Udalak 350.000 euroko partida onartu du Igartza-Oletako lanetarako
Proiektua EAJ hamar botoekin irten da aurrera. Oposizioak salatu du Mugikortasun Mahaiarekin talka egiten duela. Dolarea parkearen birmoldaketa aho batez onartu dute
Beasaingo Udalak Igartza-Oleta kaleko errepidea bi noranzkokoa bihurtzeko obretarako 350.000 euroko partida onartu zuen apirileko pleno telematikoan. Proposamenak udal gobernuaren hamar botoekin egin zuen aurrera eta EH Bilduk eta PSE-EEk aurka bozkatu zuten.
Leire Artola hirigintza zinegotziak eta alkateordeak lanak egiteko hiru arrazoi eman ditu: «Segurtasun aldetik, lanei esker Usategi kaleko zubiaren erradioa handitu egingo da eta eskuinetara hartu nahi duenak sarrera erosoago bat izango du». Izan ere, orain gidariek nahitaez 90 graduko bihurgune itxia hartu behar dute eta segituan egiten dute topo bidegorriarekin eta zebra-bidearekin. Bestalde, «Zapatari kaleko eta Barrendain plazako puntu beltzak arintzeko balioko du», Artolaren esanetan. «Beasainen oraingo antolaketan bi puntu hauek trafikoa gurutzatzen dute eta arriskutsua da».
Trafikoa sakabanatuta, puntu hauetako ibilgua txikitzea espero dute. Eta, azkenik, «mendebaldeko sarreratik Igartza monumentu multzoa ikusgarriagoa egingo luke, orain atzealdetik –Trenbide kaletik–pasa beharra dagoelako».
Oposizioak ez du begi onez ikusten aldaketa. «Inongo onura nabarmenik gabeko proiektua» dela dio Hasier Agirre EH Bilduko zinegotziak, eta «enpresa batek egindako txosten teknikoak ere oso argi defendatzen ez duen proiektua» dela azpimarratu du. «Mugikortasun Mahaia herriko eragile eta norbanako ugariz osatutako prozesu parte hartzailea da, etorkizuneko Beasain nolakoa izatea nahi dugun aztertzeko gune irekia. Baina non egiten dute bat mugikortasun mahaiak eta aldebakarreko erabaki honek?», galdegin du. «Mugikortasun mahaiarekiko errespetu falta handi bat eta gune honen sinesgarritasunaren aurkako kolpe bat dela irizten dugu. Ezin da horrelako parte hartze prozesu bat martxan jarri eta atzetik bidean txintxetak botatzen aritzea». Alderdi Sozialistak ere aurka bozkatu zuen baina GOIERRIKO HITZAk ezin izan ditu Eva Alvarez ordezkariaren hitzak jaso.
Artolak nabarmendu du «proiektu estrategiko bat» dela. «Legegintzaldi planean jasota dagoen proiektu bat da. Aurreko agintaldian planteatu genuen eta, azkenean, geroz eta gertuago ikusten dugu gauzatzeko aukera». Hurrengo pausuak proiektua eta lizitazioak onartzea izango dira. Artolari maiatzako gobernu batzordean onartzea gustatuko litzaizkioke, baina koronabirusaren erruz kontratatzeko epeak etenda daude eta lanen hasiera atzeratu egingo da.
Dolarean eta euskalduntzean, denak ados
Udalak aho batez onartu zuen Dolarea parkea birmoldatzeko 1.100.000 euroko partida. Parte hartze prozesuak utzitako proposamenei jarraituz, aisirako espazio berde zabala eta jasangarria moldatuko da. Merkataritzan hizkuntza paisaia euskalduntzeko laguntzak ere aho batez onartu ziren, eta herriko elkarteei urte hasieran aurreikusita diru laguntzak ematea adostu zuten denen artean.
EAJk eta PSE-EEk Herrilab proiektu pilotuaren jarduera plana ezartzeko eta ebaluatzeko proposamenaren alde bozkatu zuten, eta EH Bildu aurka agertu zen. Kontziliazio erantzunkidea garatzeko ekintza plana gauzatuko da datozen hiru urteetan. Azkenik, udalak jakinarazi du iazko aurrekontuaren %82,8a gauzatu zela eta gerakina 14,7 milioi eurokoa dela.