Langilerik gabe, lan gutxi Goierriko hoteletan
Obretako edo inguruko enpresetako langileak dira hoteletako bezeroak egunotan. Mugimendua murriztuta, lan gutxi dute, baina aparteko garbiketa neurriak ere hartu behar dituzte koronabirusagatik.
Hotelak irekita daude, baina mugimendua mugatuta dagoenez ez dago ia bezerorik. Enpresekin lan egiten duten hoteletan mugimendurik badago, baina lan karga askoz ere txikiagoa da. Ezjakintasuna da nagusi hotelen arloan ere.
«Hotela irekita dago, baina ez dago jenderik», azaldu du Segurako Imaz hoteleko arduradun Elena Imazek. Aste barruan inguruko enpresetako langileek hartu ohi dute ostatu bertan, baina Alarma Egoeran kopurua murriztu da: «Aurreko astean izan genituen langile batzuk, baina aste honetan oso ahul».
Mugimendua murriztuta eta eta probintziatik ateratzea debekatuta dagoen arren, izan dituzte turisten eskaerak ere: «Frantziatik deitu ziguten aurreko astean, pentsatzen dut prestatzen ariko zirela». Mugimendu debekua kentzen dutenean argituko da egoera hoteletan Imazen arabera. Baikor agertu da: «Lanaren arabera, ea enpresak nola ateratzen diren, eta horren arabera izango da; enpresak gora badoaz, jendea ere goraka joango da, baina ikusi egin behar».
Hotelaz gain, taberna eta jatetxea dute Imaz Hotelean: «Eguraldiaren zain gaude». Izan ere, terrazak ez du aterperik eta euriarekin ez die merezi irekitzeak. Datozen egunotan irekiko dute taberna: «Udalak baimena eman digu distantzia mantenduz gero %100ean irekitzeko».
Eguraldia lagun izatea espero du: «Nik uste herriko jendea animatuko dela eguraldi onarekin».
Alarmaren kontraesanak
Beasaingo Igartza Hotela ere irekita dago. Aurreko astean ireki zuten, ez zegoelako bezerorik ordura arte: «Baimena bagenuen langileei ostatu emateko, baina ez ziren etorri», adierazi du Carlos Garcia arduradunak. «Orain dozena erdi bat edo izan ditut».
Lasai agertu da egoerarekin Garcia, baina neurriak zehatzagoak izatea gustatuko litzaioke, zer egin dezaketen eta zer ez argitzea: «Jarraibide batzuk eman beharko lituzkete, eta denok gure aldetik jarri».
Alarma Egoeraren aurreko errealitatean, hoteleko bezeroek bazkari eta afari zerbitzua izateko aukera zuten, baina Alarma Egoeran hoteletako amankomuneko eremuak ezin dira erabili. Garciak azaldu du bazkaltzeko otartekoa egin ziela ostatu hartu zuten langile batzuri lehengo astean. Ezin dute mahai berean bazkaldu, zortzi orduz fabrikan edo obretan batera aritu ostean.
Ezjakintasun eta kontraesan horiek dira ezegonkortasuna eragiten dutenak.
Hiru aste zabalik
Beasaingo Salbatoreh hotelean Pazko Astearen ondoren hasi ziren lanean: «Hemen obratan ari ziren eta gurekin denbora dezente daramaten bezero batzuek esan ziguten ea irekiko genuen, baina berez orduan ezin zen», jakinarazi du Jon Aierbe arduradunak. Horrela, Goitur Goierriko Turismo Agentziarekin jarri ziren harremanetan: «Legazpi aldean ere ostatu ematen ari zirela esan ziguten». Eusko Jaurlaritzarekin hitz egin zuten, eta obratan ari ziren langileei ostatu emateko aukera zutela esan zien administrazioak.
Ordutik «erdipurdika» dabiltzala azaldu du Aierbek: «Zeozer egiten ari gara, baina gauza handirik ez». Salbatorehn ere enpresekin aritzen dira lanean batik bat, nahiz eta turismoa egiteko deirik jaso duten: «Azkenean mugikortasun aldaketa hauekin ezer ez, atzera bota zuen mugitzerik ez dagoelako, baina probintziako baten batek deitu zuen asteburua pasatzeko».
Garbiketa lan gehiago
Ohiko egoera batean ere, hoteletako higiene eta garbiketa neurriak zorrotzak izaten dira: «Guk berez azkenean garbitasun eta desinfekzio mailan egiten duguna baino askoz gehiago ez da egin behar orain». Halere, koronabirusaren kontrako prebentziorako aparteko neurriak hartu behar izan dituzte: «Telebista mandoak, giltzak, heldulekuak, horrelakoak desinfektatu egiten dira orain». %100ean segurtasuna eta desinfekzioa bermatzerik ez duten arren, badute ezaugarri bat alde: «Abantaila daukagu bezero finkoak direla, astelehenetik ostiralera berdinak izaten dira, gelak egokitzen zaizkie eta ez zaie aldatzen».
Horrela ari dira lanean Salbatorehn, baina Aierbek azpimarratu du hori ez dela errealitatea: «Kasu puntual bat da, egonaldiluze baterako jendea neukan eta horiekin eroso egon gara».
Tentsioa lanean
Ezjakintasuna eta etengabeko informazio aldaketa nagusi diren honetan, tentsioa badago: «Azkenean egoera ez da erosoa ez langileentzat ez inorrentzat». esan du Aierbek.
Burujabetasuna eta sen ona aipatu ditu egoerari aurrera egiteko: «Gu burujabetasuna landuz gaude lanean». Etorkizunera begira, ordea, ez da baikor agertu: «Beldurrez gaude ea zer gertatzen den, ez dago argi inondik inora ere». Igartza Hoteleko arduradunak bezala, Salbatorehko Aierbek ere zehaztasun falta nabari du egin beharrekoekin: «Amankomuneko eremuak ezin dira erabili, baina hori zer da? Pasiloak ere ez al dira amankomuneko eremua?».
Informazioa aldez aurretik jaso nahiko luke Aierbek. Jatetxea itxita dute, eta ez dakite noiz bueltatuko diren lanera arlo horretan: «Jatetxea hemendik hamar egunera zabaldu behar badugu, bezperan esango digute», agertu du. «Horrelako egoera batean, non langileak aldi baterako lanuztean dauden eta ez duten kobratu, lanera bueltatzeko esan behar zaie ez dakit zein baldintzetan… erokeria bat da».
Bezerorik gabe, itxita
Zumarragako Etxeberri Hotelean, aldiz, ez dute lanik. Etxetik telefonozko arreta ematen dute, baina ez dute bezerorik: «Hasiera batean ez gaude lanean, ez dagoelako inor», azaldu dute.
Egoerak aurrera egin ahala argituko da egoera. Hoteletan, bitartean, langileak izango dira ostatu hartzen. Eta etorkizunera begira, aldiz, probintzia bertako turismoa areagotzea izan daiteke aukera bat.