Objektu historikoak dastatzeko errezetak
'Dastatu museoak' egitasmoaren barruan, Ezkioko Igartubeiti eta Ormaiztegiko Zumalakarregi museoek errezeta bana eskaini dute, bertako objektu historikoak oinarri hartuta. Lehiaketa ere jarri dute martxan.
Museoen Nazioarteko Eguna ospatu zuten atzo, ICOM Nazioarteko Museoen Kontseiluak bultzatuta. Museoak berdintasunaren alde: aniztasuna eta inklusioa izan da aurtengo lema. Koronabirusak eragindako alarma egoeran bisita, tailer eta hitzaldi presentzialik egin ezin denez, Goierriko museoek beste bide batzuk erabiliz, hainbat ekintza antolatu dituzte efemeride horren bueltan. Hori horrela, hainbat bideo eta ekimen prestatu dituzte museoek, sarean zabaltzeko. Historia, ondarea eta gastronomia uztartzen dituen lehiaketa bat abiarazi dute.
Foru aldundiaren museo sarea osatzen duten Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoak, Ezkioko Igartubeiti baserri-museoak eta Donostiako Euskal Itsas Museoak, Museoa dastatu! egitasmoa jarri dute martxan, atzoko egunaren harira. Gastronomiaren bidez, kultura aniztasunaz eta dibertsitateaz hausnartuko dute, «gure historia eta ondarea beste ikuspegi batetik hurbiltzeko helburuarekin».
Museoa dastatu! egitasmoaren barruan, objektu bat hartu eta sukaldean erabiltzen den errezeta edo osagai batekin uztartzen da, bideo baten bidez. Hiru zentroak gertuko sukaldaritza adituengana hurbildu dira, haien sekretuak eta jakintza ezagutzeko. Igartubeiti Museoak Ezkioko Argindegi ostatuko Josu Landa sukaldariarekin egingo du saioa; artoa jotzeko astoa oinarri hartuta, azenario bizkotxoaren errezeta ekarri du Landak. Zumalakarregi Museoak, berriz, Rafa Gorrotxategi gozogilea gonbidatu du. General karlistak kanpainarako erabiltzen zituen objektuen artean, bazuen zilarrezko edalontzi bat, eta bertatik txokolate beroa hartzea omen zuen gustoko. Hala, Gorrotxategik edateko txokolatea prestatzeko bere errezeta azaldu du.
Lehiaketa bat ere jarridute martxan. Proposatutako osagaietatik abiatu eta errezetarik originalenak aipatutako museoen sare sozialetan partekatu daitezke. Partaideen artean sariak banatuko dituzte. Lehiaketak maiatzaren 24ra arte iraungo du.
Migrazioak proiektua
Gainera, ekimen horrek, Zumalakarregi Museoak garatu duen Migrazioak proiektuarekin ere «ederki uztartzen» dela esan du Eider Arruti Zumalakarregi museoko komunikazio arduradunak; ikasleek eta 25 nazionalitate migratzailetako komunitateek parte hartu dute bertan, XIX. mendetik hona migrazioek izandako eragina aztertuz.