Maskara musuan, nahitaez
Sei urtetik gorakoek maskara erabili beharko dute, gaurtik. Bi metroko tartea manten ez litekeen tokietan da nahitaezkoa. Alarma Egoera, ekainaren 7ra arte luzatu dute.
Maskara erabili beharko dute 6 urtetik gorako goierritar guztiek gaurtik aurrera, espazio publiko itxietan nahiz irekietan, edota aire librean jende ugari dagoenean. Nahitaezko neurria ezarri du Espainiako Gobernuak. 3 urtetik 5era bitarteko haurrentzat gomendagarria da.
Pertsonen artean bi metroko segurtasun tartea manten ez daitekeen tokietan erabili beharko da musu-babesgarria. Azken egunetan kaleko eta terrazetako jende mugimendua nabarmen handitu denez, gune horietan beharko da, bereziki. Terrazetan, adibidez, ez da jantzita egon beharrik izango, jateko eta edateko salbuetsi baitute.
Orain arte, garraio publikoan ibiltzeko zen ezinbestekoa, eta adinekoen artean ere ohiko bilakatuta dago, Covid-19 koronabirusak kutsatzeko kolektibo zaurgarriena den neurrian.
Botiketan, atzo, azken egunetako eskari handiena izan zuten maskarek, gaurko nahitaezkotasunak behartuta erosten aritu baitziren herritar asko. Hornidura arazorik ez da sumatu, orain arte. Ekoizpena euskal enpresetan azkartu da, azken asteetan.
Kirola egiteko ez
Bi maskara mota daude jendearentzat eskuragarri, nagusiki. «Maskara higieniko edo terapeutikoak» izan behar dutela zehazten du arauak, eta etxean jositakoek ez dute baliorik. Maskara kirurgikoak aholkatu dituzte biztanleria orokorrak erabiltzeko. Lau orduko iraunaldia dute, eta 0,96 euro balio du bakoitzak.
Horiekin batera, FFP2 motako eraginkortasun handiko maskarak daude, garestiagoak eta 8 orduan erabiltzeko balio dutenak. 6 euro inguru kostatzen da. Osasungintzako langileentzat da beharragokoa.
Maskara jantzita ibiltzea, hala ere, kasu guztietarako ez da gomendagarria. Kirola egiterako garaian, batere gabe aritzeko aholkatu dute kirolari adituek. Maskararekin arnasbideak estaliz gero, gorputzak anhidrido karboniko gehiago eta oxigeno gutxiago metatzen du, eta osasunarentzat kaltegarri litzateke.
Alarma egoera luzatuta
Atzo, bestetik, Espainiako Kongresuak alarma egoera beste hamabost egun luzatzea onartu zuen. Ekainaren 7ra arte iraungo du gutxienez, bosgarren luzapena maiatzaren 24tik aurrerago eramanda. Luzapena hilabetekoa izatea nahi zuen Espainiako Gobernuak.
Konfinamendua arintzeko 2. faseari begira dago Hego Euskal Herria, bien bitartean. Astelehenean sar litezke fase horretako neurriak indarrean. Joan-etorrien muga herrialdera zabalduko litateke, besteak beste.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere aldetik, adinekoen egoitzetara bisita kontrolatuak egiteko aukera ekainaren 8tik aurrera jartzea proposatu du, jada 3. fasean. Aldundiaren planaren arabera, bisitak banaka eta aurrez programatuta egingo dira.
MASKARAK:KIRURGIKOA
· Nolakoak. Musuan aldenik alde kokatzen den oihalezko zirrindara da, gomazko kakoen bidez belarrietan tinkatzen dena.
· Indikazioa. Maskara-eramailearen airea zabaltzea eragozten du, baina besteena sartzea ez du eragozten (likidoak bai). Oinarrizko prekauzio osagarria da.
· Norentzat. Herritar arruntentzat ohiko erabilerarako gomendatu du agintaritzak.
· Iraupena. 4 ordu. Printzipioz behin erabiltzekoak dira. Baina kalera irtenaldi motz bat egin ondoren –ordubetekoa, adibidez–, toki garbi batean oreatzen eduki eta hurrengo egunean erabil liteke berriz.
· Prezioa. Maskara kirurgiko deritzon motakoak 0,96 euroko prezio arautua dauka, aleko. Gobernuak finkatu zuen salneurria, espekulazioa eragozteko. Botiketan bost unitateko sortak saldu ohi dituzte, baita banaka ere.FFP2-AK
· Nolakoak. Ehun estuagoko materialez egindako musukoak dira; gomaz buruaren bueltan edo belarrietan oratzen dira.
· Indikazioa. Partikula eta aerosol likidoen aurrean autoiragazleak dira, eraginkortasun handiko maskarak. Aire bidezko isolamendua ziurtatzen du.
· Norentzat. Bereziki osasungintzako langileentzat mantentzeko gomendatu dute. Salgai daude botiketan, hala ere.
· Iraupena. 8 ordu. Berez erabilera bakarrekoak dira hauek ere. Baina, farmazialari elkargoaren arabera, berotan desinfekta litezke (labean 70ºC-an edukita).
· Prezioa. Eraginkortasun altuagoa duten FFP2 motako maskarak garestiagoak dira: 5,85 euro balio du bakoitzak. Iraunkortasun denbora kirurgikoena halako bi dute, bestetik.