Denek bizikletan ibili nahi dute
Bizikleta dendetan lanez gainezka daude. Garraio publikoa hartzeko beldurrak, kalera irteteko ordutegi mugatuek, naturaz gozatzeko beharrak, eguraldi onak... jendea bizikletan ibiltzera bultzatu dute.
Ditxosozko koronabirus honek gauza onen bat ere ekarri du: jende asko bizikletan ibiltzen hasi da eta Goierriko bizikleta dendak lanez gainezka daude. Ez da erraza izan bizikleta dendetako langileekin hitz egitea. Batek bezeroak dituela eta beranduago deitzeko, besteak egun osan zehar oso lanpetuta egongo dela… Beasaingo Jokin Mujika dendako Begoña Ilarduiak, Ordiziako Marotias dendako Juan Karlos Marotiasek eta Urretxuko Mikel Cycle dendako Mikel Plazaolak tartetxo bat eskaintzea lortu dute eta eskertzekoa da.
Ilarduiak denda itxita eduki duten egunak «gogorrak» izan direla dio. «Jendeak denetik eskatzen zigun, kalean ikusten gintuenean, telefonoz… eta ezin genien zerbitzurik eskaini. Saltzeko aukera eduki eta ez saltzea gogorra da. Bestalde, bizikleta on batzuk salduta genituen eta ezin genituen entregatu. Bezero horiek lana galdu eta atzera egingo zuten beldur ginen».
Arrabolena zoramena izan dela dio. «Biltegietan arrabalik gabe gelditu ziren, hiru egunetan. Arrabolik ez zuen jendea oso urduri jarri zen eta etxera, mugikorrera… deitzen ziguten. Dendan genituen arrabolak berehala saldu genituen».
Duela bi aste ireki zuten denda berriro. «Itzulera oso estresagarria izan zen. Jende guztiak bizikletak martxan jarri nahi zituen eta txanda ematen genuen. Ordu laurdenero bezero bat etortzen zen. Konponketa bukatu ondoren, bizikletaren bila etortzeko deitzen genien. Dagoeneko ez dugu txanda emanda bakarrik lan egiten, baina bi langile garenez, bi pertsona bakarrik sartu daitezke: bata tailerrera eta bestea dendara».
Bi bezero mota daude. «Asko ibiltzeko ohitura dutenek, arrabola gainean ibili dira eta kateak eta pneumatikoak aldatzea behar dute. Beste askok, berriz, aspaldiko partez bizikletan ibiltzea erabaki dute: kirola egitera atera gaitezkeen orduak aprobetxatzeko edo seme-alabekin ibiltzeko». Lan asko dute, baina materiala ez da iristen. «Enpresak material gabe gelditzen ari dira».
Bizikletaren boom horrek denboran irautea espero du. «Baliteke berotasun bat izatea. Guk ohitura aldaketa izatea espero dugu, noski: jendeak garraio ohiturak aldatzea, aisialdian bizikletan ibiltzea… Hala bada, asko poztuko gara».
Azken aste hauetan bizikleta merkeak saldu dituzte, batez ere. «Seme-alabekin ibiltzeko erosi dituzte eta ez dakite etorkizunean ere bizikletan ibiliko diren. Horiek guztiek bizikletan ibiltzen jarraitzea espero dut. Gustatzen bazaie, bizikleta hobeak erosiko dituzte, mantenua egin beharko dute… ».
Ekoizleak ere ez dira fio. «Orbea enpresekoekin hitz egin dut eta beraiek ere hori esan didate: une honetan eskaria ase ezinik dabiltza, baina ez dakite egoera honek asko iraungo duen».
Frantzian eta Italian diru-laguntzak emango dituzte bizikletak erosteko. Bizikletan kutsatzeko arriskua garraio publikoan baino txikiagoa da eta, gainera, ekologikoa da. «Ondo legoke hemen ere diru-laguntzak ematea, baina oraingoz ez dago asmorik».
Ordiziako Marotiasek Eusko Jaurlaritzak bizikleta elektrikoak erosteko diru-laguntzak eman zituela gogoratu du. Oraingoan ez du uste laguntzarik egongo denik. «Italian eta Frantzian agindu dituzten laguntzak oso handiak iruditzen zaizkit: 50 euro konponketak egiteko, 400 euro bizikleta berriak erosteko… Diru asko iruditzen zait. Izan ere, jende askok behar du laguntza».
Beretzat ere aste gogorrak izan dira. «Lehenengo egunetan dei asko jaso nituen. Mundu guztiak arrabolak edo bizikleta estatikoak nahi zituen. Eromena izan zen. Nituen guztiak berehala saldu nituen eta ezin nituen gehiago ekarri. Eta jendea deika, arrabola nahi zutela eta arrabola nahi zutela…».
Denda joan zen astelehenean ireki zuen berriro. «Joan zen astea oso gogorra izan zen. Jende askok bizikleta baztertua zuen eta orain denek konpontzea nahi dute. Ia egunero bizikletan ibiltzen direnek egoera onean edukitzen dute, baina oso noizean behin ibiltzen direnek konponketa eta mantenu lanak egitea behar dute. Haurren bizikleta asko ere ekarri dizkidate».
Oraingoz lan asko du, baina ez da fio. «Lan asko dut, baina krisia oso gogorra bada, guk ere igarriko dugu. Izan ere, jendea diru aldetik gaizki badabil, guk ere nabarituko dugu. Denontzako izango da txarra».
Salmentek gora
Urretxuko Mikel Cycle dendako Mikel Plazaolak ere lan asko du. «Mundu guztia bizikletan ibiltzen hasi da, baina tabernak-eta irekitzen dituztenean boom honek behera egingo duela uste dut. Normaltasunera itzultzen garenean, betikoak geldituko gara. Akaso, baten bat gehiago. Kirol zaletasun ikaragarri hau ez zait oso normala iruditzen».
Egun hauetako bezero gehienak bezero berriak dira. «Askok bizikleta zaharrak ganbaratik atera dituzte eta konpontzea behar dute. Beste batzuk, berriz, ez zuten bizikletarik. Egunotan, bizikleta salmenta izugarri igo da. Urtarrilean, otsailean eta martxoan baino askoz ere gehiago saltzen ari naiz. Salmentak bikoiztu edo hirukoiztu egin direla esango nuke. Niregatik, sei hilean behin berrogeialdi bat agindu dezatela. Ondoren hala arrankatu behar badugu…», dio txantxetan.