Kalera, nahi denean
Ondo bidean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa bigarren fasean sartuko dira datorren astelehenean. Eusko Jaurlaritzak ordu mugak kentzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari eta honek onartu egin du
Ondo bidean, datorren astelehenean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa bigarren fasean sartuko dira. Pauso bat gehiago normaltasun berria deitu duten horretara heltzeko bidean.
Bigarren fase horretan maskarak erabili beharko dira toki itxietan eta bi metroko distantzia mantendu ezin den tokietan, kultur ekitaldiak itzuliko dira, jatetxe eta tabernetara sartu ahal izango da, dendetan jende gehiago sartu ahal izango da, ikastetxeak, euskaltegiak eta akademiak irekiko dira eta hondartzara joan ahal izango da, besteak beste.
Gainera, Eusko Jaurlaritzak paseatzera ateratzeko edo kirola egiteko ordu mugak kentzeko eskatu dio Espainiako Osasun ministroari eta honek onartu egin du.
Muga hauek maiatza hasieran ezarri ziren: 0 fasean. Horien arabera, helduak 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara atera daitezke, 70 urtetik gorakoak 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara eta haurrek 12:00etatik 19:00etara (ordu bete bakarrik). 5.000 biztanletik beherako herrietako bizilagunek nahi duten orduan irten daitezke kalera. Joan zen astean 5.000 eta 10.000 artekoak ere nahi zuten orduan irten ahal izango zirela zabaldu zen. Horrek nahasmen handia sortu du aste honetan. Herri horietako jende askok dagoeneko ordu mugarik ez zuela ulertu zuen eta asteko lehen egunetan jende asko etxera bidali zuten udaltzainek eta ertzainek. Goierrin lau dira 5.000 eta 10.000 biztanle bitarteko herriak: Lazkao, Urretxu, Legazpi eta Zumarraga.
Orain, Jaurlaritzak ordu mugak herri eta hiri guztietan kentzeko eskatu dio Osasun ministerioari eta honek onartu egin du. Arantxa Tapiak, konfinamenduaren arintzeaz arduratzen den sailburuak, ordu mugek dagoeneko zentzurik ez dutela esan zuen atzo Euskadi Irratian.
Maskarak eta isunak
Espainiako gobernuak bigarren fasean etxeetan elkartzeko baimena ematea espero duela ere esan zuen Tapiak. Maskarei dagokionez, araua behin eta berriro hausten dutenak bakarrik zigortuko dituztela aipatu zuen. Hirugarren fasean hiru herrialdeen artean mugitu ahal izango den galdetu zioten eta ez zuen aurreratu nahi izan.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan lehen fasea Estatu espainiarreko beste toki batzuetan baino gogorragoa izaten ari da, jaurlaritzak murrizketak egin baitzituen. Bigarren fasea ere beste toki batzuetan baino murriztaileagoa izango da. Murrizketa hauek jende pilaketekin lotuta egotea espero da. Beste gai batzuetan jaurlaritza Espainiako gobernua baino permisiboagoa ageri da. Adibidez, taberna eta jatetxeen aforoan. Jaurlaritzak %50ekoa izatea nahi du eta Espainiako gobernuaren asmoa %40ko aforoa baimentzea zen.
Bigarren faseak bi asteko iraupena izango du eta ekainaren 8an hirugarren fasean sartuko gara, gauzak ondo egiten baditugu.
Bigarren fasea
MUGIKORTASUNA: Jaurlaritzak kalera ateratzeko ordu mugak kentzea eskatu du. Herritarrak herrialde barruan mugitu daitezke. Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoen artean ere mugitu ahal dira osasun, lan eta hezkuntza arrazoiengatik eta premia egoeran dauden senitartekoak bisitatzeko edo zaintzeko.
TABERNA ETA JATETXEAK: Tabernetan sartu ahal izango da, baina mahaietan esertzeko bakarrik. Jaurlaritzak aforoa %50ekoa izatea nahi du. Terrazetan aforoa %50ekoa izango da.
DISKOTEKAK: Itxita egongo dira oraindik.
TOPAKETAK: Jaurlaritzak etxean lagunekin edo senitartekoekin elkartzeko aukera zehazteko eskatu dio Espainiako gobernuari.
BEILATOKIAK: Aire librean, aforoa 15etik 25era igoko da. Toki itxietan, 10etik 15era igoko da.
EZKONTZAK: Gehienez, 100 lagunekoak.
DENDAK: Espainiako gobernuak aforoa %40koa izango dela aurreratu zuen eta jaurlaritzak %50ekoa izatea nahi du.
AZOKAK: Postuen heren bat jarriko da edo eremua zabaldu.
MERKATARITZA-GUNEAK: Merkataritza-guneak ireki ahal izango dira, baina toki komunetan aforoa %30ekoa izango da eta dendetan %40koa (jaurlaritzak %50ekoa izatea nahi du).
HEZKUNTZA: Astelehenean itzuliko dira ikastetxera DBHko laugarren mailako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasle gehienak. Hiru egun geroago izango da Lanbide Heziketako oinarrizko zikloetako lehen mailako ikasleen txanda.
ANTZOKIAK: Antzoki eta zine aretoek ateak ireki ahal izango dituzte. Espainiako gobernuak aforoa heren batekoa izatea nahi du eta jaurlaritzak %50ekoa izatea.