Azokako postuak itzuli dira plazara
Hainbat astez Beti Alai pilotalekuan egin behar izan dute azoka Ordizian. Gaur, bertako nekazarien postuak plaza nagusira itzuli dira. Frontoian eta Zuhaiztian ere beste hainbat jarri dituzte
Azken aldian Ordiziako azoka ezohikoa izan dela esatea, ohiko ari da bihurtzen. Konfinamendua arintzeko lehen fasearekin batera, ordea, feria berezko espaziora itzuli da, plaza nagusira. Ez hori bakarrik, Beti Alai pilotalekuan, kanpoko frontoi txikian eta Zuhaiztian ere hainbat postu ikus zitezkeen gaur goizean. Eguraldiak askorik lagundu ez badu ere, jende ugari gerturatu da, nobedadeak eta gaur etorri diren betiko saltzaileen eta berrien postuak ikustera.
Ordiziako Udalak berregituratu egin du azken asteetan Beti Alai pilotalekuan eta atarian egiten aritu diren azoka. Ohiko saltzaileak, baserritarrak eta nekazariak, Ordiziako plazara itzuli dira, dozena bat postu guztira. Plazaren inguruan, gazta eta bakailao postuak ere jarri dituzte. Segurtasun tarteak eta itxiturak ikus daitezke oraindik, eta saltzaileak maskara eta eskularruekin ari dira. Baina postuak atzera plazan ikusteak, betiko azokaren itxura handiagoa eman dio gaurkoari.
Beti Alai pilotalekuaren atarian, gozoki, fruitu lehor, kontserba eta antzekoak ikus zitezkeen. Eta barrualdean, lore eta landare saltzaileen postu koloretsuak. Zuhaiztian berriz, arropa saltzaileen ordez, fruta eta txerriki saltzaileak ziren gaur.
Erabateko normaltasunera iristeko asko falta zaio oraindik Ordiziako Azokari, baina ari dira pixkanaka aurrerapausoak ematen.