Saguzarren habitatak eta bertako zuhaitz espezieen basoa egokituko ditu Ataunek
Ingurumen proiektua hasi du Ataungo Udalak. Saguzar espezieak babesteko urmaela sortuko dute Aitxu aldean. Gaixotutako pinudi baten lekuan, bertako zuhaitzei lekua egingo diete
Ataunek dituen baliabide naturalak eta baso sail zabalak hobetzeko ekimena hasi du Ataungo Udalak. Ondare natural «garrantzitsua» dago udalerrian, eta 2020an eta 2021ean hiru proiektu garatuko dituzte, bertako habitatak eta fauna babesteko eta hobetzeko helburuarekin. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren eta Europako Eskualde Garapeneko Funtsaren kofinantzaketa eta diru laguntzarekin, Aralarko kontserbazio bereziko eremuan dauden herri lurretan egingo dituzte jarduerak.
Lehendabizikoa hasi berria da. Saguzar espezie ugari bizi dira Ataungo basoetan –10 mota katalogatuta daude, galtzeko arriskuan batzuk–, eta horiek babeste aldera bi ekintza gauzatuko dituzte: urmaela sortzea eta zuhaitzetan atsedenerako habia-kaxak kokatzea.
Agauntza herri-mendian hasi dira jada putzu hori sortzeko lanetan, materialak eramanda. Ur-geldiko xafla zabala eraikiko dute, sakonera txikiko urmaela. Saguzarrentzat ezezik, anfibioentzat ere leku aproposa bihurtuko da, proiektuaren sustatzaileen iritziz.
Bertako zuhaitz espezieak
Bestetik, xingola marroiaren gaitzak jota egoera kaxkarrean dagoen intsinis pinudi bat kendu, eta haren lekuan bertako zuhaitz espezieen landaketa burutuko dute. Bertako basoa berreskuratzea da helburua.
Hiru ekinbide horiei jarraipena egingo zaie aurrerantzean ere. Hitzaldiak eta mendi ibilaldi gidatuak egiteko asmoa daukate, eta udalaren webgunean informazioa jartzekoa.
Proiektuaren txostenaren arabera, Ataungo udalerriak dauzkan 58,4 kilometro koadroetatik %75 Natura 2000 sareko Kontserbazio Bereziko Eremuan eta Aralarko parke naturalean dago. Herri jabetzako 1.770 hektarea daude, gehienak babestutako guneetan: %48 basoz estalita dago, zuhaitz exotikoen landaketak %41 dira, eta mendiko larreak %11.
Ingurumen proiektuak Ataunen (2020-2021)
Urmaela
- Zer. Lurrazalean ur geldiko xafla edo putzu zabala eraikitzea.
- Non. Onura publikoko Agauntza mendian, Lizarrustiko baso aldean, Aitxu barrenean.
- Helburua. Pagadian hezegunea sortuta, anfibioek eta saguzarrek baliatuko dute.
Saguzarrentzat kutxak
- Zer. Saguzarrek atseden hartzeko eta elikatzeko 30 babes-kaxa artifizial jartzea.
- Non. Herri mendietako pagadietan, eraikiko duten urmaelaren inguruan distantzia ezberdinetara, zuhaitzetan.
- Helburua. Europako Habitat Zuzentarauak saguzar denak babesten ditu, baina Ataungo basoetan galtzeko arriskuan dauden 10 kiroptero espezie mehatxatu katalogatu dira.
Bertako basoa birsortu
- Zer. Xingola marroiak gaixotutako eta osasun-egoera txarrean dagoen intsinis pinudia kendu, eta zuhaitz espezie autoktonoekin bertako basoa berreskuratu.
- Non. 10 hektarea inguruko saila baso-berrituko da.
- Helburua. Basoko bioaniztasuna hobetzea.