Partidarik jokatu ez balitz bezala
Saskibaloi federazioak ligak bere horretan utzi ditu eta ez da igoerarik ez jaitsierarik izango. Goierriko taldeak ados agertu dira, nahiz eta batzuetan kaltetuak izan.
Irailetik martxora bitarte jokatutako partida denek balio galdu dute. Lagunartekoak bilakatu dira. Saskibaloi federazioak ebatzi du 2019/2020 denboraldia baliorik gabe uztea eta datorren denboraldian berriz ere hutsetik abituko dira.
Talde batzuei mesede egin die neurriak, eta beste batzuei kalte. Ordizia-Basoa Banaketak taldeari, esaterako: sailkapenean hirugarrenak ziren hamahiru garaipen eta bost porrotekin, eta igoera kanporaketak esku-eskura zituzten. «Jarraitzea ezinezkoa zen. Profesionalak arazoekin dabiltza pentsa gu nola ibiliko ginatekeen», aipatu du Joseba Caballero Ordiziako Saskibaloi Taldeko zuzendaritzako kideak. «Denboraldiaren balorazioa ona da. Kosta egin zitzaigun erritmoa hartzea baina oso bolada onean geunden». Maila berean, BKLren gizonezkoen lehen taldeak gehiago sufritu du. «Bagenekien denboraldi zaila izango zela. Talde gaztea genuen aurten eta helburua formatzen jarraitzea zen, eta lortu dugu. Balorazioa positiboa da», zehaztu du Jon Lekuona gizonezkoen lehen taldeko entrenatzaileak. Datorren denboraldian berriz ere derbia egongo da.
Maila bat gorago, EBA ligan, Goierri-Iparragirre 2020k ere jaitsiera ekidin du. «Maila handia du ligak, eta herriko jendearekin lehiatzeak asko pozten gaitu», dio Sergio Gonzalez klubeko kirol zuzendariak. Zazpi garaipen lortu dituzte 22 jardunaldietan. Halere, ez dute argi datorren urtean EBAn jokatzeko gaitasun ekonomikorik izango duten. «Ikusi egin beharko da nolako egoeran gauden datorren urtean, baina gurea da azken hitza. Kirol ikuspegitik berme guztiak ditugu», gaineratu du.
Eskualdeko saskibaloi klubetan ezjakintasuna orokorra da, baina datorren denboraldirako prestatzen dabiltza. «Prest egon behar gara denboraldiari ekiteko. Irailean hasi nahiko genuke, baina ez dago gure esku. Udazkenean bigarren uholdea egongo al da? Saskibaloia kontaktua duen kirola izanik praktikatzeko arazorik egongo da? Kiroldegien erabilera nolakoa izango da?», galdetu du Caballerok. «Aukeretako bat da 2021. urtera arte gehiago ez jokatzea».
Emakumezkoak, berdin
Emakumezkoen kasuak ere egoera bera da, baina kasu honetan Goierri Ayma izan da kaltetuena. «Pena da, partida bakarra galdu dugu eta ezin izan gara igo. Baina harro egoteko denboraldia izan da», dio Gonzalezek.
Arri BKL izan da nesketan eskualdeko talderik onena. «Helburua ahalik eta partida gehien irabaztea zen. Zazpi irabazi ditugu eta pozik gaude». Ordiziarrek hiru irabazi dituzte. «Maila berria zen guretzat eta ongi moldatu gara. Gustura gaude».
Gazteen mailan nabarmentzekoa da Ordiziako kadete nesken denboraldia. Euskadiko txapeldun izan ziren eta Espainiako fasea jokatzeko txartela eskuratu zuten, baina lehiaketak amaitu egin direnez, ezin izango dute jokatu. Halere, hiru ordezkariak bat datoz formakuntza mailetan emaitzak gutxienekoak direla. Azpitik saskibaloiarekin gozatzen duten gazte asko datoz.