Nomadak, bide bazterrean geldi
'Circo Italiano' konpainiako kideak Beasainen harrapatu ditu koronabirusak eragindako geldialdiak. Zirkuarekin hara eta hona ibiltzen dira, baina bi hilabete daramate geldirik.
Beraien etxea zirkuaren karpa dagoen lekuan dago, gaur hemen eta bihar han. Nomadak dira. Gutxitan gelditzen dira denbora luzez leku berean, baina koronabirusak ez die beste aukerarik utzi. Circo Italiano konpainiako kideek bi hilabete daramatzate Beasainen, Iturralde Txiki industrialdean. «Gizarte handi batean gizarte txiki bat gara».
Ezin dute ikuskizunik eskaini, baina horrek ez du esan nahi geldi daudenik. «Ezin gara gelditu, indarra eta trebezia gelduko genituzke», azaldu du Sonia Miranda zirkuko zuzendari artistikoak. Karparen egitura sendotzeko lanetan dabiltza batzuk, alboan lau dantzari entseatzen dabiltzan bitartean. «Egoera zaila da. Zirkua gure ogibidea da eta orain ez dugu diru sarrerarik. Halere, osasunez eta animoz ongi gaude».
Beasainen gustura daude. «Ingurune ederrean gaude. Entseatzeko eta lanak egiteko aukera dugu inori enbarazu egin gabe, eta beasaindarrek ongi hartu gaituzte», dio Mirandak. «Batzuk etxera joateko aukera izan dute, baina gainerakoak gure karabanetan bizi gara. Denera, 83 lagunek osatzen dugu zirkua, herrialde, arraza eta kultura ezberdinetakoak».
Mirandak dio gogorrena erabateko itxialdia izan zela, karabanak oso txikiak direlako. «Orain hobeto gaude. Artistak gara eta beti ditugu mugimendu eta ikuskizun berriak buruan eta orain horiek gauzatzeko denbora dugu». Kamioi eta logelen artean plaza bat osatu dute. Dantzariak dabiltza entseatzen, eta arratsaldean orekariaren txanda izango da. Garabi batetik zintzilik trapezio bat dago. «Txandaka ibiltzen gara denok entseatzeko aukera izan dezagun».
Itzulera, prest
Ekainaren 4an berrekingo diote ikuskizunari ondo bidean. Beasainen egingo dute lehen geldialdia, martxoaren 14ko asteburuan bertan zirelako aktuatzekoak. «Segurtasun neurriak zorroztu behar izan ditugu, beste edozein ikuskizun bezala».
Udal batzuk ikuskizuna egiteko debekua ezarri dietela salatzen dute. «Jada hitzartuak genituen udal batzuk atzera egin dute. Ez da justua. Uler dezaket ikusleak pilaketen beldurra izatea, baina ekiditeko neurriak hartu ditugu. Udalek aukera eman beharko ligukete gure bizimodua delako, eta gero bakoitzak erabaki dezala ikustera etorri nahi duen ala ez», nabarmendu du Mirandak. Urretxura ziren joatekoak, baina ikuskizuna bertan behera gelditu da.