Dolua eta sariak, bat eginda
Julian Alustiza ‘Aztiri’ idazleari egindako azken agurrak hartu zuen duela 15 urteko azala egunkariak .Sariak, Idiazabalgo futbol taldearena eta Xol zakurrarena ziren
Ostirala izan zen duela 15 urteko maiatzaren 13a, eta egun hartako GOIERRIKOHITZAk Julian Alustiza Aztiri idazle fantziskotar gabiriarrari egindako agurrari, Ordiziako Xol de Oianguren zakurrari eta Idiazabal futbol taldeari eskaini zien azala. Aimar Maizek zuzentzen zuen orduan egunkaria, eta Goierriko kazetariek Beasaingo Urbialde plazan zuten egoitza.
Azalean bezala, barruko orrietan ere toki nabarmena hartu zuen Alustizari Arantzazun egindako azken agurrak. Hileta elizkizunean euskal kulturako pertsonaia ezagunak eta erakundeetako ordezkariak izan zirela, eta Aztiriako frantziskotarrak kulturari eta literaturari egindako ekarpenak gogoratu zituztela jaso zuten, besteak beste.
Ehiza kontuak ere izan ziren albiste 2005eko maiatzaren 13 hartan, Ordiziako Jon Mujikaren Xol de Oianguren setter ingelesak irabazitako muestra zakurren Gipuzkoako Kopa tartean.
Elkartasunerako gunea ere bete zuen egunkariak, Urretxuko Udalak %0,7 kooperazio programaren barruan emandako diru laguntzen berri emanda. Hare Haizea, Izan eta Pueblos del Sur elkarteek jaso zituzten laguntzak.
Eguneko hirugarren albiste nagusia Idiazabaldik iritsi zen, denboraldia amaitzeko partida baten faltan, futbol talde nagusiak preferente mailarako igoera ziurtatu zuelako.
Beasaingo festak
Beste gai batzuk ere jorratu zituzten duela 15 urteko ostiral hartako HITZA-n. Beasainen, Loinazko jaien bigarren txanpa hastear zegoen, eta Urretxu-Zumarragan Liburu solidarioa programa jarri zuten abian. Eta ostirala izanik, asteburuari begirako agenda ere jaso zuten azken orrian, baita zorion agurrak ere: Xiker Larrea, Miren Naldaiz, Eider Saez, Oier Ibargallartu, Mailen Baez eta Jone Mujika.