Ordiziak marka berria aurkeztu du 'Bizi herria' lemapean
Herria biltzen duen marka izango da, Ordiziatik ordiziarrentzat sortua. Helburuetako bat, komunitatea indartzea da.
Badira egun batzuk ‘Bizi herria’ lelopean hainbat bideo zabaldu dituela Ordiziako Udalak. Zerbait berria bazetorrela iragartzen zuten, pista gehiegirik eman gabe. Gaur jakin da, bideo horien atzean zegoena. Ordiziak, marka berria estreinatu du gaur. Hemendik aurrera irudi berria izango dena jarri dute ikusgai Plaza Nagusian. Asmoa, ondotik pasatzen diren herritarren arreta erakartzea da, eta gainera, irudi berriarekin argazkia ateratzen duenak, zozketa batean parte har dezake.
Adur Ezenarro alkateak adierazi duenez, “pasa den legealditik hausnarketa askotan detektatutako gabezia bat zen. Ordiziak, bere aberastasun guzti hortan, faltan zuen herria biltzen duen marka bat, logotipo bat, ideia bat, bai barrura begira, bai kanpora begira”. Nabarmendu du Ordiziak “udalaz harago, herri bezala, komunitate bezala, biltzen duen irudi baten beharra” zuela, “eragile guztiak, herriko pertsona guztiak, bere aniztasunean, biltzen ditu marka berriak”.
Ordiziatik Ordiziarentzat
Irudiak berak biltzen duena kontuan hartuz, lehen momentutik garbi izan dute, Ordiziar baten eskuetatik sortua behar zuela izan marka horrek. Egilea Eukene Lekuona izan da eta bideoa ACV enpresak egin du.
Marka berria aurkezteko bideoak berak argitzen duen moduan, “Ordiziaren sorrera eta muina, alde zaharra da, eta alde zahar horren bihotza, Plaza da”. Markak hori irudikatzen du. Irudi oso koloretsua da, borobil forma du eta erdian hutsune bat. “Almendra forma duen hutsune bat da, Ordiziaren historian, hain garrantzitsua izan den Plazari egiten dio erreferentzia, plazaren inguruan biltzen baita herria. Eta plazaren inguruan, irudi berriak duen hutsune horren inguruan bezala, milaka kolore daude”. Koloreek, “Ordiziaren aniztasuna eta aberastasuna irudikatzen dute”. Gainera, marka berriak duen formak, “aza bati keinu egiten dio”. Kolore eta kanpoko geruza guzti hoiek, “herriaren bihotza zaintzen dute”. Bestalde, “Ordiziaren lehen letrari erreferentzia ere egiten dio”.
‘Bizi herria’ leloaren atzean ere bada mezu bat: “Uste dugu, herriak biziak izan baino, herriak bizi egiten direla. Lema aktibo bat nahi genuen, ordiziarrak bultzatuko dituena hain zuzen. Garai hontan gainera, herritarrek garbi izan behar dute, haien jarrerarekin, haien erabakiekin, herria egiten dutela, herria bizi dutela, merkataritza biziberritzen dutela, ostalaritza biziberritzen dutela. Horregatik, ‘Bizi herria’ da lema”.
Marka berria oraintxe aurkezteak badu arrazoi bat Ezenarrok berak esan duenez: “Osasun krisia iritsi aurretik ere apirilean aurkeztea zen asmoa, baina egoera honetan, dudak izan ditugu. Hausnarketa egin ondoren, uste dugu, orain dela herria egiteko unea”. Krisi honek “erakutsi digu, komunitateak duen indarra eta horrek aterako gaituela hontatik”. Uste du gainera, “inoiz baino garrantzitsuagoa dela denok sentitzea komunitate bateko kide garela”. Momentu honetan, “sailkapen eta fragmentazioen gainetik, Ordizia osatzen dugun pertsonek osatzen dugun komunitatea da indartu behar duguna”. Horregatik, “ez dugu gehiago atzeratu nahi izan.
Herria biltzen duen irudi berri hau, “beste motore bat gehiago izan dadila nahi” du. “Datorren astetik aurrera poliki-poliki ateak irekiko dituzten dendari eta ostalariei indarra ematea nahi dugu, baita adineko pertsonei, haurrei eta beste herritar guztiei ere”.