Balorazioak nahi baino lehenago egin behar
Goierriko kirol taldeentzat amaitu da denboraldia eta balorazioa egiteko garaia heldu da. Beasain eta Goierri Gorriko arduradunek ligaren azken txanpa jokatu ez izanaren pena dute, eta balorazioa ez da nahi bezain ona.
Inor gutxi harrapatu du jokoz kanpo futbol liga ez profesional guztiak amaitutzat hartzeko erabakiak. Bi hilabete daramatzate lehiatu gabe, baina ez geldirik. Arduradunak datorren denboraldia prestatzen dabiltza eta aurtengoa nola joan den balantzea eginda. Beasain Kirol Elkarteko Unai Zurutuza kirol zuzendariak eta Goierri Gorriko Koldo Zaldua kirol zuzendariak eta lehen taldeko entrenatzaileak bat egiten dute: zapore «gazi-gozoa» utzi die denboraldia bat-batean amaitzeak.
«Denboraldi hasieran sinetsita geunden talde ona genuela eta emaitza hobeak espero genituen», aitortu du Zurutuzak. «Nahi eta ezin ibili gara denboraldi osoan. Irregular ibili gara eta ezin izan ditugu sentsazio onak kateatu. Pena da», osatu du. Talde txuri-urdinak hamalaugarren amaitu du denboraldia 33 punturekin.
Azken partida, gutxienez, irabazi egin zuten eta aho zapore onarekin agurtu zituzten zaleak nahiz eta beraiek ez jakin luzerako izango zela. Goierri Gorrikoek, hori ere ez: «Azken bi partidak galdu egin genituen eta ezin dugu esan gustura amaitu dugunik. Beti nahi dugu gehiago». Gorriek urte amaieran eta hasieran bolada txarra pasa zuten baina gora egiten ari ziren. Otsaileko lau partidak erreskadan irabazi zituzten. Hala, seigarren amaitu dute denboraldia, 36 punturekin eta bosgarrenarekin berdinduta.
Etorkizuna, zalantzan
Gazte mailetako taldeek poz handiagoak eman dizkiete bi klubei. «Lehen arazoak izaten genituen taldeak osatzeko eta orain neska asko eta maila handikoak ditugu. Adin maila guztietan ditugu taldeak, eta kategoria guztietan dugu talderen bat gorengo mailan», azpimarratu du Zalduak. Baikorrak dira etorkizunerako. Beasainen ere kimuak indartsu datoz: «Oso harro gaude bigarren taldeak egin duen denboraldiarekin. Denboraldi osoa lehen posturen borrokan ibili gara. Azken unean hirugarren postura erori ginen eta ezin izan dugu igo, baina ilusioa piztu duen denboraldia izan da. Jubenilek ere denboraldi erdian izandako arazoak gainditu zituzten eta indartsu amaitu dute», esan du Zurutuzak. «Jubeniletatik behera, formakuntza mailetan, kirol irizpideak baino futbolarekin gozatzea izaten da helburua, eta bete dugula esango nuke». Etorkizuna, ordea, ez dago argi. Dakiten bakarra igoerak egongo direla baina jaitsierarik ez. Bi klubei ez die zuzenean eragiten sailkapenaren erdialdean amaitu dutelako, baina datorren denboraldian talde gehiago egongo dira ligan. Gainera, txapelketak ohi baino geroago hasiko direla dirudi eta formatua aldatu beharra egongo da. «20 talde izan beharrean 22 izango gara», hasi da Zurutuza. «Esan digutenaren arabera hamaika taldeko bi multzo egingo dituzte. Bi multzoetako onenak elkarren aurka lehiatuko dira igoeraren bila, eta txarrenak jaitsiera elkarren aurka. Halere, oraindik ez dago ezer argirik». Nesken kasuan Euskal Futbol Federazioak erabaki beharko du nola egokitu garai berrietara lehiaketa.
Egitura berriez gain futbola koronabirusa hedatzeko bidea izateak kezkatzen du Zurutuza. Bi taldeek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako taldeen aurka jokatzen dute eta kutsatzeak lurralde osora zabaldu daitezkeela uste du. «Neurriak hartu arren futbola kontaktua duen kirola da, eta erraz kutsatu gaitezke», dio. «Argi dagoena da futbola lehengo normaltasunera itzultzeko gutxienez 2021/2022 denboraldira itxaron beharko dugula», borobildu du.