Beilak eta elizkizunak segurtasun neurriekin itzuli dira
Beilak eta zeremonia erlijiosoak publikoari zabaltzea onartzen du lehen faseak, baina koronabirusa ez zabaltzeko segurtasun neurriekin: edukiera mugatua, higiene zorrotza...
Beilatokiak eta gurtza zentroak irekita daude astelehen honetatik. Osasun larrialdia baretzen doan heinean jende pilaketak ekiditeko neurriak arintzen ari dira agintariak, eta horri esker ateak zabaltzeko aukera izan dute bi hilabeteren ondoren. Halere, koronabirusaren arriskua oraindik ere egiazkoa da eta neurri zorrotzekin hasi dira martxa hartzen.
Beasaingo Oiarbide ehorztetxean sekula ez dira gelditu, baina itxialdia indarrean inork ezin zituen hildakoak bisitatu. Orain, normaltasunera itzultzen ari dira apurka apurka. «Egun gutxi pasa dira hasi garenetik, baina senitarteko hurbilenak etortzen hasi dira», azpimarratu du Iñaki Oyarbide ehorztetxeko arduradunak. Edonor eta edonoiz joan daiteke hildakoa eta senitartekoa bisitatzera, dagoen muga bakarra aldi berean hamar laguneko kopurua da. «Gainerako neurriak kalean erabili beharreko berberak dira: distantzia eta higienea. Eta zentzua erabiltzea besterik ez da», azpimarratu du arduradunak. Bi metroko tartea mantendu behar denez, atsekabea erakusterakoan ezin dira besarkadak eman.
Lur-emateak aire librean egiten direnez, elkartu daitekeen jende kopurua hamabost lagunekoa da gehienez. Kasu honetan ere urruntze soziala errespetatu behar da eta musukoak eramatea oso gomendagarria da.
«Egunero egiten dugu meza», aipatu du Pedro Laskurain Zumarragako parrokoak. «Neurri bereziak hartu behar izan ditugu, baina esan dezakegu normaltasunez ari garela». Agintariek erlijio guneetako edukiera herenera murriztu dute eta fededunen arteko harremanak debekatu dituzte. «Egoera berrirako prest geunden. Sarreran gel hidroalkoholikoa jarri dugu eskuak garbitu ditzaten, eserlekuak ere mugatu egin ditugu distantziak mantentzeko eta musukoa erabiltzea gomendatzen dugu», azaldu du.
Elizako arduradunek adineko jendeari meza etxetik jarraitzeko aholkatu diete. Era berean, joaten diren fededun guztiei musukoa erabiltzeko eskatzen diete nahiz eta derrigorrezkoa ez den. Parrokoaren hitzetan gehiengoak eramaten du. «Ez nuke esango beldurra denik. Fededunak lasai eta gustura sentitzen ditut».
Bakea ematea eta ur bedeinkatuarekin aitaren egitea debekatuta dago eta atabaka ezin da pasa esku askok ukitzen dutelako. Meza amaieran egin daitezke dohaintzak. Jaunartzea, ordea, banatzen da. Apaizak eta fededunak aldez aurretik eskuak garbitu behar dituzte, ilaran tarteak mantendu behar dira, eskutik eskura emango da eukaristia eta isilik egin behar da.
Bakoitzak bere alfonbra
Gainerako erlijio zentroei ere eragiten diete neurriok. Goierrin, esaterako, bost meskita daude: Idiazabalen, Olaberrian, Ordizian, Zegaman eta Zumarragan. Hauez gain, eskualdeko herri nagusienetan elkartzeko guneak ere badituzte.
Edukiera herenera mugatua dago eta ezin dira elkar ukitu. Halaber, musulman bakoitzak bere alfonbra eraman beharko du etxetik eta distantzia minimoak errespetatuz jarri beharko da. Zapatak erabilera bakarreko eta plastikozko poltsa itxi batean gorde beharko dituzte eta beti alboan eduki.
Beilak eta elizkizunak
Beilak eta elizkizunak baimenduta daude lehen fasean, baina baldintza batzuekin:
BEILAK
· Edukiera mugatua. Gela bakoitzean, gehienez ere, hamar lagun elkartu daitezke aldi berean.
· Bestelako murrizketarik, ez. Edonor eta edozein ordutan joan daiteke hildakoa eta senitartekoak bisitatzera. Halere, oinarrizko segurtasun neurriak mantendu behar dira: musukoa, elkarren arteko distantzia, higienea… Ezin dira besarkadak eta musuak eman.ELIZKIZUNAK
· Fededunak, herenera. Gurtza zentroen edukiera %30era mugatuta dago. Egokiena eserleku bakoitzean pertsona bakarra egotea da, edo elkarren artean, gutxienez, metro bat.
· Bakea, urrunetik. Jaunartzea hartu ahalko da, baina eskuak desinfektatu behar dira aurretik. Debekatuta dago elkarri bakea emateko eskua ematea. Era berean, ezin da ur bedeinkatuarekin.