Udalak 400.000 euro bideratuko ditu merkataritza eta ostalaritza suspertzeko
Tokiko merkaritza eta ostalaritza suspertzeko 400.000 euroko poltsa aurreikusi du Ordiziako udalak. Caritasi eta Gurutze Gorriari 2.000 euro bideratuko dizkiete

Lan askoko egunak izaten ari dira udal guztientzat; Ordizian ere ate asko dituzte zabalik, eta horietako bat, koronabirusaren inpaktu ekonomikoa murriztea izango da. Covid-19ak sortu duen egoeraren aurrean, Ordiziako Udal gobernuak herriko hainbat jarduera ekonomikoren inguruko hausnarketa egin, eta haiek suspertzeko 400.000 euroko aurreikuspena egin du.
Momentuz, hainbat pauso eman ditu udalak. Batetik, terrazak dituzten ostalaritza establezimenduek zabaldu ahal izateko, «terrazen azalerak birkalkulatzeko, %50eko murrizketa hori handitu ahal izateko, lanean» ari dira. Irekitzea erabaki dutenei «irizpide berriak bidali eta bestalde, terrazetan jarraitu beharreko gomendioak zehazten dituzten kartelak ere egin» dituzte. Gainera, alarma egoerak iraun bitartean, terrazetako tasei dagokion kopurua ez zaie kobratuko. Merkatariekin, «Bizi herria kanpainaren barruan, bertako merkataritzaren aldeko deia zabalduko» dute. Ezenarrok esan duenez, «Ordiziarrak herrian bertan erostera animatu nahi» dituzte. Bide horretan, hainbat neurri abiarazi nahi dituzte. Besteak beste, «etxe bakoitzera 20 euroko balioa duten bonuak bidaltzea». Argitu du « 5 euroko lau bonu» izango direla, eta «Ordiziako establezimenduetan gastatzeko izango dira». Nola erabili ere aurreratu du alkateak: «Banaka edo denak batera erabili ahalko dira». Ordiziako, «4.650 etxeetan banatuko dira».
Bestalde, itxita egon diren merkataritza eta ostalaritza establezimendu bakoitzari, «1.000 euro bonuetan ematea» aurreikusi dute. «Bost euroko 200 bonu banatuko dizkiegu bakoitzari». Nola egin «arautu nahian» ari dira. «Itzuli beharrik gabeko» laguntza bat da. 1.000 euroko balioa duten bonuekin lortu nahi dute, «beste horrenbeste edo gehiago sortzea». Establezimenduetan erabakiko dute nola banatu, deskontuak aplikatu ahalko dizkiete bezeroei, eta beraz erosleak erakartzea da helburua, eta bezeroak fidelizatzea».
Ostalaritza eta merkataritza suspertzeko ahaleginaz gain beste sektore batzuetan ere indarra egingo du Ordiziako Udalak. Hori horrela, «obra txikietan, 60.000 euro arteko obretan tasak ez kobratzea. Gremio txiki asko daude eta nahi duguna da etxetako obra txiki horiek suspertzea».
Gainera, ongizate arloari dagokionez, Eusko Jaurlaritzatik 50.000 euro inguru jaso ditu udalak. Oraintxe, nola kudeatu aztertzen ari dira. Momentuz, Caritas eta Gurutze Gorriari 2.000na euro bideratu dizkiote, «marko legaletik kanpo daudenen laguntza eskaerak erantzuteko».
EAJri «telepolitikan» aritzea egotzi dio EH Bilduk
Ordiziako EH Bilduk EAJ erakusten ari den jarrera salatu du. Duela aste pasatxo udalak deitu zuen bozeramaileen batzordean proposamenik egin ez eta antza denez, hurrengo egunean, komunikabide batean publikatu zuten Ordiziako EAJ eginiko proposamen bat. Gainera, EH Bilduk salatu du, «Errenteriako EH Bilduk eginiko proposamenaren plagioa» dela. «Errenteriako ideiak, kontzeptuak, partidak, taulak, tintaren kolorea bera! kopiatu, eta kopuruak aldatu soilik, kopuru horiek gainera Ordiziako Udalarentzat bideragarriak ote diren kontrastatu gabe».
EH Bilduk hitzez hitz horrela esan du: «Ordiziako EAJ telepolitikan ari da, herritarren beharretatik urruti, eta urrutira begira. Ordiziarrengandik urruti. Gure azokaren eta baserritarren kontra bere alderdiaren esku dauden erakundeetatik etorri diren erabakien aurrean zer egin du Ordiziako EAJk? Gipuzkoa osoko egoera larriena bizi izan duen San Jose Egoitzako egoera eta babeserako materialaren eskasiaren aurrean zer egin du Ordiziako EAJk bere alderdiaren esku dauden Kabia eta Foru Aldundiaren aurrean?». Ordiziako EAJren harremanetan jarri da egunkari hau, baina ez dute adierazpenik egin nahi izan.