Hauteskundeak osasun krisian
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak uztailaren 12an egiteko erabakiak kezka eta kritika ugari eragin ditu alderdien artean. Segurtasuna bermatzeko beharra azpimarratu dute gehienek, eta posta bidezko botoa bultzatuko dute; dagoeneko egin daiteke eskaera.
Koronabirusaren krisialdiaren aurretik Iñigo Urkullu Lehendakariak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak apirilaren 5erako deitu bazituen ere, herenegun data berria iragarri zuen: uztailaren 12a. Osasun egoerak hobera egin duela argudiatuta, «erabaki arduratsuena» izan dela esan zuen herenegungo agerraldian.
Segurtasun neurri eta berme guztiak betetzea dute helburua. Eusko Jaurlaritzak adierazi du posta bidezko bozka sustatuko duela hauteskundeetarako. Eskaera egiteko epea ireki dute dagoeneko, uztaila ren 2ra bitartean: «Gure helburua botoa emateko eskubidea erabiltzeko zailtasun gehien dituzten herritarren joan-etorriak murriztea da», esan du Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak. Bermeak betetzeko aldaketa batzuk egingo dituztela esan du Erkorekak: «10 mahai baino gehiago dituzten espazioak berregokitzearen aldeko apustua egiten dugu». Bozketa zentro batzuk ere egokituko dituzte: «Adinekoen egoitzetan edo zentroetan dauden bozketa lokalak lekuz aldatuko ditugu».
Goierriko alderdi politikoetako ordezkarien iritziak bildu ditu GOIERRIKO HITZAk.
AITOR ALDASORO (EAJ)
«Ikusten ari gara ekonomikoki 2021a gogorrago datorrela»
Beasaingo EAJko Aitor Aldasororen arabera, garrantzitsua da hauteskundeak egitea 2021. urteari erreparatuta: «Ikusten ari gara ekonomikoki 2021a gogorrago datorrela».
Horregatik, adierazi du ezinbestekoa dela hauteskundeak egin eta gobernu bat eratzea datorren urterako, kudeaketa errazte aldera: «Gobernuak, baita gu ere, ekainean hasten gara 2021eko aurrekontuak diseinatzen, eta diru laguntzak non jarri behar diren eta abar kudeatzeko, iruditzen zait gobernu bat izatea ezinbestekoa dela, eta horren haritik, hauteskundeak egitea ere bai, noski».
ERAITZ SAEZ DE EGILAZ (EH Bildu)
«Ekonomia erdigunean jarri dute, baina ondorio sozialak izugarriak dira»
EH Bildu hauteskundeak uda aurretik egitearen aurka agertu da. Beasaingo EH Bilduko Eraitz Saez de Egilazek azaldu du pandemiaren ondorioak anitzak izango direla, eta ekonomia bakarrik hartu dela kontuan: «Ekonomia erdigunean jarri dute, baina ondorio sozialak izugarriak dira». Gehitu du orain erdigunean jarri behar dena guztion ongizatea dela: «Bizitzak erdigunean jarri eta denon ongizatea helburu izango dituzten neurri politikoak izan behar dira oraintxe nagusi».
Ezjakintasun egoera honetan, bizitza erdigunean jartzearen kontrakoa da Urkulluren gobernuaren erabakia: «Ziurgabetasun egoera batean bizi garen honetan, ez dugu beharrezkoa eta lehentasunezkoa ikusten hauteskundeak uztailean egitea, jendartea ez dago horretara».
MILA SUKIA (Elkarrekin Podemos)
«EAJren mugimendua izan da eta berak bakarrik kudeatu du»
Ordizian Elkarrekin Podemosen zinegotzi den Mila Sukiak azaldu du aldebakarreko erabakia izan dela: «EAJren mugimendua izan da eta berak bakarrik kudeatu du». Elkarrekin Podemosen asmoa adostasunak biltzea eta krisiaren aurrean denek bat egitea izan dela agertu du, eta salatu du osasun egoera gainditu gabe jarri dituela martxan hauteskundeak Urkulluren gobernuak: «Interes orokorra albo batera utzita, alderdiko interesa bultzatuta hartu dute erabakia».
Sukiak azaldutakoaren arabera, dolua eta sufrimendua da nagusi oraindik jendartean, eta zama gehiago jartzea da hauteskundeak egitea: «Jendeak gutxien behar duena da». Bestalde, neurriak eta segurtasuna bermatuko ote direnaren harira, adi egongo direla azaldu du: «Biztanleriari esan nahi diogu bai kanpainan eta baita hauteskundeetan ere segurtasun neurriak egon beharko direla, eta hor egongo garela bestelako egoerak salatzeko». Gehitu du parte hartzea ez duela bultzatzen erabakiak: «Seguraski ere abstentzioa altua izango dela».
OSCAR VALBUENA (PSE-EE)
«Lehendakariak erabaki du, orain berari dagokio neurriak martxan jartzea»
Behin erabakia hartuta, oinarria segurtasun neurriak errespetatzea izango dela azaldu du Legazpiko PSE-EEko zinegotzia den Oscar Valbuenak: «Lehendakariak erabaki du, eta orain berari dagokio neurriak martxan jartzea». Azpimarratu du ezinbestekoa izan behar dela segurtasuna bermatzea: «Hauteskunde batzordea gainbegiratzen ariko da distantzia sozial hori errespetatu dadin». Helburua krisiari aurre egiteko gobernu sendoa eratzea dela esan du.
HauteskundeakKRONOLOGIA
· Martxoak 13. Osasun Larrialdi Egoera izendatu dute Euskal Autonomia Erkidegoan.
· Martxoak 18. Apirilaren 5ean egitekoak ziren Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak bertan behera uztea erabaki dute.
· Maiatzak 6. EAJk eta PSE-EEk akordioa lortu dute Espainiako Gobernuak alarma egoera luzatzeko proposamenaren inguruan, erkidegoei protagonismo gehiago ematearen truke.
· Maiatzak 18. Lehendakariak osasun larrialdi egoera bertan behera utzi eta hauteskundeak deitu ditu uztailerako.HAUTESKUNDEAK
· Gaurtik uztailaren 2ra. Posta bidezko botoa eskatzeko epea zabalik.
· Ekainak 13tik 17ra. Udalek hauteskunde-mahaiak osatuko dituzten pertsonak aukeratzeko zozketak egingo dituzte.
· Ekainak 26. Hauteskundeetarako kanpaina ekainaren 26ko gauerdian hasi eta uztailaren 10eko gauerdian bukatuko da.
· Uztailak 12. Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak uztailaren 12an egingo dira, igandearekin.