Turismoak alde egin du Balitik
Egoi Benitez ordiziarra Indonesian bizi da. Balin dago orain, Alarma Egoera ezarri zenean itzultzeko aukera eman bazioten ere. Azaldu du konfinamendurik ez dutela izan bertan.
Indonesian 18.496 koronabirus kasu positibo atzeman dituzte. Hildakoak 1.221 izan dira, eta 4.467 pertsona sendatu dira guztira. Bali irlan, berriz, oso pertsona gutxi hil dira Covid-19ak jota. Hala azaldu du bertan bizi den Egoi Benitezek (Ordizia, 1986). Papua mendebaldean zebilen lanean, eta osasun larrialdia hasi zenean Balira joatea erabaki zuen: «Oraingoz munduko toki seguruenetarikoa da egoteko, 4 hildako bakarrik eta 300 bat kutsatu daude».
5 urte daramatza Benitezek Indonesian. Urpekaritza irakaslea da KM Blue Manta White Manta Diving enpresan: «2015ean etorri nintzen, Jason lanean nenbilen, lan hura utzi eta urpekaritza instruktore bilakatzeko asmoz etorri nintzen».
Isolamendurik ez
Indonesian ere neurriak hartu dituzte Covidaren hedapenaren aurka, baina ez dute konfinamendurik eduki: «Hemen isolatuta ibili beharrik ez dago, nahiko bizitza normala egin dugu», esan du Benitezek. Eskolak itxita daude, eta jatetxeak pixkanaka irekiko dituzte: «Itxita egon dira, etxez etxe banatzen aritu dira, baina pixkanaka irekitzen ari dira eta badirudi egoera normaltzen ari dela».
«Nik uste denbora kontua dela hau altxatzen hasteko». Barkuan ibiltzen da lanean. Bezeroak portuan jaso eta 10 eguneko itzulia egiten du. Portura itzuli, eta berriro. Orain, ordea, koronabirusak eragindako egoera dela eta, ez dute bezerorik: «Gauza ez da irekiko iraila arte nik uste, edo agian gehiago».
Turismoa oinarri
Izan ere, turismoa da Indonesiako ekonomiaren ardatza, eta bidaiak bertan behera geratu direnez, jende gutxi dago bertan: «Beti dago turistez beteta, hemen ez dago industriarik, dena turismoa da». Benitezek azaldu duenaren arabera, Europa mailan egoerak okerrera egin zuenean, kanpotar gehienek alde egin zuten. Herrialde askok ere aberriratze eskaintzak egin zituzten: «Euskal Herrira bueltatzeko aukera eman ziguten, eta ni gelditu egin nintzen». Indonesian bertan lan egiten dutenak eta jabetzaren bat dutenak geratu dira artxipielagoan: «Errusiar asko daude, handik ez zituzten aberriratu, eta bestela bertako jendea eta gu bezalako erbesteratu batzuk», azaldu du.
Itzuli ala ez
Benitezek ere pentsatu zuen itzultzea: «Azkenean hau Indonesia da eta etxetik urruti gaude». Espainiako enbaxadak agian onena itzultzea zela esan zion, baina azkenean pare bat lankide eta lagunekin gelditzeko erabakia hartu zuen: «Gauzak okerrera egiten badu edo gaixotzen bazara, ez daukazu Osakidetza bezalakorik». Orain hartutako erabakiarekin gustura agertu da ordiziarra.
Indonesia ere inoiz ez bezala ikusi du: «Egoera honetan esperientziarik arraroena Bali bera ikustea da, beti jendez beteta egten dira eta orain gauza famatuenak itxita daude eta jende gutxi dabil». Indonesian geratuko da oraingoz. Egoera aldatu arte, behintzat, Balin izango da, eta gerokoak ez dakizki: «Ni hemen pozik nago, barkuan ere pozik nago, ez dakit zenbat geldituko naizen baina nik uste hau luzerako doala». Ordiziako familia ikustera etorri ohi da Goierrira noizean behin: «Ordiziako familia beti daukat gogoan, gutxienez urtean behin joaten naiz etxera». Gustuko du herrialdea, eta bizi kalitatea «oso ona» dela dio.
Hizkuntza ere menperatzen du: «Azkenean lanean ikasi egiten duzu; barkuko nagusia naiz, 20 indonesiarrekin egiten dut lan eta ondo moldatzen naiz».
Aldaketarik ez
Hainbat ohitura baztertu behar izan dira Alarma Egoeragatik, eta beste hainbat hartu. Horietako askok gizartean jarraituko dute hilabete luzez behintzat. Indonesian, aldiz, egoerak ez du ezer aldatuko Benitezen arabera: «Europa mailan gauzak aldatuko direla uste dut, hemen orain maskara derrigorrezkoa da, baina gauza ez da asko aldatuko». Herritar asko ez baitira etxean geratu. Turismoa bertan behera geldituta eta diru sarrera nagusia izanik, «etsita» daude indonesiarrak: «Ezin dituzte gauzak saldu, eta Indonesian Europan dagoen aurrezteko modu hori ez dago, hemen egunetik egunera bizi dira, bi asteko aurrezkiekin», dio Benitezek.