Leku publikoetan maskarillak derrigortzea eta irteteko ordutegiak kentzea ari dira aztertzen
Espainiako Gobernuak datozen egunetan onartu dezake leku publikoetan babes-maskarak erabiltzea derrigortuko duen araua. Urkullu lehendakariak, kalera irten eta kirola egiteko ordutegiak kendu ditzala ere eskatu dio Sanchezi.
Espainiako Gobernuko eta Autonomia Erkidegoetako ordezkariak bat datoz; babes-maskaren erabilera orokortu egin behar da leku publikoetan. Espainiako Gobernua musukoen erabilera derrigortuko duen araua prestatzen ari da, eta datozen egunetan onar lezake, Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuaren bozeramaileak atzo iragarri zuenez. Aukera hori lehendik ere aztertzen ari zirela azaldu du: Salvador Illa Osasun Ministroak berriz, neurri horren inguruan adostasun zabala egon dela azaldu du, Erkidegoetako presidenteekin egindako bilerari aipamena eginez.
Hain zuzen ere, bilera horretan Urkullu lehendakariak egindako proposamenetako bat izan da babes-maskaren erabilera orokortzearena. Horrez gain, kalera irteteko eta kirola egiteko ordutegiak kentzeko ere eskatu du. Lehen puntuari dagokionean, zenbat eta mugikortasun gehiago izan, maskarilla gehiago egon behar dela uste du Urkulluk. Hala, etxetik kanpo egiten den aktibitate orotarako musukoa erabili behar izatea proposatu du, batez ere leku itxietan eta gutxieneko segurtasun tartea mantendu ezin den tokietan.
Deseskaladaren lehen egunetan ordutegiak finkatzea erabilgarria izan dela uste du Lehendakariak, baina egunek aurrera egin ahala, “herritarrentzat nahasmen iturri” bihurtu direla deritzo. Hori dela eta, 1. fasean dauden eremuetan ordutegiak kentzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.
Bigarren faserako neurriak
Bigarren faseari begira, berriz, beste neurri batzuk ere proposatu ditu Urkulluk. Horietako bat da aforoaren muga %50era malgutzea, bai ekitaldi kulturaletan eta baita ostalaritzan ere. “Bateragarriak egin behar dira osasun publikoaren prebentzioa eta aktibitateen bideragarritasuna”. Horrekin batera, turismo aktiboa eta mendian ibialdiak egileko mugak kendu eta aktibitate horiek modu librean egin daitezela eskatu du.
Hezkuntza ere hizpide izan du Lehendakariak, Sanchez presidentearekin egindako bileran, eta eskola presentzialak indartu ditzala eskatu dio. Jaurlaritzaren lehendabiziko proposamena, DBHko 4. maila, Batxilergoko 2.a eta Heziketa Profesionaleko ikasleak gaurko egunez hastea izan zen, baina hezkuntza komunitatearen eta sindikatuen erantzuna kontrakoa eta aho batekoa izan zen. Orain, itzulera hori hilaren 25ean egin dadila nahi du Urkulluk. Bere ustez, “zailtasun akademikoak eta sozialak dituzten ikasleek, arrakala digitala bizi duten familiak, eskola presentzialen indartzea” behar dute.
Osasun arloari dagokionean, “osasun krisiaren momenturik gogorrena gainditzen” ari garela azaldu du Lehendakariak, baina orain “aktibitate ekonomikoan eta lanpostuetan izango duen eragina” eta horri eman beharreko erantzunak dira kezka iturri nagusia. Lehen faseko aurreneko astean, “positibo kasuen beherakada egonkortu” egin dela azaldu du. Aldaketa, kezka eta ziurgabetasun handiko unea dela deritzo, eta orain “balio handiko bi helburu jokoan” daudela uste du: “osasuna eta oparotasuna”.