Hamar gaztetik bederatzik begi onez ikusten dute etxean egoteko agindua
Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako inkestaren arabera, familiakoren bat gaixotzea eta aiton-amonen bakardadea dira, une honetan, gazteen kezka nagusiak. Denbora etxeko lanak egiten eta lagunekin txateatzen pasatzen dute, eta gehienak gustura daude familian denbora gehiago pasatzearekin.
Nola ari dira gazteak konfinamendua bizitzen? Hori jakin nahi izan du Gipuzkoako Foru Aldundiak, #GazteakEtxean inkestaren bitartez. Bertan ateratzen diren ondorioetako asko, garbiak dira. Gipuzkoako gazteen %88 nahikoa edo erabat ados dago koronabirusari aurre egiteko etxean egoteko hartutako erabakiarekin.
Aldundiaren Kultura eta Gazteria Departamentuak 948 online inkesta egin ditu Gipuzkoako 10-17 urteko gazteen artean. Galdetegia itxialdiaren hirugarren astean zabaldu zen, apirilaren 2an, eta apirilaren 13ra arte egon zen egiteko moduan.
Konfinamendu garai honetan dituzten kezka nagusien inguruan galdetuta, %87k dio senideren bat gaixotzea dela haien kezka nagusia; %84k aiton-amonen bakardadeak ere kezkatzen dituela esan du, eta %77k, gurasoek lana galtzeak.
Etxean dituzten baliabideei buruz, galdetutakoen %98k badu ordenagailua eta Interneterako konexioa etxean. Inkesta hori online egin da, ordea, eta egileen ustez horrek mugatu egin du arrakala teknologikoaren eragina emaitzetan. %96k ikasteko toki egokia duela dio, eta %95ek baita beharrezko liburuak ere.
Etxeko lanak
Eguneroko jarduna etxeko lanak egiten (%94) eta lagunekin txateatzen edo hitz egiten (%82) pasatzen dute gehienek. Baita etxeko lanetan laguntzen (%80), ordenagailuarekin jolasean (%78) eta kirola, dantza edo ariketa fisikoa egiten (%78) ere. Denbora librea irakurtzeko aprobetxatzen dutenak gutxiengoa dira, hamarretik hiru (%33).
Etxeko lan kopuruari dagokionez, gehienek (%67) eskolatik edo institututik bidalitakoak egingarriak direla edo bukatzen dituztela azaldu du. Hamarretik hiruk berriz, gehiegi direla uste du, batez ere 14-17 urtekoen artean.
Emozioak eta ametsak
Itxialdi garai hontan bizi dituzten emozioei buruz ere egin diete galde. Gehiengoa (%54) pozik dago familian denbora gehiago pasatzearekin. Norbera edo ingurukoren bat gaixotu edo galtzeak, ordea, beldurra eragiten die hamarretik zortziri (%81). Gehienek amesten dutena, lehengo egoerara itzultzea (%31) eta koronabirusa gainditzea (%21) da, inkestaren arabera.