzerako zihoala ikusi zen, eta oraindik ere luzerako dela dirudi. Desilusio pixka bat hartu nuen, eguna eta ametsa hor zeudelako. Baina filosofiarekin eta pazientziarekin hartu, eta gauza ezberdinak egiten aritu naiz, etxean forma mantentzen saiatuz. Aurrera goaz, eta gero eta gutxiago falta dela pentsatuz.
Gaztearen ilusioak pena aise menderatzen duela.
Bai. Hasi ginenetik ilusioa izaten da gorengo mailara ailegatzeko, eta aukera hori helduta, pixka bat gehixeago itxarotea ez arazoa izango.
Pilotari profesional zara. Zer suposatzen du zuretzat?
Argi daukat honek ez nauela beste pertsona bat egiten. Pilotari profesionala izateak frontoian eta pilota munduan destakatzen du, baina hortik kanpora ez zait ezer aldatuko: lagunekin lehen bezala ibiliko naiz, jendearekin eta ezagunekin lehengo tratua izango dut. Pertsona publikoagoa izango naiz, eta prentsan eta mundu horretan sartzen gara, baina frontoitik kanpo nire gauza normalak egiten segi nahi dut; segiko dudala iruditzen zait. Alde horretatik, arazorik ez.
Zer zaletasun dituzu?
Kirol ezberdinen zale handia naiz. Ikustea asko gustatzen zait, telebistan edo zuzenean: txirrindularitza, tenisa… Denbora librean, lagunekin nonbaitera joan, zerbait hartu, haiekin denbora pasa…
Astelehenaz geroztik entrenatu zaitezkete. Hasiko zinen.
Bai, astelehenean egin nuen lehenengo saioa, San Gregorioko frontoian. Nahiz eta zintarekin dagoen, 14 urtetik gorakoak banaka ibil daitezkeela jartzen du paperean. Alkatearekin ere hitz egin nuen, eta esplikatu zidan bakarrik ibiliz gero ez dagoela arazorik. Frontoira berriz joan ahal izatea eta kontaktua hartzea eskertzekoa da.
Etxean zer ariketa mota egin dituzu itxialdian?
Terrazatxo bat badaukagu, eta espazio bat ematen dit. Enpresatik, Etor Mendia prestatzaile fisikoak bidali zizkigun ariketa ezberdinak: indar ariketak, gorputzaren pisuarekin berarekin… Bizikleta estatiko bat ere badugu etxean, eta horrekin bota dut izerdia. Ez da gimnasioko lanaren berdina, baina mantentzeko balio izan du.
Nola eraman duzu konfinamendua?
Denek bezala, faltan gauza asko sumatzen dira. Pertsona mugitua naiz eta etxean egoten ohitu gabea. Baina, egia esan, nahiko ondo eraman dut: egunak programatuz, hurrengo egunean zer egingo dudan pentsatuz, eramangarriago egiteko. Inoiz ez dut estres egoerarik eduki.
Berriro frontoira itzulitakoan, zer sentsazio sasoi puntuz eta?
Lehenengo egunetan ondorioak ateratzea zaila da. Launaka edo binaka ere ez gara ibili; eskuak berotu, pilotakada fuerte batzuk jo… Eskuen tenperatura hartzea zen helburua, pilota gogorraren kontaktua edukitzea. Eskuak ahul samarrak nabaritzen dira, baina hori denbora kontua da, eta lehengo mailan jarriko gara. Ez dakigu zenbat denbora izango dugun, baina edozein kirolarik beharko dugu aurredenboraldi moduko bat, puntua hartzeko eta eskuak egiteko.