Ezkongaiak, baiezkorako zain
Urteko sasoi honetan ezkontzeko planak zituzten bikote askok atzeratu egin dituzte ezkontzak. Planifikatutako guztia bertan behera utzi, eta ezohiko egoera hau noiz baretuko zain daude.
Urte osoan zehar ospatzen dira ezkontzak baina udaberria eta uda izan ohi da sasoi bete-betea. Bikoteek garai hori aukeratu ohi dute, eguraldi hobea izango dutelakoan. Eguraldiak ez, aurten, koronabirusak zapuztu ditu ezkontzeko zeudenen planak.
Datorren ekainaren 13an ziren ezkontzekoak Iker Etxezarreta (Gabiria, 1982) eta Maria Alkorta (Zarautz, 1981). «Ezkontza xume bat egitea zen asmoa, gertukoenekin» kontatu du Etxezarretak. «Gabiriako Ostatuan bertan kuadrillakoekin elkartu, lunch-a egin eta familiakoekin ere hantxe bazkaltzea zen asmoa». Koronabirusagatik alarma egoera ezarri baino pixka bat lehenago hasi ziren guztia lotzen: «Martxoaren hasieran hasi ginen guztia prestatzen eta handik gutxira Alarma Egoera ezarri eta konfinamendua hasi zenean, horrelako egoeran tajuzko ezkontzarik ezingo genuela egin ikusita, atzeratzea pentsatu genuen».
Data berririk ez dute jarri oraindik eta brometan esaten du «unibertsoak gauzak hobe pentsatzeko beste aukera bat eman» diola. Antza, bikoteak ere «gauza bera esaten» dio. Bromak aparte, «datorren urtera begira» ari dira: «Urtea hasi eta ea lan egutegiak nola ditugun, horren arabera erabakiko dugu».
Ezkontza eguna bakarrik ez, bidaia ere atzeratu egin beharko dute: «Haurrekin gehiegi planifikatu gabeko bidaia egitea zen asmoa, abenturazkoa, eta hortan mantenduko badugu ere, momentuz hori ere atzeratu egin dugu».
Antzeko egoeran aurkitzen dira Jokin Suarez (Beasain, 1981) eta Sandra Paul (Donostia, 1984). Oraindik hilabeteak falta badira ere, «irailaren 26an, Igeldon» ziren ezkontzekoak, baina azkenean «datorren urteko maiatzera atzeratzea erabaki» dute.
Bigarrenak ere, haien neurrira eginiko ezkontza ari ziren prestatzen: «Begetarianoak gara eta janari zerbitzua lotuta genuen». Ez da batere ohikoa gonbidatu guztientzat menu begetarianoa egiten duen jatetxe edo janari enpresa bat bilatzea, «gutxiago, 150 gonbidatu inguru izanda». Bestalde, «argazkilaria ere lotuta» zuten.
Bidaiari dagokionez, «gutxi gora behera, bageneukan plana egina». Covid-19agatik, mugak irailera arte itxita egon zitezkeela aurreratu zuen Espainiako Gobernuak, eta «une horretan, onena itxarotea zela pentsatu genuen». Gainera, «egoera aldakorra denez, nahiz eta irailera arte denbora gelditzen den oraindik, nola egongo garen ez dakigu ziurtasunez, hau da, musukoak jantzita ibili beharko dugun eta gonbidatu kopurua mantendu ahal izango dugun, eta Euskal Herritik kanpo bizi diren gonbidatuek etorri ahalko duten, beraz, horrela ibiltzeko, guztia atzeratzea onena zela pentsatu genuen».
Ezkontzaren egunak, «ongi pasatzeko eta lagun eta senideekin gustura egoteko eguna izan behar du» eta oraintxe, «ez da segurua hori bete ahal izateko baldintzak izango ote diren».
Gauzak horrela, 2021. urtera itxarongo dute bi bikoteek. Suarezek esan duenez «horrelakorik berriro ez gertatzea espero dugu, pentsatuta duguna egin ahal izateko».
Zer dio legeak
Covid-19ak eragindako alarma egoeran baimendutako ezkontza bakarrak Kode Zibilaren 52. artikuluan jasotakoak dira; hau da, ezkontza baimenduta dago, baldin eta ezkontideetako bat hiltzeko arriskuan badago.
Dena den, neurri hori arintzen joango dira, deseskalatze faseek aurrera egin ahala. Hori horrela, Legazpiko Bake Epaitegiko Iñaki Crespo idazkariak argitu duenez, «bigarren fasetik aurrera maiatzaren 25erako aurreikusita egin ahalko dira, beti ere, errege dekretuak zehazten dituen baldintzak betez».
Hirugarren fasera edo fase aurreratura arte, hau da, «normaltasun berria» lortu aurreko azken fasera arte, ez da izango bertaratutakoen kopurua zabala- goa. Bi fase horietan, pertsonen arteko urruntze-neurriak eta osasun-zerbitzuak sustatutako higiene-gomendioak errespetatu beharko dira. BOEn jasota dagoen bezala, zeremonia zibil eta erlijiosoetara joateko, bertaratutakoei, gutxienez metro bateko distantzia errespetatzeko aukera bermatu behar zaie.