Goierrin ere hainbat terraza ireki dituzte
Lehen fasean sartuta, terrazak irekitzeko aukera izan dute hainbat tabernarik, neurriak ezarrita. Bezeroak ezingo dira tabernara sartu, eta zerbitzatzen duten bakoitzean garbitu beharko dute eremua. Komuna kasu berezietan soilik erabili ahal izango da.
Orain arte janaria etxera eramateko zerbitzua eskaini dute taberna batzuetan. Alarma egoeraren lehen fasera igarota, tabernek irekitzeko aukera dute gaurtik aurrera. Terraza dutenek soilik izango dute aukera hori, eta neurri zorrotzekin izango da.
Ordizian hainbatek erabaki dute irekitzea. Garagartza plazako tabernak irekita daude, eta plaza nagusi inguruan dauden Amonane eta Moderno ere bai. Erdigunetik kanpo, ordea, itxita daude tabernak. Poligonoan, esaterako.
Terrazetan izan ohi dituzten mahaien %50arekin ireki behar dute tabernariek, eta batzuei ez die merezi irekitzeak. Eguraldiak ere badu eraginik. Hala azaldu du Lazkaoko Zelata tabernako Unai Paredesek: “Terrazako lana eguraldiaren araberakoa da; ez du merezi txarrarekin”. Garbiketa eta pintaketa lanetan ari dira orain tabernan, noiz irekiko duten erabakitzen: “Astebururako edo hurrengo astelehenerako”.
Beasainen, Arrano tabernan, goizean aritu dira terrazak prestatzen, eguerdirako. Maika Leo arduradunak azaldu du neurriak betetzea oso garrantzitsua dela egoerak okerrera egin ez dezan: “Orain irekitzen dugunok bidea ireki behar diegu gero datozenei”.
Bezeroak ezin izango dira tabernara sartu, bi metroko distantzia utzi beharko dute mahai batetik bestera, eta komuna kasu berezietan erabiliko da soilik. Zerbitzatzen duten aldiro garbitu beharko dute eremua tabernariek.