Geldialdi osteko egoeraren baitan dago Gaintza etorkizuna marrazteko
Plan Orokorra diseinatzen hasi dira, 2020ko udal aurrekontuko lan garrantzitsuentzat. Baina diru sarreren galerak foru funtsa %20 murriztuko da baldintzatuko du
Gaintzak eta haren antzeko neurriko udalerri txikiek gainerakoek baino itzulera gordinagoa izan dezakete, koronabirusaren geldialdiak sortuko duen krisitik itzultzerako garaian. Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo iragarri zuen UFFF Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa %20 murriztuko diela udal guztiei. Galera hori bereziki bortitzagoa da beste sarrerarik ia ez duten udalerrietan, eta 2020rako aurreikusitako lanetan zuzenean eragin dezake.
Gaintzan otsailaren 27an onartu zuen Udalbatzak aurtengo udal aurrekontua, 252.615,20 eurokoa. Egiteko nagusia Plan Orokorra berritzea hartu dute, eta horri ekin zioten gaintzarrek, parte-hartze prozesuarekin, Covid-19aren izurriteak dena geratu aurretik. «Aurrekontuaren zati ia guztia horretarako destinatuta dago», azaldu du Gaintzako alkate Gaizka Balerdik.
Egitasmoak eta aurreikuspenak ezerezean gera daitezke, ordea, geldialdia nolabait gainditzean geratuko den egoeran. Ziurgabetasuna da gauza ziur bakarra Gaintzan ere. Partaidetza prozesua geldirik, Plan Orokorraren ikerketa eta azterlanak enkargatu gabe daude.
Diru sarrera nagusia
Gaintzako 252.615 euroko aurrekontutik, UFFFtik 177.235 euro jasotzekoa zen, aurten. Bostetik bat kenduta (35.447 euro), 141.788 euroan itxiko da aldundiaren iturria. «Foru funtsaren ekarpena behar-behearrezkoa da horrelako herri txikietan. Ikusi beharko da nola ateratzen garen hemendik, eta lana egiteko zer aukera geratzen zaigun».
Urtea bukatu aurretik bideratu nahi zuen Gaintzak Plan Orokorra. Birkalkuluak eta doikuntzak egin beharko dira orain udal aurrekontuetan. «Orain arte daramagun martxari eusten saiatuko gara. Plan orokorra hasi eta bideratzeko aukera baldin badaukagu, urtea ondo bukatuko dugu horrekin», dio Balerdik.
Inbertsioetarako 30.070 euroko saila bereizi dute. Ezusteko beharretarako gorde dute zati bat; beste bat, kaskoan irisgarritasuna eta oinezkoen mugikortasuna hobetzeko.
Ildo horretan, eliza barreneko haur jolas parkerako eskailerak berritzen hasi dira, mailak jaisteko eta zorua berdintzeko. Beste aldapa batzuetan ere arranpak eta eskulekuak jarriko dituzte.
Gazteria plana, maiatzetik
Urtea hastearekin, haur eskola berriz martxan jarri zuten Gaintzan irailean kurtsoa ez zuen hasi, atzera nahikoa haur elkartuta. Geldialdia eragin du han ere koronabirusak, baina datorren urtean segitzeko modua du.
Dinamizatzailea ere lanean ari da, sei hilerako. Abenduaren bukaeran hasi zen, eta itxialdiak martxa egokiari eragin badio ere, herriko gazteekin elkar eraginean eta plana lantzen ari da. «Kalera atera eta ekintzak egiteko aukera izango dugula dirudi pixkana, eta maiatzaren 25etik aurrera gazteekin garatzeko jarduerak prestatzen ari da orain».
Berreskuratuko ez dena, Herri Eguna dela dirudi 100 lagun elkartu ohi dira, eta jai arloan San Migeli begira jarri dira jada.