Desinfekzioa, arropan ere bai
Maiatzaren 11n zabaldu zituzten arropa dendak Goierrin ere. Aurretik, astebete egon ziren bezeroekin hitz ordu bidez lan egiten. Bezeroek jantzi eta erosten ez duten arropa aldiro desinfektatu behar dute.
duela bi aste, maiatzaren 4an, denda txikiek irekitzeko baimena izan zuten. Arropa dendetan aldez aurretik hitzordua hartuta aritu ziren lanean astebetez. Maiatzaren 11tik aurrera hitzordurik gabe ere lanean hasi dira, denda zabalduta.
Beasaingo Migdala arropa dendako Maialen eta Nagore Olanok aurreko astean ireki zuten, baina itxialdian ere bestelako lanak egin zituzten: «Bezero batzuek erosteko gogoa zeukaten, eta bideo pertsonalizatuak hasi ginen bidaltzen». Bezeroen gustuak zein diren jakinda, bakoitzarentzako look bereziak prestatu zituzten: «Segurtasuna bermatzegatik hasi ginen horrela». Hurrengo urratsa hitzordu bidezko zerbitzua izan zen. Alarma Egoeraren aurretik ere aritzen ziren horrela, eta orain, dendak irekita, bi moduak uztartzen dituzte: «Orduak ematen jarraitzen dugu, badago jende bat orduak emanez gustora sentitu dena, eta aurretik ere asko egin dugu lan horrela».
Arropa ere desinfektatu
Neurri orokorrez gain, dendetan arropa ere desinfektatu behar dute bezero batek jantzi eta erosten ez badu: «Desinfekzioa egiten dugu eta, guk, segurtasunagatik, 48 orduz arropa hori aparte uzten dugu», azaldu du Migdalako Maialen Olano arduradunak. Probalekuetan ere hainbat moldaketa egin dituzte: «Altzari asko kendu dugu, ukitzeko gauza gutxiago egon daitezen». Gehitu du bi edo hiru orduko lana izaten dela desinfekzioa: «Pertsona bat hartu dugu desinfekziorako bakarrik».
Bezeroren batek baztertutako arropa nahi izanez gero, 48 ordu pasa arte itxaron behar dutela azaltzen diote: «Salmentak atzeratzen ditu, baina guretzat momentu honetan bezeroari bermea ematea da garrantzitsuena». Bestalde, Olanorentzat zailena baxu bat hartu behar duenean distantzia mantentzea da: «Horregatik konponketak egiten dituenak maskaraz gain pantaila janzten du».
Oraingoz gogotsu agertu da, baina beherakada denboraldi osoan nabariko dute: «Apirila oso hilabete ona da guretzat, eta konfinamenduan eman dugu».
Nola jokatu?
Olanok azaldu duenaren arabera, harrera ona izan da: «Jendeak gogoa duela ikusten dugu». Halere, herritar askok ez dakite ondo zein den protokoloa, eta galduta ibiltzen dira: «Jendeak dendara sartzerakoan ez daki nola egin behar duen, zein den protokoloa, eta denbora guztian azaldu behar dugu».
Denbora gehiago, lan asko
Protokolo eta segurtasun neurriak bermatzeko denbora behar da. Herritarrak ere ohitu egin behar dira oraindik: «Garbitu, arropa plantxatu, lan asko daukagu orain zentzu horretan», azaldu du Ordiziako Imana arropa dendako Ima Arregi Arsuagak.
Maiatzaren 11n ireki zuen berak denda, eta hitzorduak ere sartu ditu ordutegian: «12:30etik eta 19:30etik aurrera hitzorduarekin jarri dut orain». Egoera hau bizi duen arte ez zuen horrelakorik egiten, baina egoerak bultzatuta larunbatetan ere hitzorduak eskainiko ditu: «Aste honetatik aurrera larunbat arratsaldetan ere horrela egingo dut; itxita izan dugu, dirua behar dugu, baina azkenean ez dakizu zer egin ere».
Astelehenean, lehenengo egunean, jendeak gogoa bazuela nabaritu zen: «Astelehenean sekulako salmentak, asteartean gutxixeago eta astebukaeran moteldu zen», esan du Arregik. Internet bidezko erosketak geroz eta gehiago egiten dira, eta egoera honek areagotu egin ditu: «Lehen ere izaten ziren gorabeherak, baina orain online salmentak eta egoera hau elkartu dira eta guri min handia egin digu», azaldu du. Ilusioz ireki du, jendea gogotsu ikusi duelako, baina ez da guztiz baikorra: «Nahiko perspektiba iluna daukat aurten behintzat». Mundu mailako arazo bat denez eta ekonomikoki eragina izango duenez, lehentasunak ezarriko dituzte herritarrek: «Sektore denetan nabariko da, ez dago lehen zegoen poztasun hori».
Etorkizuna, kolore ilunez
Garbiñe Egaña Legazpiko Kiska arropa dendako arduraduna da. Haiek ere hitzordu bidez aritu ziren lanean lehenengo asteetan, baina bezero gutxi izan zituzten: «Niri pertsona bat edo etorri zait soilik». Jendearen ezinegona dela eta, bezeroek janzten duten eta erosten ez duten arropa baztertzeko erabakia hartu du berak ere: «Lurrun beroko makina bat erosi dugu arropa desinfektatzeko». Lan gutxi izan du Egañak. Lehenengo hiru egunetan izan zuen bezerorik, baina aste honetan berriro behera egin dute salmentek. Etorkizuna «beltza baino beltzago» ikusten du Kiskako arduradunak.
«Itxi genuenean eskaerak banatu gabe zeuden». Egoerak aurrera egin ahala, banatzaileekin ere hasiko dira lanean, bakoitzaren egoeraren arabera: «Azkenean enpresa asko aldi baterako lanuztean daude; beraiek arazoa dute, eta, ondorioz, guk ere bai».