Bertako ekoizleen produktuak kontsumitzeko taldea sortu dute Idiazabalen
Astelehenero egingo du Iñaki Intxausti ekoizleak saskien banaketa Idiazabalgo Plaza Nagusiko arkupeetan, 18:30ean. Saskia erosteko ezinbestekoa da taldeko kide izatea
Konfinamenduak mugimendua murriztu duen honetan, hainbat ekimen jarri dituzte abian Goierrin ere. Bertakoak! Orain inoiz baino gehiago lelopean, Mutiloako, Segurako, Zegamako, Zeraingo eta Idiazabalgo Udalek bertako ekoizpena sustatzeko kanpaina sortu zuten apirilean. Idiazabalen hainbatek interesa erakutsi duenez, kontsumo taldea sortu dute. Astelehenero egingo da barazki saskien banaketa, 18:30ean, Plaza Nagusiko arkupeetan.
Idiazabalgo Udaleko zinegotzia den Iñaki Arriaranek azaldutakoaren arabera, koronabirusaren ondorioz jarri zuten proiektua martxan: «Bertako produktuen kontsumoa bultzatu nahi izan da». Aizkorpe bailarako lau udalen elkarlana izan da, eta inguruko ekoizleen zerrenda bat osatu dute, herritarrak zuzenean ekoizleekin harremanetan jar daitezen: «Udaletxe bakoitzak bere herrian lehen sektoreko ze ekoizle zeuden begiratu genuen, eta promozio bat egin genuen herritarrak produktu horiek kontsumitzera animatzeko», azaldu du.
Aizkorpe kontsumo taldea
Proiektuak harrera ona izan du, eta Idiazabalgo herritar talde batek kontsumo taldea osatu du astero barazki saskia jasotzeko. Iñaki Intxausti Zeraingo ekoizleak ekainetik aurrera banatuko ditu saskiak Idiazabalen: «Nik kasu honetan orain ez daukat barazki gehiegirik eta, orduan, ekainetik aurrera hasiko naiz; 10 bat inguru banatzea espero dut». Fruta, babarrunak eta behi haragia ere saltzen ditu Intxaustik, baina astelehenetan ez: «Astelehenekoa, saskietan, soilik barazkiak eta arrautzak».
Intxaustik berak jarri zuen martxan Aizkorpe Kontsumo taldea duela bi urte. Seguran, Zerainen eta Mutiloan ere banatzen ditu produktuak: «Idiazabalen baneuzkan pare bat interesatu eta baita taldearen parte zirenak ere, eta orain informazioa zabaldu da eta dexente gehiago interesatu dira».
Saskia, taldeko kideentzat
Garaian garaikoa saltzen du Intxaustik. Goierrin ere badaude beste kontsumo talde batzuk: Beasainen, Ataunen, Legazpin, Ordizian… Biolur elkarteko eta Basherri Sareko kide dira guztiak: «Nahiko berdintsu funtzionatzen dugu».
Barazki saskia eta arrautzak erosi ahal izateko kontsumo taldeko kide izatea ezinbestekoa da: «Bestela normalean ez zaie saltzen». Kuota bat ordaindu behar dute kideek hilabetero eta astelehenetan plazan saskia jasotzeko aukera izango dute.