Hiru goierritarretik bik dagoeneko ez du ateratzeko ordu mugarik
Espainiako Gobernuak 10.000 biztanletik beherako herrietan kendu egingo ditu ariketa fisikoa egiteko ordutegiak. Goierriko 22 herrietatik, Ordiziak eta Beasainek bakarrik gainditzen dute muga. Lazkaok, Legazpik, Urretxuk eta Zumarragak ez dute jada ordutegirik. Gipuzkoan barrena mugitzeko askatasun osoa dago.
Esapainiako Gobernuak 10.000 biztanletik beherako herrietan ariketa fisikoa egiteko ordutegiak ezabatu ditu. Salvador Illa Osasun ministroak hala iragarri zuen asteburuan, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean agertzen denean sartuko da neurria indarrean. Ondorioz, Beasainen eta Ordizian soilik mantenduko dira ariketa fisikoa eta paseoak egiteko ordutegiak: 06:00-10:00 eta 20:00-23:00 tartea 14 eta 70 urte bitartekoentzat, 12:00-19:00 tartea 14 urtetik beherakoentzat, eta 10:00-12:00 eta 19:00-20:00 tarteak 70 urtetik gorakoentzat eta menpekotasunak dituztenentzat. Eskualdeko gainerako 21 herrietan nahi denean irteteko aukera egongo da, nahi adina bider.
5.000 biztanletik beherako herriek dagoeneko bazuten aukera hori. Orain Lazkao, Legazpi, Urretxu eta Zumarraga batu dira multzo horretara. Ondorioz, hiru goierritarretatik bik ez du inolako ordutegi mugarik.
Era berean, Eusko Jaurlaritzak herri arteko muga malgutu eta lurralde historiko osora zabaldu du. Horri esker Gipuzkoa guztian mugitzeko aukera dago arrazoia edozein dela ere. Arintze faseko lehen etapak horrela baimentzen du, baina Eusko Jaurlaritzak murriztu egin zuen eskubide hori. Orain atzera egin du, egoera hobetu dela argudiatuta. Halere, agintariek aholkatu dute ezinbestekoa denean soilik bidaiatzea, eta tokian tokiko ordutegiak errespetatu beharko dira.
Goierrin atzo ez zen positibo berririk agertu. Ordea, Osasun Sailak herrikako datuak emateari utzi zion pasa den ostegunean eta orain zailagoa da tokiko informazio eguneratua ematea. Egoera bere onera datorren heinean, neurriak lasaitzen ari dira eta kaleak ohiko itxura hartzen dabiltza. Asteburuan terrazak beteta ikusi dira eta jende ugari kirola egiten. Esaterako, Idiazabalen Kale Nagusiaren Ubitarte etxetik Okindegira bitarte doan errepide zatia itxi egin zuten asteburuan oinezkoek leku gehiago izan dezaten. Elizkizunak ere itzuli dira.
Nekane Murga Osasun sailburuak aitortu du Jaurlaritzak Euskal Autonomi Erkidegoa bigarren fasera igarotzeko eskatuko duela. Espainiako Osasun ministerioak izango du azken hitza, eta balekoa balitz, maiatzaren 25ean, datorren astelehenean, sartuko litzateke indarrean. Besteak beste, museoak, antzokiak eta aretoak zabaltzeko aukera ekarriko du.
Musukoak, hobe beharrez
Neurriak arintzen ari diren arren, Illa eta Maria Jesus Montero ministroek baieztatu zuten egun batzuen buruan musukoak beharrezkoak izango direla leku publikoetan. Ez zuten zehaztasun gehiagorik aurreratu. Iñigo Urkullu lehendakariak begi onez ikusten du neurria.
Oraingoz, musukoak «oso gomendagarriak» dira, baina ez ezinbestekoak. Soilik garraio publikoan eta segurtasun tarteak bermatu ezin diren kasuetan dago erabili beharra. Farmazietan erosi daitezke edo kotoizko oihalekin egin.