Sartu, ikusi eta eseri lasai
Etxerako altzarien salmentan eta muntaian jarduten duten Goierriko establezimenduak zabaldu dituzte azken asteetan. Negozioak asteetan itxita izan ondoren, lanera buelta nolakoa izaten ari den kontatu dute.
Alarma egoeraren deseskaladaren lehen fasean, zalantza ugari ari dira sortzen. Pixkana, konfinamendua arintzen ari da, baina normaltasun berri honetan legea betez jarduteko ezarri dituzten neurriak, oztopo izaten ari dira hainbat negozioentzat. Etxerako altzarien salmentan eta muntaian jarduten dutenen artean, denetariko erantzunak eman dituzte. Orokorrean, pozik daude establezimenduak ireki eta bezeroei arreta eman diezaketelako, baina bezeroen etxeetara joateko askatasunik ez dute oraindik eta horrek, asko baldintzatzen ditu sarrera ekonomikoak. Dena den, garbi dute, gizartearen osasuna bermatzea oso garrantzitsua dela.
Legazpiko Araman Altzariakeko arduraduna da Jon Aramendi. Sukaldeak, logelak eta egongelak saldu eta jartzen dituzte etxeetan, beste hainbat artikulu saltzeaz gain. Dendan sartu, eta protokoloa zorrotz betetzen ari da. Egin duen lehen gauza, eskuak desinfektatzeko gela eskaintzea izan da. Hala egiten du, dendan sartzen den pertsona guztiekin. Gainera, dendan dagoen bitartean, musukoa du jantzita. Bezeroek edo dendan sartzen denak ere, jantzita eramatea eskatu du. Alarma egoera ezarri eta denda itxita izan du martxoaren 16tik. Bi aste pasa, lanean ari da, «aldez aurretik txanda hartzen duten bezeroei arreta ematen hasi» zen. Astelehenetik berriz, «goizez, txanda hartu gabe etor daiteke bezeroa». Dena den, hainbat baldintza bete behar dira, «ezin baitira aldi berean bi bezero egon establezimenduan».
Diferentzia egin du, «batetik, denda dago, bertan altzarien erakusketa dugu, eta bezeroak dagoeneko etor daitezke ikustera». Esan du, «bezeroa dendan dagoen bitartean, bertan dauden gauzak ez ikutzea oso zaila» dela, beraz, «dendatik atera eta segituan, desinfekatzen» du guztia.
Baina bestetik, etxeetan altzariak jartzen dituzte eta hortxe dago oztopoa: «Koltxoi edo sofa bat eramateko, ez dago arazorik, baina egongela bat berritzera joatea, beste gauza bat da». Kontua da, horrelako lanak egiteko, «etxeak hutsik egon behar» duela, eta gainera «komunitatearen baimena eskatu behar» dela.
Bezeroak dirua gastatzeko animatuta dauden galderaren aurrean erantzun du, «momentuz atzeratuta zituen lanetan dela. Bezero berriak «gerturatzen hasi» direla, baina «poliki» doala. Bestalde, bezero batzuen artean koronabirusaz kutsatzeko beldurra ere somatu du: «Batzuk, itxaroteko eskatu didate».
Lehen baino esklusiboago
Olaberriko Bikain Altzariaken ere, normaltasun berrira egokitzen ari dira. Gaizka Irastorza bertako arduraduna da eta kontatu du «denda itxita eduki eta gero, pasa den astean ireki» zutela. Beste toki batzuetan bezala, «aldez aurretik txanda eskatzen duten bezeroei arreta ematen» ari dira, eta gehitu du, «hilabete amaiera arte horrela jarraitzeko asmoa» dutela, «bai gure, bai bezeroen osasuna baita lehenetsi behar duguna».
Bezeroek beraz, dendara deitu, txanda hartu eta erakusketa bisitatzera gerturatzen direnean «saltzaile batekin egongo dira denbora guztian». Arreta «askoz ere pertsonalizatuagoa eta esklusiboagoa da horrela». Bisita bukatuta, erakusketan ukitzen dituzten gauza guztiak desinfektatzen dituzte ondoren.
Ukitu beharrik ez dagoen hura, hobe ez ukitzea. Baina zer gertatzen da koltxoi baten edo sofa baten salmenta egiterakoan? «Horrelakoak erostean, guztiok nahi izaten dugu bertan etzan edo eseri, eta sentitutakoak gidatuta egiten da erosketa, normalean». Kasu horietan «arazorik ez, azkarrak izan dira gure ekoizleak, eta babes berezi batzuk sortu ditugu, erabili eta botatzekoak direnak». Hortaz, bezeroak koltxoi bat probatu nahi badu, «horrelako babesa jarri eta erabili ondoren, bota egiten dugu».
Dendan, segurtasun neurri guztiak betez ari dira eta «pozik» daude alde horretatik. Baina sektoreko beste batzuek bezala, behin salmenta eginda, etxeetan muntaia ezin egin daude Bikainekoak. Antza denez, «legeak ez du uzten, baldin eta etxea hutsik ez badago, eta komunitatearen baimena ez baduzu. Ezertan hasi aurretik ongi informatu naiz, arazorik egon ez dadin». Legea aldatu bitartean beraz, «azken egunetan bezala jarraituko dugu lanean, erakusketa zabalik baina etxeetan muntaia egin gabe».
Amets Descanso, Beasainen dago eta berriro ere denda zabaldu ahal izatearekin «oso-oso pozik» dago Gema Alarcos, dendako arduraduna. Rocio Martinezekin batera gidatzen du negozioa. «Denda itxita» izan dute, baina ez dira geldirik egon: «Garbiketa lanak egin eta Internet bidezko salmentarik egiten ez badugu ere, baina sare sozialetan presentzia izaten saiatu» dira. Segurtasun neurri guztiak betez ari dira lanean: «Gure bezeroek, adibidez, koltxoi bat erosi nahi badute, lasai probatu ahal izango dute». Makina berezi bat dute, «baporearekin garbitzen duena», eta horrez gain, «koltxoiaren gainean, hura babesten duen zorro bat jartzen dugu». Alarcosentzat ere, «osasuna da lehenetsi behar duguna».
Denda ireki eta bezeroen jarrerarekin «oso pozik» agertu da, «hasieratik erosleak gerturatu direlako». Herritar askok, tokiko merkataritzaren aldeko apustua egin duela sentitzen du eta «poz handia» sortzen dio horrek. Lerro hauek aprobetxatu nahi izan ditu, «egunotan dendara gerturatu diren guztiei eskerrak emateko».