Osasunagatik, segurtasunarekin
Optikak osasun arloari lotuta daudenez jarduerarekin jarraitu ahal izan dute baina modu oso murriztuan hasieran batez ere. Oraintxe, larrialdiak artatzen bakarrik ez, beste zerbitzu batzuk ere ematen ari dira.
Optikak, osasun arloari lotuta dauden jarduera bat direnez, larrialdiak artatzeko zerbitzua eman ahal izan dute etenik egin gabe. Alarma Egoera ezarri eta lehen momentutik zer egin horretan aritu dira. Pixkana-pixkana, zerbitzua zabaltzen joan dira, langileen eta pazienteen osasuna bermatzeko beharrezko segurtasun neurri guztiak hartuta beti ere. Eskualdeko hainbat optikatako arduradunek, koronabirusaren krisiak zertan eragin dien kontatzeaz gain, hainbat aholku ere eman dituzte.
Iban Gonzalez Ordizian eta Beasainen dauden Multiopticas denden arduraduna da. Alarma egoera ezarri eta lehen mommentuan «zalantza asko izan» zituztela aitortu du, haiek eta bezeroek ere: «Lehenengo egunetan dei asko jaso genituen, jendeak ez zekien gure dendetara etor zitezkeen edo ez, segurtasuna zen haien kezka nagusia». Lehenengo bi asteetan gerta zitezkeen larrialdiak artatzeko ordutegi murriztuan egin dute lan.
Lan jarduera «nolabaiteko normaltasunez garatu ahal izateko, langileen eta pazienteen osasuna bermatzeko, segurtasun neurrien protokoloa zehaztu dugu, beraz, graduazioa hartu eta betaurrekoak probatzea posible da, duela bi astetik hona, beste gauza batzuen artean». Gonzalezek baieztatu du, «Multiopticas dendetara gerturatzen den orok, eskuzorroak, maskarak, eskuak garbitzeko gelak, eta beharrezkoak diren beste segurtasun medio guztiak eskura izango» dituela.
Jarduerarekin aurrera egin ahal izan badute ere, «ekonomikoki ondorioak izan» dituela esan du, «%70eko galera» izan baitute. Lehenengo asteak «oso gogorrak izan ziren, fakturazioa ia 0 izan baitzen, orain ari da pixka bat mugitzen, baina aste batean fakturatzen denaren %20an» daudela adierazi du.
Zumarragako Arratibel Optikan ere modu bertsuan aritu dira lanean eta hala baieztatu du Jabier Arratibel optikako arduradunak: «Bezero eta pazienteek eduki zitzaketen larrialdiak erantzun ahal izateko zerbitzua eskaintzen egon gara, betaurrekoak haustea, ukipen lenteen berritzea eta horrelakoak».
Itxita edo ohikoa ez den lanaldi batean aritu diren establezimendu guztien antzera, «egoera honek eragin dizkigun kalteak pairatu behar izan ditugu eta eszenatoki berri batera moldatu ahal izateko lanean ari gara».
Arratibelen kezketako bat, eguneroko jardueran segurtasuna bermatzea izan da, horregatik, eta hark esan bezala, «Optikoen kolegiotik iritsi zaizkigun jarraibide eta aholkuak zuhurtasunez ezarri ditugu eta horri esker une honetan segurtasun osoa bermatzen dugu gure establezimenduan». Osasun babes neurri «guztiez hornitu» da, hala nola, «betaurrekoen armazoiak desinfektatzeko tresneria, kabineterako materiala».
Aldi berean, establezimendura gerturatzen diren bezero eta paziente guztiek ere hainbat baldintza bete beharko dituzte: «Aldez aurretik txanda hartu beharko dute, banaka sartu beharko da, maskararekin etortzea gomendatzen da eta batez ere, garbitasunarekin arduratsua izatea».
Guztiontzat berria den egoera honetan positibotik ere atera nahi izan du Arratibelek, eta argi dauka: «Alderdi guztien arteko elkarlanari eta ardurari esker egoera honetatik arrakastaz irtetzea lortuko dugu».
Hainbat aholku
Betaurrekoak dituztenen kasuan, gogoratu dute, betaurrekoak garbitzea, oraingo egoeran bakarrik ez, beti dela gomendagarria. «Orain, maizago egitea komeni» dela diote, batez ere «beste persona batzuen alboan egon ondoren edo gainazal ezberdinak ukitu ondoren».
Betaurrekoak garbitzerakoan, «lehenengo eskuak ura eta xaboiarekin edo gel hidroalkoholikoarekin garbitu beharko lirateke; ondoren, betaurrekoa uretan busti eta bustita dagoenean xaboi neutro batekin igurtzi, jarraian uretan berriro pasatu. Zapi garbi eta leun batekin edo airean lehortu». Alkohola eta azetona bezalako produktuak ekiditea zehazten du Arratibelek, «betaurrekoen armazoia edo lenteen tratamentuak honda ditzakeelako».
Ukipen-lenteekin, Arratibelek esan du «sarritan nahasmendua sortu duen informazioa zabaldu» dela. Beraz, konfiantzazko establezimenduetara jotzea da onena. Lenteekin «betiko gomendioak jarraitu behar dira, baina une honetan ezinbesteko bihurtu diren garbitasun arauak zuhurtasunez jarraituz gero, ukipen lenteen erabilera ziurra» dela baieztatu du. Baina «begiak ikutzea ekidin behar» dela.
Garbitasun egokia bermatzeko, «lenteak ukitu aurretik, eskuak ura eta xaboiarekin garbituko ditugu, egunero berrituko dugun likido desinfektatzailea erabiliko dugu, gainera lenteak gordetzeko kutxatxoa garbi eta desinfektatuta mantenduko dugu eta erabili eta botatzeko diren lentilen iraungitze epeak errespetatuko ditugu».