«Danimarkan jende askok eta askok etxetik lan egin dezake»
Manex Agirrezabal (Zumarraga, 1988) Kopenhagen bizi da. Bertako unibertsitateko irakaslea da. Etxera itzultzeko irrikan dago, senitartekoekin eta lagunekin egoteko.
Ze ikasketa egin zenituen?
Informatika ikasi nuen, 2006tik 2011 arte. Ondoren, Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua masterra eta doktoregoa egin nituen, Donostiako Informatika fakultatean.
Zeri buruzkoa zen zure tesia?
Poesiaren analisi erritmikoa egin nuen, sistema informatikoak erabilita. Ingelesezko poesiaren analisi erritmikoa egin nuen eta ondoren analisi erritmiko hori euskarara eta gaztelerara pasa nuen. Euskarazko eta gaztelerazko poemak ere analizatu nituen. Euskarazko poesiaren alderdi erritmikoari dagokionez, ez dago oso argi zenbaterainoko garrantzia duen azentuazioak eta horrek zailtasunak sortu zizkigun.
Non lan egin duzu orain arte?
Masterra eta tesia egin bitartean, EHUn egon nintzen bekadun bezala. Tesia amaitu nuenean, 2017an, Kopenhageko unibertsitatera etorri nintzen. Programazio Zientifikoaren eta Hizkuntzaren Prozesamenduaren inguruko masterra ematen dut, ingelesez. Daniera ikasten ari naiz, baina oraindik ez naiz eskolak hizkuntza horretan emateko gai.
Nolatan bukatu zenuen Kopenhagen?
Tesia bukatu nuenean, lan bila hasi nintzen. Lan eskaintza ezberdinetan izena eman nuen eta horietako bat Kopenhageko unibertsitatekoa zen. Ez nuen Danimarkara etortzeko gogo berezirik. Aukera hau suertatu zenez, hona etorri nintzen. Tesia bukatu eta hilabetera, Danimarkan nengoen.
Espero zenuena aurkitu al zenuen?
Egia esan, ez nuen ezer berezirik espero. Abentura bat izan da. Balorazioa oso positiboa da. Kopenhage hiri polita da eta egunero kultur ekitaldi asko daude. Oso hiri atsegina da.
Bizimodua Euskal Herrikoaren oso ezberdina al da?
Gauza batzuetan bai, baina beste batzuetan ez. Lagunen etxeetan elkartzeko ohitura handia dute. Ez dute poteatzen, baina horrek ez du esan nahi jendea tabernetara joaten ez denik eta kalean afaltzen ez duenik. Ostiraletan jende asko ibiltzen da kalean; parranda egitera ere ateratzen dira.
Dioten bezain zorrotzak eta arduratsuak al dira?
Ez dira euskaldunak baino askoz ere arduratsuagoak. Nahiko antzekoak gara horretan.
Zure burua luzaroan ikusten al duzu bertan?
Ez dakit. Nire kontratua 2023ko uztailean amaitzen da eta ez diot mugarik jartzen nire buruari. Ate guztiak zabalik ditut.
Zer esango zenuke koronabirusari aurre egiteko erabili duten estrategiari buruz?
Nire ustez, hemen nahiko malguak izan dira. Ez dute murrizketa asko egin. Euskal Herrian murrizketa gehiago egin dituzte. Danimarkan lan asko eta asko etxetik egin daitezke. Lanera joateko etxetik atera beharra ez zutenez, aisialdian etxetik irteten utzi diete. Nahi nuen guztietan atera naiz erosketak egitera edo paseo bat ematera. Hori bai, distantzia fisikoa mantentzeko eskatu dute. 10 pertsona baino gehiagoko bilerak ez dituzte baimendu oraindik. Gauzak ondo badoaz, gehienek etxetik lan egin dezaketelako da. Lantokietara joan beharra balute, Euskal Herrian bezala egongo lirateke.
Dendak eta tabernak zabalik egon al dira?
Dendak itxi egin zituzten, baina dagoeneko zabalik daude. Aforoa mugatua da, baina saltokietan ez dira ilara handiak ikusi. Tabernak oraindik itxita daude. Kafetegi batzuk kafea saltzen dute, baina lokal barruan ezin da egon.
Eztabaidak sortu dituen erabakiren bat hartu al da?
Ez dut polemika handirik nabaritu. Jendeak nahiko ondo errespetatu ditu aginduak. Hori bai, hemen eguraldi ona ez da oso ohikoa eta beroa egin zuen egun batean talde handiak elkartu ziren eta jendeak elkar besarkatu zuen. Horren ondoren, poliziak kontrol zorrotzagoak ezarri zituen.
Nola eman dituzu aste hauek?
Ondo, kalera ateratzeko eta aire librean kirola egiteko aukera eduki baitugu.
Beste zerbait aipatu nahi al duzu?
Animoak bidali nahi dizkiot Urretxuko eta Zumarragako jende guztiari. Eta San Isidro festa zoriontsuak opa dizkiet eitzatarrei. Badakit balkoietan ospatu behar dituztela. Etxekoekin sarritan hitz egiten dut eta astean behin Urretxuko eta Zumarragako lagunekin pintxo-potea egiten dut. Badut hango berri. Bizpahiru hilabetero herrira itzultzen nintzen eta urtarriletik daramat itzuli gabe. Ea ekaina edo uztailean joaterik dudan! Herriko jendearekin egoteko gogoa dut!