«Dortsala lortzea zaila izateak, jendea erakartzen du nire ustez»
Igandean jokatzekoa zen Zegama-Aizkorri mendi maratoia. Bertan behera geratuta, lasterketa birtuala antolatu dute. 10.000 parte hartzaile baino gehiago ditu dagoeneko.
Datorren asteburuan zen egitekoa Zegama-Aizkorri mendi maratoia. Zein da sentipena erabakia hartuta?
Azkenean pena, eta batez ere aste honetan. Egoerak behartuta, eta zalantza handirik eduki gabe bertan behera uztea zen egokiena. Guzti hau hasi zenean, hasiera batean, inork ez genuen espero zer izango zen, eta urruti ikusten genuen maiatzaren 24a. Egunek aurrera egin ahala, egoerak zuen larritasuna ikusita, garbi izan genuen.
Baina oraingo sentsazioa ba pena, oso aste berezia izaten da, azkenean jende pila biltzen da, urte guztian ikusi ez duzun jendea ikusten duzu, urte guztiko lanaren ondorioak ere ikusten dira. Aurten ere berdin egin dugu lan, eta orain disfrutatzeko aukerarik ez izatea… ba penaz.
Aurten izen emate kopururik altuena izan duzue: 12.564. Zozketa eginda, datorren urterako gordeko dira dortsalak?
Altuena izan da, bai. Urtetik urtera geroz eta harrituago geratzen gara. Askotan komentatzen dugu ea benetan 10.000 pertsona badauden munduan Zegama- Aizkorri bukatzeko gai izango liratekeenak… Dortsala lortzea zaila izateak nik uste jendea erakartzen duela. Aurten dortsala izango luketenek izango dute aukera, behintzat, datorren urtean korrika egiteko. Datorren urtean, printzipioz, ez da izen ematerik irekiko, eta parte hartu ezin dutenen lekua aurtengo itxaron zerrendatik beteko dugu.
Zer da Zegama-Aizkorri Zegaman bezalako herri batentzat?
Asko nik uste, eta, aldi berean, bakoitzarentzako desberdina da. Herriarentzako orokorrean bada garrantzitsua: bai boluntarioentzat, lana izan arren, bai ostalaritzarentzat eta baita zerbitzuentzat ere. Eta nire kasuan, izugarrizko jende pila ezagutu ahal izan dut. Nire lagun handienetarikoak gaur egun Zegama-Aizkorritik sortutakoak dira. Azkenean bizitzeko modu bat ere bada.
Boluntarioak aipatu dituzu. Nola antolatzen zarete?
Hasteko esan boluntarioak denok garela. Zegamako inork ez du kobratzen, denok ari gara lanean. Urte guztian lan egiten dugunok hamar pertsona gara, gero beste batzuek aste osoa pasatzen dute lanean, eta beste batzuk igandean bakarrik.
Baina azkenean, bolondresak ia korrikalariak bezainbeste dira: 500 bolondresetik oso gertu gaude. Zegama bezalako herri batentzat, 1500 biztanle dituen herri batentzat izugarria da. Goierriko beste herritako jendea ere badago, Segurako, Idiazabalgo eta Beasaingo jendea, baina gehiengoa zegamarra da. 1500 pertsonatik 500 horretan lanean badaude, pentsa zer den.
Aurten Zegama Aizkorri birtuala prestatu duzue. Nolatan jarri duzue ekimen hori martxan? Harrera ona izan al du?
Horrekin erabat txundituta gaude. Salomon gure patrozinatzaile nagusia oso sartuta dago mundu horretan, eta egoera honetan horrelako ekintzak egiten ari da beste lasterketa batzuetan ere. Egoera kirol guztietan da berdina, eta zerbait asmatu behar da. Ekimen hori proposatu ziguten; pentsatu zuten horrelako lasterketa batean, hainbeste jarraitzailerekin, arrakasta izango lukeela horrelako ekimen batek.
Ez beraiek, ez guk, ez inork ez zuen espero horrelako harrerarik. 10.000 pertsonatik gora ari dira parte hartzen. Ez dakit nora iritsiko garen, baina ia izen emate kopurura iritsi gara. Egia da dortsal bat zozkatuko dela eta horrek bere atxikimendua du.
Aldaketarik edo berritasunik bazegoen aurtengo ediziorako? Kamiseta diseinu lehiaketa ere egin zenuten.
Aldaketa batzuk izan dira, adibidez, diseinu lehiaketa. Hori ez dugu guztiz pentsatu zertan geratuko den, baina pentsatzen dut datorren urtean erabili ahal izango ditugula. Bestetik, nobedaderik ez, hobetzekoak baizik. Garbi dago garrantzia handia duela lasterketak, jende asko etortzen da, baina jendeak galdetzen zigun ea ahalik eta jende gehienarengana iristeko zer egin genezakeen. Bai azkeneko urteetan eta baita aurten ere baliabide gehiago jarri nahi izan ditugu hori posible izateko. Arlo horretan hobetzea izan da asmoa, jende gehiagorengana iristea streaming bidez, telebista bidez edo sare sozialen bidez.
Hori hobetzeko tarte handia daukagu oraindik eta horretan saiatuko gara datozenetan.
Etenaldi honek eraginik izango du datorren urteetako Zegama-Aizkorri lasterketetan?
Zalantzarik gabe, bai. Ez Zegama-Aizkorrin bakarrik, azkenean denetan. Dena aldatu behar du honek, bai bizitzeko modua, bai gauzak ikusteko modua, eta zeresanik ez, ekonomikoki. Zentzu guztietan izango du eragina, zeren azkenean ez dakigu zein puntutaraino egongo den normaltasun bat datorren urtean. Herrialde batetik bestera bidaiatzeko ere ez dakigu nola egongo den egoera, kanpoko korrikalariak etorri ahal izateko.
Zerbait erakutsi badigu honek ezjakintasuna nagusi dela da. Gure lasterketan justu behar dituen gastuetarako lortzen dugu dirua, ez daukagu inongo irabazirik, baina diru laguntzak direla eta, babesleak… ziur nabarituko dela.