Merkatariak borrokarako pronto
Koronabirusak eragindako krisi hau bereziki pairatzen ari den sektore bat bada, hori merkatariena eta ostalariena da. Kolpe latza jaso dute, baina altxatu egin dira eta borrokarako pronto daude berriro.
Koronabirusak Mike Tyson boxeatzaileak jotzen zituen muturrekoen parekoa jo die merkatari eta ostalariei. Olanera bota ditu, konortea galdu dute ia, baina altxatzea lortu dute. Txokoan daude, teknikariekin batera estrategia prestatzen, borrokari ekiteko prest. Beasaingo Bareak, Urretxu-Zumarragako Bi-Tartean eta Ordizian merkatari elkarteetako teknikariek GOIERRIKO HITZArekin hitz egin dute merkatariek bizi duten egoerari buruz.
ELENE BERRETEAGA
Beasaingo Bareak elkartea
«Gizarte urruntzeak ez digu jarduerak orain arte bezala antolatzen utziko»
Bareak elkarteko Elene Berreteagak lehentasuna gastuei aurre egitea dela dio. «Beasaingo negozioek (dendak, ostalariak eta zerbitzuak) ez dute inoiz horrelako egoerarik bizi izan. Gehienek beren jarduera erabat gelditu dute. Horrek diru sarrerarik ez izatea dakar, baina gastu askori aurre egiten jarraitu behar izan dute. Beraz, une honetan, gastu horiei nola aurre egin da arazo nagusia».
Beste arazo bat, segurtasuna bermatzea da: nola ireki berriro modu seguruan, bai saltokietako langileentzat, bai bezeroentzat. «Informazioa pixkanaka jasotzen ari gara, eta galdera asko uzten ditu airean. Gainera, segurtasun neurriek gastua dakarte berekin, eta, beraz, gai horrek asko kezkatzen du sektorea azken egunotan».
Besaindarren elkartasuna jasotzea espero dute. «Zaila izango da errekuperatzea, baina espero dut herritarrok konturatzea gure esku dagoela gure bizilagun diren merkatari eta ostalariei laguntzea. Kontsumitzaile garen aldetik, Beasain bizirik nahi dugun edo lokaletako pertsianak itxita dituen herria nahi dugun erabakitzeko ahalmena dugu. Merkatariei dagokienez, nahiz eta egoera hain zaila izan, haien artean laguntzeko joera ikusi dut, eta hori miresgarria da».
Dagoeneko egoerari buelta emateko lanean ari dira. «Bareaken telelanean ibili gara aste honetara arte, eta horrek gauzak dezente zaildu dizkigu. Gure zeregin nagusia sektoreari sortzen joan diren nobedade guztien berri ematea eta aholkua ematea izan da. Udalarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin ere hitz egin dugu, sektorearen beharrak horiei helarazteko. Orain, irekierak datozenean, babes ekipoak lortzean jarri dugu arreta, eta beharrak aseta daudenean, kontsumoa sustatzeko kanpainak antolatzen hasi behar dugu. Zaila izango da; izan ere, denboraldi baterako izango dugun gizarte urruntzeak ez digu utziko jarduerak orain arte bezala antolatzen».
JOSUNE INSAUSTI
Ordizian elkartea
«Denera berandu iristen garen sentsazioarekin bizitzen ari gara aste hau»
Ordizian elkarteko Josune Insaustik okerrena ziurgabetasuna dela dio. «Dendak itxi behar izatea gogorra da oso. Denda irekita izateko aukera izan dutenek, berriz, tentsioan lan egin dute. Gure merkatariek egoera guztietara moldatzen direla erakutsi digute eta guztiek herritarrok zaindu gaituztela esan dezakegu: batzuk gure segurtasunagatik itxiz eta besteek gure beharrak asez».
Dendak berriro ireki aurreko aste hau gogorra ari da izaten. «Aste hau urduritasunez, korrika eta presaka, eta denera berandu iristen garen sentsazioarekin bizitzen ari gara. Zalantza asko, informazio eza…».
Ordiziako merkatarien artean ere «laguntasun giroa» nagusi da eta dendarik itxi behar ez izatea espero du. «Herria denda eta tabernarik gabe zer den ikusteko aukera izan dugu. Hori nahi ez badugu, badakigu zer egin behar dugun: herriko saltokiak zaindu, beraiek momentu zailetan zaindu gaituzten bezala».
Instituzioen aldetik ere, elkartasuna espero du. «Eusko Jaurlaritzaren, aldundiaren eta gainontzekoen aldetik, laguntza zehatzagoak izatea gustatuko litzaiguke. Beste toki batzuetan dituzten moduan. Adibidez, Nafarroan. Udalarekin lanean ari gara, eta emaitzak epe laburrean ikusiko direlakoan gaude. Guztiek herriko merkataritzaren aldeko apustua egitea nahi dugu»..
Merkatariek ere hainbat egitasmo jarri behar dituzte martxan krisiari aurre egiteko. «Lehentasuna, segurtasun neurriak hartuz gure establezimenduak martxan jartzea da. Hortik aurrera, ahal ditugun guztiak egingo ditugu: erosketa bonuak, Ordizian txartelaren kanpainak, promozioak… Gure dendak dena ematen ari dira eguneroko gure beharrak baldintzarik hoberenetan eta modu seguruan asetzeko, betiko esfortzu eta erantzukizunarekin. Gure merkataritza eta ostalaritzak ez du inoiz hutsik egiten eta ez diezaiegu guk beraiei huts egin! Inoiz baino gehiago, gure erosketak herriko dendetan egiteko unea da».
MARIA PAVON
Bi-Tartean merkatari elkartea
«Gure herrietako denda txikietan erostea seguruagoa izango da»
Maria Pavonek merkatariak oso egoera zailean daudela dio. «Askok ez dakite nola hasi ere. Araudia oso berandu aurkeztu zuten eta askok ez dute segurtasun materiala erosteko denbora izan. Hala, ezin dute denda ireki».
Krisia gainditzea oso zaila izango dela uste du. «Dendek 50 egun daramatzate itxita eta hori oso gogorra da. Batzuk larri zebiltzan eta honek ixtera beharko ditu». Irtenbide bakarra ikusten du: jendeak erosketak bere herrian egitea. «Jendeak kontzientzia hartzea espero dugu. Honek guztiak jendeak erosketak bere herriko denda txikietan egiteko balio dezakeela uste dugu».
Denda txikietan erostea handietan erostea baino askoz ere seguruagoa izango dela gogoratu du. «Denda txikietan erostea merkataritza-gune handietan erostea baino seguruagoa izango da, denda txikietan ez baita jende pilaketarik ematen».
Instituzioek ere maila ematea espero du. «Komunikazioa hobetu beharra dugu eta malguagoak izatea behar dugu. Adibidez, udalek tabernetako terrazak handitzen uztea, Eusko Jaurlaritzak beherapenak bertan behera uztea… Dena den, egoera hau denontzat da oso gogorra. Udalak ere gaizki ari dira pasatzen. Hemendik aurrera elkartzeko eta irtenbideak bilatzeko aukera edukiko dugu. Orain arte, suteak itzaltzen ibili gara», aitortu du Pavonek.