«Arazoak sor daitezke eta damutzeko, hobe ez egitea»
Maiatzaren 24rako, Iñaki Beitiaren omenezko 24. Mendi Martxa zuten antolatuta Urretxun eta Zumarragan. Covid-19agatik bertan behera geratu eta datorren urtera arte ez dutela egingo azaldu du Jesus Mari Garraldak.
Gogoratzen duzu Iñaki Beitiaren omenezko lehen martxa?
Bai, noski! Martxan parte hartu nuen, Ikastolaren izenean joan nintzen. Irailean izan zen. Ez zuen jende askok parte hartu. Zumarragako plazatik atera ginen eta Urretxuko plazan amaitu.
Nolakoa zen bera?
Pertsona jatorra, apala, alaia, laguntzeko prest agertzen zen beti, ideia propioak zituen eta jendearekin ondo moldatzen zen. Pertsona gaztea eta herriko ekimenetan asko inplikatzen zen. Ikastolan gorputz heziketako irakaslea izan zen eta eskola kiroleko arduraduna ere bai. Bertso eskola sortzeko lehen harria jarri zuen beste batzuekin batera, zinegotzia izan zen, euskararen eta euskal kulturaren alde lan handia egin zuen, euskal jaietan, Korrikan…Pertsona oso ezaguna zen herrian, eta zen bezalakoa izateagatik, marka handia utzi zuen jendearengan, hutsune handia utzi zuen bere heriotzak.
Horren guztiaren isla, Beitiaren omenezkoaren antolakuntzan dago. Eragile askok osatzen duzue.
Hala izan zen lehen edizioan eta eta hala izaten jarraitzen du. Iñakik parte hartzen zuen talde horietako ordezkariak daude. Zintzo Mintzo, Ostadar Mendi Elkartea, Goierri K. E. , Lekaiok Kultur Elkartea eta Urretxu Zumarraga ikastolako ordezkariak daude.
Pausoka-pausoka, 24. edizioa antolatzeko lanetan ari zineten. Aurten ere Aizpurutxon egin zenuten lehen bilera?
Iñaki Aizpurutxokoa zen eta horregatik, urtero-urtero lehen bilera hantxe egiteko ohitura hartu dugu eta hala mantenduko dugu gainera. Iñakiren aita zena, Joxemari, ere etortzen zen. Aurten, anaia Mikel izan da gurekin. Familia guztia asko inplikatu da hasieratik.
Anoa puntu garrantzitsuena ere hantxe jartzen duzue?
Iñakiren senideak arduratzen dira anoa puntu horretaz, hornikuntzaz eta hango lanez. Salda, txorizoa eta denetarik jartzen dute. Ilusio handiarekin laguntzen dute. Han sortzen den giroa oso berezia izaten da, partaideak desiatzen egoten dira hara iritsi eta hamarretakoa egiteko.
Dena den, martxan parte hartzen duten batzuk kexatu ere egiten dira puntu horretara iritsita, ondoren Irimora edo Oleta aldera igo egin behar dela eta, baina tira, pintxoak jateari utzi gabe kexatzen dira.
Aurten berrikuntzarik izatekorik bazen?
Aurreko urteetakoen bidetik zihoan. Hori bai, aurten Izazpi aldera tokatzen zen lehenik. Urtero txandaka egiten dugu, Beste batzuetan, Irimo aldera egiten dugu lehenik. Bestela ez zegoen berrikuntzarik. Datorren urtekoa, 25. edizioa izan behar zuenez, horretarako bai hainbat berrikuntza aurreikusita genituen.
Apirilaren erdialdean jakinarazi zenuten aurten ez zela martxarik egingo eta datorren urtera arte itxarongo duzuela.
Zalantza asko izan genituen eta asko kostatu zaigu erabakia hartzea. Lehenengo erabakia izan zen atzeratzea. Data berri bat jartzea dezente kostatu zitzaigun, baina azkenean urria hilabete aproposa izan zitekeela pentsatu genuen.
Hurrengo bilera batean, mahai gainean jarri genuen gaia berriz ere eta zalantza asko izan genituen, beste ekitaldi batzuk ere badaudelako eta gainera, hurrengo urteko mendi martxa, urrian hasten garelako antolatzen. Azkenean, erabakia izan zen aurten ez egin eta datorren urtera itxarotea.
Iñaki Beitiaren omenezko martxa lehen aldiz egin zenetik urtero-urtero egin izan da, kale egin gabe. Zein sentsazio duzue aurten?
Bertan behera uztearekin pena handia dugu antolakuntzan aritzen garen guztiok. Guk bakarrik ez, herritar askok ere hala jakinarazi digute. Urretxun eta Zumarragan oso errotuta dagoen ekimena da, urtetik urtera bere lekua egin du.
Ez egiteak, esan bezala, pena handia ematen digu baina gauden egoeran, antolakuntzak hartu duen erabakia onena dela uste dut. Jende pilaketak ez dituzte gomendatzen, eta gure ardura ere bada. Koronabirusaren aurrean, erantzukizuna ere badugu. Antolatzean, arazoak sor daitezke eta damutzeko, hobe da ez egitea.
Baina datorren urtean egingo dugu berriz ere. Beraz, jendea presta dadila gogotsu eta indartsu bueltatuko baikara.