Oxigenoa, altxor preziatu hori
Olaberrian Nippon Gases konpainiak duen lantegia da Osakidetzako ospitaletarako oxigeno hornitzaile nagusietako bat. Koronabirusaren krisiaren ondorioz, eskaera asko handitu da.
Oxigenoa, atmosferan libre dagoen elementua eta bizidun gehienok ezinbesteko duguna, are beharrezkoago bihurtu da COVID-19arekin gaixotu direnentzat. Izan ere, gaixotasun horren ondorioz, gizakion birikek ezin dute prozesatu gorputzak funtzionatzeko behar duen oxigeno kantitate nahikoa, eta oxigeno hori arnasgailuen bitartez artifizialki helaraztea da irtenbidea. Horregatik, koronabirusaren krisialdi honetan, oso garrantzitsua da oxigeno hornidura ziurtatzea. Zorionez, orain arte ospitaleek ez dute oxigeno faltarik izan, eta aurrerantzean ere ez dute izango
Hala diote behintzat, Osakidetzako oxigeno hornitzaile nagusietakoa den Nippon Gases enpresako arduradunek. NipponGases konpainiak Olaberrian (lehengo Praxair) eta Bizkaiko Lutxana-Barakaldon dituen plantetan ekoizten eta ontziratzen du osasun erabilerarako oxigeno hori.
Eskaria handitu da
Olaberriko lantegiko arduraduna den Jon Auzmendi ordiziarrak dioenez, koronabirusaren osasun krisialdi honetan maskarekin eta norbera babesteko ekipoekin gertatu den bezala, «ez da oxigeno hornidura arazorik egon, eta ez da egongo». Goierriko lantegiak eskaria asetzeko adina oxigeno ekoiztu duela dio, eta aurrerantzean eska daitekeena ekoizteko arazorik ere ez duela izango baieztatu du.
Osasun erabilerarako oxigenoa handitu egin dela adierazi du Auzmendik, «ia %50 gehiago produzitu dugu». Baina oxigeno hau ez da Nippon Gasesek Olaberrian ekoizten duen gas bakarra eta koronabirusaren krisiaren eraginez industriara bideratutako gas horien ekoizpena (oxigeno industriala, nitrogenoa eta argoia ) gutxitu egin dela dio.
Baina nola ekoizten da osasun erabilerarako oxigenoa? Atmosferatik airea hartzen dute %21 oxigenoa da, %78 nitrogenoa eta gainerakoa, argona, eta garbitu, konprimitu eta hoztu egiten dute. «190 gradu zero azpitik jarrita, likido bihurtzen dugu», azaldu du Auzmendik. Gero, 55 metroko altuera duten dorreetan sartzen dute likido hori, eta gas bakoitzak pisu diferentea duenez, oxigenoa, nitrogenoa eta argona banatuta geratzen dira. «Hortik, oxigenoa hartu eta biltegi handi batzuetara bidaltzen dugu, milioi bat litroko deposituetara, eta nitrogenoa eta argoia beste bi deposituetara».
Biltegi horietatik kamioi berezieetan eramaten dute oxigenoa ospitaleetara, oxigeno likidoa, zero azpitik 190 graduko tenperaturarekin. Ospitaleetako biltegietara ontzi aldaketa egin, eta likido hori han bertan bihurtzen dute gas, tenperatura berotuta: «Litro bakoitzeko 850 litro oxigeno gas lortzen dira», azaldu du Auzmendik.
Ospitalean, egokitzapenak
Ospitale handietako oxigeno biltegiak eta azpiegiturak behar izan den eskaria asetzeko dimentsionatuta daude Auzmendik dioenez, baina zentro gehienetan hainbat egokitzapen egin behar izan dituzte gaixo bakoitzari COVID-19ak eragindako arnasketa arazoari aurre egiteko ezinbestekoa zuten elementua ohe ondoraino eraman ahal izateko. «Horixe izan da ospitaleetako ingeniari eta mantentze lanen arduradunen erronka nagusia, azpiegitura hori sortzea».
Zumarragako Ospitalean, esaterako, kanpoko kontsulten gunean egokitutako behin-behineko larrialdi zerbitzuan, besteak beste, oxigeno hartune berriak instalatu dituzte. Gurutzetan, Donostia Ospitalean, Gurutze Gorrian, Igurko Araban eta Eibarren ere egin behar izan dituzte oxigeno hornidura bermatzeko hainbat lan, beti ere Nippon Gases enpresako adituen laguntzarekin, «ikuskapen, aholkularitza eta instalazio lan teknikoak guk egin ditugu».
Auzmendik dioenez, Osakidetza gai izan da oxigeno hornidura bermatzeko, «aurre hartu dio zetorrenari, eta lortu du Madrilen bizi izan duten egoerara ez iristea, lan horiei esker». Oxigenoa ohe buru guztietara eraman ahal izan da.
Oxigenoa botiletan
Koronabirusaren krisialdi honetan, ospitale guztietako gaixoentzako oxigenoa «asteko zazpi egunetan, 24 ordutan» bermatu ahal izan du Nippon Gases enpresak. Oxigeno biltegiak ez dituzten ospitaletarako, tanke txikiagoak prestatu dituzte oxigeno likidoa eramateko, eta beste toki batzuetara, berriz, botiletan eraman dute.
Hortxe sortu omen da, Auzmendiren esanetan, oxigenoaren horniduran izan duten arazo bakarra, izan ere, «botilak eduki bai, baina nahiko ez» dituzte izan une batzuetan. Lantegian zituzten ontzi guztiak erabili behar izan dituzte, eta «batzuetan larri» ibili direla aitortu du.
Baina arazo horri aurre egitea lortu zuen Nippon Gasesek, eta biltegi handietan, tanke txikiagoetan zein botiletan, oxigenorik ez da inolaz ere falta izan koronabirusarekin gaixotutakoentzat. Eta aurrerantzean ere ez.